Harrigarria da horrelako salaketak argitaratzea informazioa kontrastatu gabe.
Ekologistak Martxan taldearen txostena okerrez josita dago eta Udalak ohar hau kaleratzea erabaki du, oker horiek zuzendu, argitu beharrekoak argitu eta benetako egoera zein den azaltzeko.
Txostenak nahas-mahas aipatzen ditu Orioko hiru eremu (Oribarzarko hondartza, Antillako hondartza eta Munto ingurua) eta banan-banan azalduko dugu bakoitzaren egoera zertan den.
Oribazarko Hondartza
Oribazar hondartza Oriako itsasadarraren ezker aldean dago, Orioko udalerrian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Txurruka aterpetxearen parean.
2010. urteaz geroztik hondartzen katalogotik kenduta dago, bainatzea debekatuta zegoelako bertan pilatutako lohia dela-eta.
Lohi hori aspaldian pilatutakoa da, Oria ibaiak urtetan garraiatutako sedimentu eta kutsaduraren ondorioz eta korrontearen eraginez. Zorionez, gaur egun Oria ibaiaren egoera askoz hobea da; baina lehendik pilatutako lohia han dago oraindik. Horregatik dago hondartza hori itxita joan deneko azken 6 urteotan.
Lohia garbitzeko eskumena estatuarena da; Itsasertzetako Zuzendaritzari dagokio. Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Itsasertzetako Zuzendaritzari lohia garbitzeko; baina, horrek daukan kostua handia dela-eta, ez du egin.
Nolanahi ere, garbi esan behar da Oribarzar hondartzan ez dagoela, txostenak dioenaren kontra, inolako isurketa industrialik. Kanpoko portua egitearekin batera ur zikinen sarea jarri zen eta hondartza ondoko eraikinek sare horretara isurtzen dute. Ur horiek Zarauzko araztegian tratatzen dira, herriko beste guztiak bezala. Bestalde, hondartzako harean pilatzen diren hondakin solidoak (gehienbat errioak ekarritakoak), beste hondartza guztietakoak bezala garbitzen dira aldiro-aldiro.
Azkenik, Oribarzarko hondartzan ez da ezer eraiki azken urte luzetan. Hori ere gaizki jasotzen du txostenak. Oribarzar hondartza inguruko eraikin bakarrak Txurrukako aterpetxea eta kantina txiki bat dira.
Antillako hondartza
1997. urtean egin zen Orioko Antilla hondartzako obren lehenengo fasea: udal kanpinetik 40 partzela kendu eta itsas bazterrean zeuden eraikuntzak eraitsi ziren. Horien ordez, 22/1988 Legeak ezarritako 100 metroko babeseko distantzia zainduz, berdegune publikoa egin zen.
Hondartzako Plan Partziala 1998an onartu zen.
2003an Plan horren aldaketa onartu zuen Udalak; aldaketa horren bitartez, proposatutako antolamendua hobetu zuen mugikortasunaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik.
Plana 2004-2006 urteetan exekutatu zen.
Planaren barruan Antilla hondartzan altxatako eraikuntza guztiek zurrun betetzen dute Itsasertzetako Legea eta baita Udalaz gaindiko gainontzeko arau guztiak ere. Plana onartzeko eskumena zuten erakunde guzti-guztiek plan horren aldeko txostena eman zuten.
Antilla hondartzako uraren kalitatea, 2016ko ekainaren 6ko azken neurketaren arabera, oso ona da, azken urteetan bezalaxe, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko link honetan egiaztatu daitekeen bezala:
Munto
Orioko Muntoko gunea Oriaren itsasadarraren eskuin aldean dago, lehendik garatuta zeuden Baxoalde gunearen eta Erriberak gunearen artean. Muntoko gunean 250 etxebizitza eraiki dira eta, horrez gain, Herri Ikastolaren eraikina, kirol-gune bat eta futbol zelaia.
Eremu horren garapenak Udalaz gaindiko erakunde eskudun guztien aldeko txostena jaso du. Itsasertzetako Legea zurrun betetzen du eta eraikuntzak itsas zorpeko eremutik 100 metrotara daude.
Eremua ez da urpegarria (inundablea), zonaldea garatzeko egin den eta erakunde eskudunek onartu duten estudio hidraulikoan argi geratu zen bezala. Hala adierazten dute, gainera, Eusko Jaurlaritzako URA agentziak publikatuta dituen urperagarritasun planoek.
Muntoko eremuaren hirigintza antolakuntzaren elementu estruktural eta xehakatu guztien gainean aldeko txostenak egin dituzte Orioko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko administrazioak (Itsasertzetako Zuzendaritzak), bakoitzak bere eskumenen alorrean.
Orioko Arkupe Merkatari eta Ostalarien Elkarteak bultzatuta, zenbait administrazioarekiko auzi-errekurtso aurkeztu dira Muntoko planaren aurka; baina, azkenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoek, hainbat epairen bitartez, ontzat eman dituzte Munto eremuaren hirigintza antolakuntzaren elementu estruktural eta xehakatu guztiak eta gaiari buruz herri-administrazioek emandako aldeko txosten lotesle guztiak.
Epai horiek guztiak irmoak dira eta edozein herritarrek dauzka eskura Orioko udaletxean.
Ura agentziaren urperagarritasun plana, non ikus daitekeen Muntoko gunea ez dagoela zona urperagarrian.