Eraikin zaharreko egitura osoa sendotu du Udalak, ahal zen guztia mantenduz eta aldatu behar zena aldatuz. Egituraz gain, Udalak teilatua berritu du erabat eta kanpoko hormak ere txukundu eta indartu ditu.
Obraren kostua 139.771,55 eurokoa izan da, BEZa barne; aurreikusitakoa baino 35.000 euro gehiago. Kostua handitzearen arrazoiak hauek izan dira:
- Amiantoa zegoen eraikinean eta amianto hori kentzeko lanak egin behar izan dira.
- Eraikinaren egitura uste baino okerrago zegoen.
- Eraikinaren barrura argitasun gehiago sartzeko, teilatuan argizuloak irekitzea erabaki du Udalak.
- Errio aldera ematen duen fatxadan portxe gisa funtzionatuko duen atea egitea erabaki du Udalak.
Lanak Murgil Eraikuntzak egin ditu, Betilan enpresarekin.
Udalak eskerrak eman nahi dizkio Ramon Carrera oriotarrari, lanen fase honetan emandako laguntzagatik.
Udalaren asmoa da Mutiozabal ontziola berreskuratzea, bertan ontzigintza tradizionaleko jarduerak egiten segitzeko eta bisitagarria izateko. Datozen hilabeteotan zehaztuko ditu Udalak Mutiozabalen egingo diren hurrengo lanak.