Larunbatean eskubaloiko infantil neskek Oñatin jokatu zuten 2016ko azkenengo partidua. Oñatiko taldea ere goiko postuetan kokatuta dagoenez, partidua erakargarria zen.
Batzuentzat bidaia luze eta desatsegina izan zen larunbatekoa; beste batzuentzat iazko partiduaren oroitzapen txarrek mikaztutako partidua., aurretik, partidu zaila izango zela uste baitzuten. Hasieran horrela izan zen. Lehenengo zatian golak gutxi izan ziren; partidua hotza zen, bertako tenperatura bezala. Atsedenaldia 6-6 berdinketarekin amaitu zen. Atzean fin ari ziren baina aurrean kosta egiten zitzaien erabakiak hartzea.
Bigarren zatian lasaiago irten ziren eta horrekin batera jokua arindu egin zuten. Atzean sendo mantendu ziren eta horrek baloia azkar igotzea posible egin zuen, modu horretan markagailuan errenta sortuz eta amaiera arte handitzen joan ziren, azken emaitza 12-17 izanik.
Lehenengo txanda hau amaitzeko partidu bakarra geratzen zaien honetan, entrenatzaileak oso positibo baloratzen du orain arte egindako lan guztia. Taldea beti prest dago aurrera egiteko, gauza berriak ikasteko eta entrenamenduetan oso-oso serio entrenatzen dute. Aurten 5 dira taldean dauden gazteak eta horiek ere oso ongi barneratu dira taldean eta hilabete gutxi hauetan aurrerapen izugarriak egin dituzte. Taldea une honetan oso sendoa da, gogotsu egiten du lan eta partiduak horren isla dira.