Prestakuntza-programa berrikuntzari buruzkoa izango da eta ikastaroa egiten duten langabeek bono bat eskuratuko dute, aukera emango diena eskualdeko enpresetan lan egiteko. Enpresek Udal Elkartearen diru-laguntza jaso ahal izango dute prestakuntza-bono hori daukaten eskualdeko pertsonak kontratatzeagatik eta, beraz, programa honen bidez, eskualdeko langileek bertako enpresetan lan egiteko dauzkaten aukerak indartu nahi ditu Udal Elkarteak.
Berrikuntza aurreratua
Ikastaroaren gaia berrikuntza aurreratua izango da. Gaur egun enpresetako hautaketa prozesuetan gero eta gehiago baloratzen da berrikuntzarako ezinbestekoak diren konpetentzia, jarrera eta ezagutza zehatzak edukitzea: diseinatzaileen ikuspegitik pentsatzen jakitea, enpatia, ikaskuntza kolaboratiboa, sare sozialak, sarean lan egiten jakitea, bilerak digitalki egitea...
Ikastaroan konpetentzia eta ezagupen horiek landuko dira, edozein enpresa edo organizaziotan berrikuntza kudeatzeko beharrezkoak direnak.
4 modulu nagusi ditu ikastaroak:
- Eraldaketa digitala-IKT 2.0
- Zaintza teknologikoa
- Kudeaketa sistemetatik kudeaketa aurreraturantz
- Sormena eta ideiak kudeatzeko tresnak
Iraupena: 225 ordu.
Egutegia: urriaren 2tik abenduaren 5era.
Ordutegia: 9:30-14:30, astelehenetik ostiralera.
Hizkuntza: Ikastaroaren hizkuntza izena ematen dutenen arabera erabakiko da. Nolanahi ere den, materiala bi hizkuntzetan eskainiko da (euskaraz eta gaztelaniaz).
Parte hartzeko baldintzak: Prestakuntza Bonoen programan parte hartzeko, ezinbesteko baldintza izango da, batetik, eskualdean erroldatuta egotea (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia) eta, bestetik, ikastaroa egiteko unean nahiz kontratatzeko unean Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea.
Bonoa eta kontratazioa
Prestakuntza-programa egiten duen pertsonak “bonoa” eskuratuko du. Bonoa duen pertsona langabea kontratatzen duen enpresak diru-laguntza eskuratzeko aukera izango du.
Diru-laguntza hori enpresak eskatu behar du eta hari emango zaio. Diruz lagundutako kontratuak izan beharko du gutxienez 6 hilabetekoa eta lanaldi osokoa. Diru-laguntza izango da 3.000,00 eurokoa eta, hasieratik lan kontratu mugagabea egiten bada 7.500,00 eurokoa. Ikus xehetasunak deialdian:
Diru-laguntzen deialdia
Bigarren diru-laguntza lerroa: Enpleguaren sustapena: langabeak kontratatzeko diru-laguntzak.
Izen-ematea
Izena emateko aurkeztu behar dira eskabidea eta hainbat dokumentu (ikus webgunean).
Eskabideak aurkezteko epea amaituko da irailaren 28an.
Eskabideak eta dokumentuak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz) edo posta elektronikoz bidalita (harrera@urolakosta.eus).
Argibideak
Urola Kostako Udal Elkartea
Laneratzeko Zerbitzuak (Olaia Sainz)
Tel. 943 890808