Agian, eman dezake Orio Eragin eskubaloi taldea oso errotuta dagoela herrian eta taldeak ibilbide handia duela, baina bost urte bete berri ditu, eta seigarrenari ekin dio klubak aurten. Urte gutxi dira, beraz, infantil mailako bi talderekin bidea hasi genuenetik. Egiari zor, hazkundea oso nabarmena izan da, eta gaur egun, 200 jokalari inguru ditugu klubeko hainbat taldetan banatuta. Hori guztia aurrera eramateko behar den azpiegitura ere izugarri handitu da, eta askotan ez gara iristen nahi genukeen bezala denera. Bidea ez da beti erraza izan, baina beti sentitu gara babestuta, asko izan direlako gurekin bidea egin duten pertsonak. Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu jokalariei, haien jarreragatik eta klubaren bihotza izateagatik. Eskerrik asko, entrenatzaileei ere, beraien dedikazioagatik eta pasioagatik. Eskerrik asko gurasoei, emandako konfiantzagatik eta babesagatik. Eskerrik asko, klubean lan egiten duten guztiei: arropa taldea, ikus-entzunezko taldea, delegatuak, kiroldegiko langileak, udala... Zuetako bakoitzak jarritako aletxoari esker jarraitzen dugu aurrera. Ez gara ahazten, arrazoi ezberdinengatik bidean geratu diren edo beste bide bat hartu duten jokalariekin, entrenatzaileekin... Horiekin guztiekin. Denekin asmatu ez arren, eskerrak eman nahi dizkiegu haiei ere.
Guretzat kirol emaitzak baino askoz ere garrantzitsuagoa da hainbeste neska eta emakume kirolaz eta, gure kasuan, eskubaloiaz gozatzen ikustea. Hortaz, esan dezakegu gure garaipenik handiena 200 jokalari astero martxan jartzea dela. Bai, 200. Jakin badakigu jokalari kopuruak gora eta behera egingo duela, baina hasierako infantil mailako bi talde haiek hamar taldetan eta Eragin Eskolan bihurtu izana da guretzako indarra. Orain dela sei urte hasi ziren jokalari haietako batzuk dagoeneko senior mailan aritzen dira. Hori da benetako lorpena: txikitako jolasak eta kirol ohiturak errotzea eta bizitza osorako ohitura bihurtzea. Herrian askotan eskatzen digute mutilen taldeak ateratzeko, baina egungo egoeran ezinezkoa zaigu. Etorkizunera begira ez ditugu ateak ixten, baina orain ez ditugu horretarako behar diren baliabideak: entrenatzaileak, instalazioak...
Urte intentsoak bizi izan ditugu, baina bidea hasi besterik ez dela egin pentsatzen dugu, eta baditugu hainbat erronka aurre egiteko, hala nola jokalarien gozamena eta hazkundea sustatzea, azpiegiturak hobetzea eta gure balioak zein filosofia zabaltzea.
Igaro ditugun urteez hausnartzeko eta etorkizunera begiratzeko unea da. Jarrai dezagun Eragi(n)ten!