Zaharrak Berri argazki zaharren ataleko iraileko argazkia Oriokoa da. Irudia 1967koa da, eta bertan herriaren ikuspegi zenitala ageri da. Gaur egungo paisaiarekin alderatuz gero, urteek aurrera egin ahala herriak izan duen bilakaera eta aldaketak nabarmenak dira.
Garai hartan, Orioko herrigunea txikiagoa zen, eta gaur egungo eraikin eta auzo asko oraindik ez ziren existitzen. Baratzeek eta nekazaritzarako lurrek presentzia handiagoa zuten herrian, eta arrantza orduko bizimoduaren erdigune zen. Izan ere, baxurako eta itsasbazterreko arrantza familia askoren bizimodua izan zen, eta Orio hogeita hamar arrantza ontzi inguruko herria izatera iritsi zen.
Industria ere presente zegoen. Esaterako, Arin y Embil enpresaren fabrika 1967an erabat erre zen, eta, ondoren, fabrika berria eraiki zuten orube berean.