Eskerrik asko, Orio

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Atletismo Taldea 2025ko uzt. 26a, 09:00

Artxiboko irudian, Aitor Rubio eta Kamel Ziani.

Honako iritzi artikulua plazaratu du Orioko Atletismo Taldeak ekaineko Aia-Orio Guka aldizkarian, Akuilua hartuta iritzi atalean.

Eskerrik asko Orio, eskerrik asko herriari. Horrela hasi nahi genuen atala, eskerrak emanez. Gure taldekide Kamel Zianiri errekonozimendua egin diote bere ibilbideagatik. Horrez gain, Orioko Atletismo Taldeak (OAT), Aitor Rubiorekin eta Kamel Zianirekin batera, Mirotza saria jaso du. "Hunkituta sentitzen gara herriak eman digun aukeragatik. Urte asko izan dira goi mailako kirolari bezala egindakoak, eta orain beste etapa batean, taldearekin eta Aitorrekin, esperientzia berri askorekin ari naiz asetzen", esan du Zianik.

Judoaren mundutik zetorren Ziani; pisua galdu behar zuen bere mailan lehiatu ahal izateko, eta hala egin zituen lehen pausoak korrika. Lehen lasterketa irabazi zuen korrika, eta oriotar batek gaitasun onak zituela esan zion. Hari esker, lehen kontratua iritsi zitzaion, baita lehen entrenatzailea, lehen garaipenak... ere. Korrika 21 urteko ibilbide oparoa egin du: Europako hiru txapelketatan parte hartu du, baita munduko beste hiru txapelketatan ere. Gainera, Olinpiar Jokoetan bitan izan da erreserba –hiru izaten dira sailkatuak eta beste bat erreserba–.

Rubio, berriz, futbol mundutik zetorren. Korrikarako grina hasi zitzaion pixkanaka, eta modu autodidaktan joan zen pixkanaka ikasten. Bera ere erreferentea da herriko gazteentzako, eta haren denborak ez dira atzean geratzen: 02:32 maratoian, eta maratoi erdian, berriz, 01:11. Grina eta bihotza jartzen ditu Rubiok lasterka, eta seme-alabek ere aitaren pasioa jaso dute; Xabatek eta Xarek, biek etorkizun polita dute aurretik. "Oriotarra izanik, ohorea da Mirotza saria jasotzea, kolore horia beti izan baitut odolean", esan du Rubiok.

Ez dugu gezurrik esango, ez da erraza izan honaino iristea, bidean galdu ere egin gara, baina beti ilusioz eutsi diogu. Herriarentzako egiten dugu lan, gure hurrengo belaunaldiak kirolarekin uztartutako herri batean hazi daitezen. Herrian ez zegoen korrikako talderik, ezta korrika ibiltzeko instalaziorik ere, baina jende ugari bai korrika. Beraz, zergatik ez sortu lasterketa talde bat herrian?

Rubiok Zianiri sartu zion berriz korrika egiten hasteko grina, eta hala sortu zuten Orioko Kamel Ziani atletismo taldea. Ilusio horrekin hasi genuen kirol elkartearen bidea 2018. urtean. Biak ziren korrikalari amorratuak, eta, nolabait, kirola jende gehiagorengana iritsarazi nahi zuten; lana gogor egin zuten ilusio hori errealitate bihurtu zuten arte.

Gaur egun, OAT 105 pertsonaz dago osatuta. Batzuek afizioz egiten dute korrika, eta beste batzuek, berriz, lasterketak dituzte gustuko. Dena den, pertsona bakoitzak bere entrenamenduak eta bere helburuak ditu. Horrez gain, atzerrian ere baditugu korrikalariak; Iñigo Exposito Frantzian eta Martin Iriondo eta Xunahi Huegun AEBetan.

Gaur egun, 7 urtetik 63 urte bitarterako kideak ditugu taldean. Ez dago taldera batzeko gutxieneko adinik, ezta adin mugarik ere; denak dira ongietorriak. Guretzako politena jendea hazten ikustea da, adin ezberdinetako jendearen artean sortzen den lotura ikustea; izan ere, pasio baten loturak sortzen duena ederra da. Horregatik, korrikazale oro animatu nahi dugu gure taldera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide