Proiektu pilotu hartan Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxek parte hartu zuten eta, guztira, 400 ikasle ingururengana iritsi zen. Orion Ikastolako DBHko neska-mutilek parte hartu zuten proiektuan.
Orain, berriz, probako fasea pasata, UEMAko herri guztietara zabalduko da programa eta herri euskaldunetako dozenaka eskolatan aplikatuko da. Guztira, 4.000 ikaslek parte hartuko dute programan eta, beraz, zabalpen handikoa izango da.
Zaragueta eskolan eta ikastolan ere bai
Programa DBH3 eta DBH4ko ikasgeletan aplikatuko da ikasturtean zehar. Guztira, 6 saio egingo dira talde bakoitzarekin, bakoitza ordubetekoa.
Eskola bakoitzeko irakasleek landuko dituzte gaiak, aldez aurretik UEMAren prestakuntza jaso eta gero. Zaragueta eskolan irailaren 1ean jaso zuten irakasleek prestakuntza hori eta bertan aurkeztu zien UEMAk klasean erabiltzeko materiala.
Ikastolan, berriz, prestakuntza iaz jaso zuten, proiektu pilotuan parte hartu zutenean, eta bilera bat egitekotan dira laster UEMArekin, gaia berritzeko eta material berria jasotzeko. Izan ere, UEMAk materiala egokitu eta berritu egin du, proiektu pilotuan parte hartu zutenek egindako ekarpenak kontuan hartuta.
Gogoeta zabaldu herri euskaldunen garrantziaz
UEMAk zabaldutako datuek erakusten dutenez, herri euskaldunetako udalak euskaldundu egin dira azken hamarkadetan; baina, horrekin batera, paradoxikoki, udalerriak erdalduntzen ari dira, nabarmen.
UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea, arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Lan-ildo horren barruan bereziki garrantzizkoa da biharko gizon-emakumeak kontzientziatzea eta euskara berreskuratzeko beren jarrerak duen garrantziaz jabetzea.
'Hausnartu' saria
UEMAren proiektu hau Xabi Aizpurua Ugartek diseinatu zuen. Soziolinguistika Klusterrak urtero antolatzen dituen Hausnartu sarietan lehen saria irabazi zuen 2015ean Xabi Aizpuruak egindako lanak: Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia. Lan horretan oinarrituta prestatu du UEMAk Orion eta mankomunitateko beste herrietan aurten zabalduko den proiektua.