90 urte Pagoetako gurutzea jarri zutela

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Zenbait herritar Pagoetan, gurutzea jarri zuten egunean, 1935ean. (Zarauzko Udal Argazki Artxiboa)

Ekaineko argazki zaharra Aiakoa da. 1935eko uztailaren 2an jarri zuten Pagoetako gurutzea; harrezkero, ekaineko lehenengo igandean Pagoeta Eguna ospatzen dute Zarautzen eta Aian.

Pagoetara ibilaldia egiten duten mendizaleen artean ohitura bihurtu da tontorrera heldu eta bertako gurutzea ukitzea edota bertan taldeko argazkia ateratzea. Ekintza horiek helmugara iritsi izana ziurtatzen dute, modu batera edo bestera. Alabaina, gurutze zuri handi hori ez da beti gailur horretan egon; 90 urte beteko dira aurten gurutzea jarri zutenetik, hain justu ere.

Ekaineko Zaharrak Berri atalerako aukeratutako argazkiak 1935. urteko uztailaren 2koak dira, gurutzea jarri eta inauguratu zuten unekoak, alegia. Zarauzko Udal Artxiboan aurkitutako argazkietan ikus daitekeen moduan, herritar mordoa bildu zen inaugurazio ekitaldi hartan. Ordutik, ekaineko lehen igandean zarauztarrek eta aiarrek Pagoeta Eguna ospatzen dute, tontorreraino igoz eta jai giroan ospatuz.

Karmele Elola zarauztarrak egun zehatz hartako oroitzapenak kontatu zituen Ahotsak programan, 2005. urtean. Izan ere, gurutzearen inaugurazioan egon zen bera, 10 urte besterik ez zituela. Elolak gogoratu zuenez, euria gogotik egin zuen inaugurazio egunean; hala eta guztiz ere, festarako grina zegoela nabarmendu zuen. Txistuaren eta danbolinaren laguntzarekin dantza egin zuten, "korro handi batean jarrita".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide