Urteak dira Orioko gazteok gaztetxearen aldeko aldarriak eta ekimenak antolatzen eta burutzen ari garela. 2008ko irailean hasi ginen, ordea, gaztetxea lortzeko benetako urratsak ematen, gazte festekin batera.
Udaleko ordezkaritza batekin bildu ginen orduan OKK gazte asanbladako kideak. Bertan, EAJkoak ezik beste talde politiko guztietako zinegotziak izan ziren.
Lehen hartu-eman hartan, bertaratu ziren guztiek erakutsi zuten gaztetxearen aldeko jarrera eta gazte festa arrakastatsuak amaitu ondoren ere beren jarrera berretsi zuten.
Gerora, ordea, dirudienez, jarrera hori eta gaztetxea sortzeko gogoa itzaltzen joan dira, gehienen aldetik luzamenduak besterik ez baititugu jaso. 456.000 euroko aurrekontua pasa ziguten Etxeluzea konpondu eta prest jartzeko lanengatik eta guk 200.000 euroraino jaistea lortu genuen, herriko gremioetara joz.
Berriz ere gaztetxea eskura geneukala zirudienean arren, luzamenduak beste behin ere, gaur egun Udalak oraindik ez baitu gai honekin lotutako aurrera pauso bakar bat ere eman. Beraz, jendaurrean aitor dezakegu blokeo egoera batean dagoela gaztetxearen gaia.
Horregatik, OKK gazte asanbladakoek herriari babesa eskatzea erabaki genuen, apirilean, sinadura kanpaina bati hasiera emanez. Herrian gaztetxearen sorrerak duen babesa neurtzea eta adin eta pentsakera guztietako jendearen atxikimendua lortzea ziren egitasmo horren helburuak.
Eta lortu dugu, gaur 1.115 sinadura baititugu esku artean. Orioko mila eta piku lagunek gaztetxea beharrezko tresnatzat jotzen dutelako Orion, gazteok gure aisialdia antolatzeko leku fisikoaz gain, herriari bizia emango dion tresna izango baita gaztetxea.
1.115 sinadura, azken udal hauteskundeetan Orioko edozein alderdi politikok lortutako boto kopurua baino gehiago eta, beraz, udal zinegotziek legitimitate osoz Oriori buruzko erabakiak hartzen badituzte, guk oraindik eta legitimitate gehiagoz exijitzen dugu gaur gaztetxearen sorrera.
1.115 pertsona horiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, gugan konfiantza jarri eta sinadura eman digutelako. Zorionak baita ere, Oriorentzat aurrera pauso nabarmen izango den gaztetxearen sorrera bultzatu dutelako. Benetan mila esker!
Prentsa agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu ere, talde politiko guztiekin biltzeko ahalegina egingo dugula iragartzeko. Datorren astean jarriko gara kontaktuan beraiekin, luzamenduak utzi eta behingoz gaiari behar den bezala heltzeko garaia delako, eta herritarren zati handi batek horrela eskatu duelako.
Konpromiso zehatzak lortzera eta atzera-ezin bihurtuko den dinamika zabaltzera goaz, Oriok merezi duelako.
GAZTETXEA ORAIN!!!!!!
Orion, 2009ko maiatzaren 9an
O.K.K. GAZTE ASANBLADA