Duela 2.500 urte inguru, Leontinoseko Gorgiasek esan zuen gauza ezberdinak direla errealitatea eta hitzak. Sekula ez nintzen horretaz jabetu, baina kontua agerikoa egin zitzaidan sofista ezagun horren arrazoiketa irakurri ondoren. Egia da: ez dira gauza bera kafeari botatzen zaion azukrea eta azukre hitza. Halaber, ez dute batere antzik boladatan sentitzen dugun minak eta min hitzak, ezta ere gure pozak eta pozik nago adierazpenak. Era berean, alde handia dago ekintzen eta hitzemateen artean. Dena den, onartuta ere sofista zaharraren planteamendua zuzena dela, ez al dugu sentitzen zerbait gaizki dagoela teoria horretan? Zergatik gertatzen zaigu hori? Bada, egiaz, ez dugulako hitzik gabeko bizipenik. Gorgiasen ateraldia asmotsua bada ere, ez dator bat gure eskarmentuarekin: adimen jolas hutsa da. Ume-umetatik ikasten dugu inguruko gauzek lotura dutela soinu jakin batzuekin, hitzekin. Hau harria da; hau, txakurra; hori, aita; hura, amona... Askotan badirudi ez dagoela soinu horietaz aparteko errealitaterik, edo hitzezkoa ez den mundurik.
Gorgiasi arrazoi puska bat kentzeko moduan gaude, beraz, nahiz eta funtsean zuzen zebilen. Hitzak gauza bat dira; objektuak, beste bat. Ados. Hitzak dira, ostera, errealitatera tinkoen lotzen gaituztenak, izendapen ororekin mundua geure egiten baitugu. Gurean, Txillardegik nabarmendu zuen hizkuntza bakoitzari mundu ikuskera bat dagokiola, hots, mundua egituratzeko eta ulertzeko modu zehatz bat. Zentzu horretan, esan daiteke estuki egiten dutela bat hitzek eta errealitateak.
Baina jar ditzagun oinak lurrean. Izan ere, hartutako ildoa egokia izan daiteke gure buruari eguneroko hautuez galdegiteko. Hitzak eta mundua hain lotuta badaude, lehenengoen erabilerak asko baldintzatuko du bigarrenaren egitura. Hori gauza soilenetan ere isla daiteke. Esaterako, Gaztañazpiren Errio-k, ibaia ardatz hartuta, ezin hobe erakusten du hori: zenbaitentzat, ibaia ez da ur masa mugikorra besterik; beste batzuentzat, aldiz, errio bera askotarikoagoa da, izen berezidun baserri, haitz, zulo, ur bilgune eta kanalek osatzen baitute. Adibide horretan garbi ikusten da hizkuntza aberatsak mundu aberatsagoa sortzen duela; eta, noski, berdina gertatzen da beste edozein eremutan.
Gure herrian bertan, berezko genituen zenbait hitz desagertu dira, izendatzen zuten mundua ere iragan denez gero. Haatik, badaude erabiltzen jarrai genitzakeen beste hainbat hitz edota esamolde. Nahiz eta urteak pasatu, uste dut jarrai dezaketela umeek jostatzen, eta moilan txondo eta murgil egiten; gauza batzuk galarazita egoten; gazteek –eta ez hain gazteek– ur aparretan bizitzen eta abar. Molde horiek erabiltzean –edo ez erabiltzean– ez gara soilik gure apetari bide ematen ari; kontrara, funtsean erabakitzen duguna da zein mundutan bizi garen.
Laburbilduz, gure hizkuntza hautuak gorabehera, desberdin azalduko zaigu mundua begien aurrean. Gainera, hori are nabarmenagoa da geroz eta ohikoagoak diren muturreko egokieretan, hizkuntzaren ezaxola nagusi denean. Izan ere –bat etorriko zarete nirekin–, ez dira mundu bera llenazo-ak edo betekada-k erasaten digunekoa; jende lokoa edo zoroa dagoenekoa; lagun sinsangrea edo gezak ditugunekoa; ezta ere moilan barkuak edo baporeak daudenekoa...