Inguruko norbait oporretara urruneko norako batera joaten zenean, beti txantxa bera egiten omen zuen gure aitona Joxe zenak: "Ez da hain distantzia luzea; mapan hamar zentimetro baino ez dira!". Dena den, jendearen azken oporraldiak ikusita, konturatu naiz neurketa hori oso motz gelditu dela. Izan Japonia, Kanada edo Zeelanda Berria, badirudi Lur planetaren ertzak txiki geratzen ari zaizkigula, hain da asegaitza gure urrutiratze grina. Horrek hausnartzera bultzatu ninduen. Zer zentzu hartu du bidaiatzeak azkenaldian?
Ez nazazue txarki ulertu. Ez naiz ari bidaiatzearen aurka, ezta, berariaz, joan-etorri luzeen kontra ere. Guztiz aitzitik: bidaiatzeak beti ekarri izan ditu onurak; askotan, ezustekoak. Hori ikusteko nahikoa da Antzinako Greziara jotzea, gure zibilizazioaren oinarrietara. Herri merkataria zen hura, geografikoki ondo kokatua, eta bertakoak asko mugitzen ziren Asiara nahiz Afrikara. Hasiera batean, beren bidaien helburu nagusia zen ondasun materialak trukatzea; aberastea, alegia. Nolanahi ere, harreman horiek laster sortu zuten beste mota bateko elkartruke bat: ideiena, pentsamenduarena. Hala, asko zor diogu bidaiari jendeari. Izan ere, antzinatik erakusten digute zeinen onuragarria den kanpoko usadioak eta ezagutzak gure egitea. Baina, oroz gain, kontuan hartzekoa da arestiko filosofoak eta zientzialariak beren herritik irten izan ez balira, beren jakintza hankamotz geldituko zatekeela. Beste modu batera esanda: sartaldeko mugetatik kanpo eginiko bidaia haiek aberastu zituzten gure kulturaren printzipio oinarrizkoenak.
Bidaiatzea estatus handiko kontua izan zen XIX. mendera arte, gutxienez. Klase altuaren adierazgarri ez ezik, pertsona kultuen eta jasoen ezaugarria ere bazen, hori baitzen modurik zuzenena mugaz kanpoko kulturak, jakintzak eta egoera soziopolitikoak ezagutzeko. Mendeetan zehar, jende frankok jaso ditu kanpoko fruituak, etxeko uztari txiro iritzita.
Hori guztia kontuan hartuta, nabaria da azken urteotan asko aldatu dela bidaiatzearen kontua. Europan irisgarri bilakatu da, zorionez, baina horrek sarritan ekarri du arinkeria. Hasieran nioenari helduz, badirudi gaur egun kontu garrantzitsuena dela ea nork botatzen duen harria urrunago; aldi berean, urrutiratze hori hutsala izaten da gehienetan. Pentsa: duela gutxi jakin nuen bidaia agentziak hasiak direla norako instagramgarriak (hau da, sare sozialetan erakusteko aproposak) saltzen. Horrek erakusten du egungo bidaiek ez bide dutela jakin mina eta kultura oinarri, baizik eta erakuskeria eta kontsumismoa.
Hala, datozen udako oporrei begira, komenigarria iruditzen zait bidaia eredu arduratsuagoak hautatzea, bidaia ororen balioa ez baita han edo hemen egote soila; kontrara, gakoa norbere izaerari eta gogoari egiten dion mesedean datza (entretenimenduari uko egin gabe, noski). Eta, esan gabe doa, etekinik handiena ateratzen du kontzienteki, jakin minez eta tokiko errealitatea errespetatuz bidaiatzen duenak. Aberats gaitzakeena ez da joan-etorria bera, bidaiari ematen diogun zentzua baizik.