Gaztetxearen aldeko sinadura bilketa —apirilaren 4tik 26ra—

Erabiltzailearen aurpegia OKK gazte asanblada 2009ko api. 6a, 19:43

400 sinadura baino gehiago bildu ditugu dagoeneko; sinatu zuk ere!

Gogoan dugu oraindik, 2008ko irailaren 26an, gazte festetan Etxeluzea eraikinean egin behar genuen okupatzeko ahalegina. Okupatu ordez, egun horretan, festak Udalarekin negoziatzen hasi genituen eta bilerara agertu ziren alderdi guztiek, denak EAJ izan ezik, beren babesa eman ziguten; baita etxejabearekin tratua egin ere. Bileraren ostean, 200 inguru gazte bildu ginen Etxeluzea parean, gazteok behar dugun gaztetxe auto-kudeatua aldarrikatzen.

Urte erdia pasa da egun hartatik eta egoera ez da asko aldatu. Bilerak egiten jarraitu dugu, gazteok gauzak antolatzen jarraitu dugu… eta Udalak beti bai esaten digun bitartean, guk kalean jarraitzen dugu, oraindik. udaleko Bulego Teknikoak Etxeluzea eraberritzeko 450.000€ko aurrekontua egin zuen. Bai Udalari eta baita OKK-ri ere, gehiegi iruditu zitzaigun eta, horren aurrean, prozedurak ez zuen aurrera egiten. Bileretan gaztetxea industria gunean egitea proposatzen zen bitartean, gu aurrekontua beheratzeko lanean hasi ginen. Etxejabearekin eta herriko igeltsero batekin harremanetan jarri, etxea ikusi eta aurrekontua egin genuen; 200.000€.

Aurrekontu hori udaletxean aurkeztu genuenean, negoziaketetan aurrera egitea lortu genuen. Udal ordezkarien eta OKK-ren artean, ondorengoa adostu genuen: Herrigunean, ahal bada Etxeluzian, Orioko gazteok auto-kudeatutako gaztetxe duin bat sortzea, segurtasun eta higiene baldintza guztiak betetzen dituena eta parte hartze eta adierazpen aske eskubideak bermatuko dituena.

Azken puntu horretara iritsita, bazirudien gaztetxea laster sortuko genuela, baina denbora aurrera doa eta… oraindik kalean. Horregatik eskatzen dugu gaur zure sinadura, gaztetxeak herriaren babesa duela erakusteko Udalari. Gazteok gaztetxea behar dugu biltzeko, gure proiektuak gauzatzeko, ezinegonak asetzeko eta irudimena lantzeko.

Sinatu, aldarrikatu eta eman hitza.

IZAN HAZIA ERNALTZEN DUEN LEHEN TANTA…

…UDABERRIAN GAZTETXEA LORATU.

okk logoa

Orion, 2009ko apirilaren 4an

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide