Pier Paul Berzaitz zuberotarrak kultur etxean kantatuko du martxoaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko mar. 21a, 09:47

Argazkia: eke.eus

'Egunsentiaren kantak' diskoko lanak aurkeztuko ditu eta, horretarako, Joxan Goikoetxea musikari ezagunaren laguntza izango du. Kantaldia Udalak antolatu du aurtengo Korrika Kulturalaren barruan eta 22:30ean hasiko da.

Pier Paul Berzaitz Muskildin jaioa da, Zuberoan, eta ibilbide luzea egin du kantari gisa. Hasieran Guk taldean aritu zen kantari eta gero, berriz, bere bide propioari ekin zion. Bederatzi disko baditu eginak, hiru Guk taldearekin eta beste sei bere izenpean. 'Baratze bat' izenekoa du kanturik ezagunena.

Pier Paul Berzaitz izen handikoa da euskal kantarien artean eta proiektu musikal eta artistiko ugaritan parte hartu du Euskal Herri osoan. Hala ere, lehen aldia du Orion kantatzen.

Egunsentiaren kantak

Pier Paul Berzaitzen azken diskoa, 'Egunsentiaren kantak' izenekoa, Xabier Leteren 'Egunsentiaren esku izoztuak' liburuko olerkiekin osatua da eta horko kantak dira, nagusiki, kantaldian abestuko dituenak.

Joxan Goikoetxea eskusoinu-jotzaile eta ekoizlearen laguntza izango du Berzaitzek oholtza gainean.

Gonbita hartu behar da aldez aurretik

Kantaldirako sarrera doan izango da; baina, aretoaren aforoa mugatua denez, Udalak 100 gonbita jarri ditu eskura kultur etxean eta bertara joan nahi dutenek horietako bat hartu beharko dute, bertan eskatuta. Dagoeneko eska daitezke eta arin ibiltzea komeni.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide