Jai eginaz eta jaietan parte hartuz gozatzen dugunez, eta sanikolasetako erantzun bikaina ikusita, lanean jarraitzeko ilusioa areagotu zaigu. Herriko kaleak urte osoan alaitu nahi ditugu ekitaldiak nahiz festak antolatuz. Horretarako, ostegunero biltzen gara, 19:30ean, Gazte Asanbladaren lokalean, gazte mugimendua indartzeko eta herriaren arazoei aurre nola egin eztabaidatzeko. Ateak zabalik dituzu.
Festetan lan asko egin dugu, aurretik adina, eta balorazioa positiboa da. Salaketa bakarra: beste herrietan pankartek herriaren aniztasuna erakusten duten bitartean, Orion, alkateak informazio eta protesta eskubidea ukatzen digu. Bere esplikazioa: zerrikeria dira. Baina, jakina, banderen bedeinkaziorako jarritako pankarta eguna pasa eta ia beste bi astez zintzilik egotea… hori ez da zerrikeria, eta ez du kentzeko agintzen. Egindako lana, besterik gabe, zapuzteak min ematen du eta, ahal den neurrian, ez dugu onartuko.
Eta bestelako kexekin jarraituz, zera esan:
1. Informazio objetiboa nahi dugula herrian, ez alderdi baten aurpegia garbitzeko besterik balio ez duen panfleto bat. Hortaz, ez dugu Plaza aldizkaria nahi.
2. EAJren megaproiektu txikitzailearen (AHT) aurkako mobilizazioetan nahiz beren eskubideen alde borrokan auzitara edota zulora bidaltzen ari zaretenon aldeko ekintzetan parte hartzeko eskatzen dizuegula herritarrei.
ORIOKO GAZTE ASANBLADA