Zaharrak Berri argazki zaharren ataleko urtarrileko argazkia Oriokoa da. Irudia 1946. urtekoa da, eta bertan, Orioko arraun klubak urte hartako estropada denboraldian lortutako garaikurren eta banderen bedeinkapena ageri da.
Duela hilabete bedeinkapen bera jaso zuten Orio Arraunketa Elkarteak irabazi dituen banderek. Hain zuzen ere, azken hiru urteetan 70 bandera irabazi dituzte klubeko neska-mutilek, baita Kontxako Bandera ere. Ohiturari jarraiki, azken Kontxatik hona irabazitako bandera horiek guztiak, alegia, azken hiru urteetako 70 horiek, atera zituzten Arraunetxetik, eta kalejiran, Bariko San Nikolas parrokiara eraman zituzten.
Irudiaren egilea ezezaguna da, eta Eusko Ikaskuntza webgunetik eskuratua da.