"Guk, Euskal Nazioa. Independentzia!" lemapean EAE-ANVk Euskal Herri osorako egiten ari den kanpaina eta manifestua gure herrira ekarri du.
Urriaren 12an Iruñean iragarri zen bezala, EAE-ANVk martxoan egingo diren Espainiako Gorteetako hauteskundeetan parte hartuko du. Independentziaren aldeko mezua Espainiara eramateko konpromisoa hartu dugu, Euskal Herria nazioa dela adierazi eta Euskal Estatua sortzeko bidean bat egiten dugun guztion ahotsa entzunarazteko.
Gure ustez, PSE-EE eta EAJ alderdiek gatazka politikoa gainditzeko prozesuari ezezkoa eman eta gerra estrategikoaren bideari heldu ondoren, zurrunbilo egoera batean murgildu dute Euskal Herria.
Egoera horretatik atera asmoz, Ezker Abertzaleak, egindako bake proposamena berretsi du: "Euskal jendartearen gehiengoak nahi bezala, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzea gakoa izango da eta bide horretatik Marko Demokratiko baterako jauzia emango du."
Marko horrek "proiektu politiko guztiak berdintasunean" defendatzeko bidea irekiko zuen eta horrek, "biolentzia gabeko eskenatokia" ekarriko du berekin.
Hariari jarraituz, Orioko EAE-ANVko udal taldeak datorren larunbatean, abenduaren 22an, eguerdiko 12:00etan Herriko Plazan "Guk, euskal nazioa. Independentzia!" lemapearen aldeko aldarrikapena egingo du. Bertan, txalapartariekin batera manifestua irakurriko da eta hurbiltzen diren guztiekin atxikimenduak bildu eta argazkia aterako da.
Indarrak biltzeko garaia delako, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron esku egon arte!