Torturarekin amaitu behar dugu

Gorka Lupiañezen testigantza ezagutu berri dugu: bost egunez luzatzen diren tortura basatiak. Orain, berriz ere, kasu beraren aurrean gaude, Igor Portu gazteak, hospitalean, egoera larrian, Guardia Zibilen eskutan 17 ordu igaro ondoren. Berarekin batera, atxilotua izan zen Mikel Sarasola, golpe nabardurak agerian zituela, Madrilera bidean Grande Marlaska epailearen aginduz.

Horrela erabaki du espainiar Estatuak, horrela agindu du PSOEren Gobernuak, horrela bete du Guardia Zibilak. Eta horrela ezkutatu dute komunikabideek, beste alde batera begiratuz, PNVren sokakoek, ezer gertatu ez balitz bezala.

Jakin, badakig,u zertara datorren orain, zehazki orain, tortura teknika basatienak berreskuratzea. PSOEren Gobernuak Independentismoaren aurka darabilen estrategiaren zati bat da, etengabe kolpatu, izua zabaldu, itxaropena lapurtu nahi digute. Eta badakigu zer ekartzen duen tortura salaketak isilarazteak, tortura kasu berriak.

 

"Saihetsa apurtua, birika zulatua eta gorputza ubeldua eta puztua, Igor Portu ETAko ustezko kidea tortura zantzu nabarmenekin ingresatu zuten atzo goizaldean, Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, Guardia Zibilak atxilotu zuenetik hamazazpi bat ordura. "

Donostiako Auzitegiko guardia epaitegiak ikerketa zabaldu du, aurretiazko eginbideen bitartez, Porturen lesioak direla eta. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren arabera, atxilotu zutenean zauritu zuten Portu, ihes egiten saiatu zenez guardia zibilek «indarra erabili behar izan zutelako». Igor Portuk berak, ordea, gorputz osoan ukabilkadak eta ostikoak eman dizkiotela azaldu zuen ospitalera heldu zenean, txosten medikoak dioenez.

Martin Sarasola, ordea, Grande Marlaska epailaren aginduz, Madrilera eraman dute. Berak kontusio larriak azalten zituen gorputz osoan. (Berria. 2008-01-08)

Ezin dugu jasan basakeria gehiago. Ezin duzu onartu errepresio lazgarri hau.

Horregatik, gure esku dagoena egin behar dugu. Testigantza eta salaketa jarri behar dugu mahaiaren gainean, ikusi nahi ez dutenek ere ikusi dezaten, denon erantzukizuna baita. Inork ez dezala esan ezagutzen ez zuela. Tortura hauen atzean dagoen ardura kate luzea salatu behar dugu, baita beste aldera begiratzen dutenen jarrera ere: Torturaren aurrean zer egiteko prest zaude/zaudete?

Torturarekin amaitzeko bide polizial eta errepresioa oinarri duten estrategia guztiekin amaitu behar dugu.

Torturarekin amaitzeko eskenatoki demokratikoa behar dugu, gatazkaren konponbidea ekarri eta euskal herritar gisa gure eskubideak bermatuko dituen eskenatoki demokratiko bat.

Adi egon mobilizazioei!  TORTURARI STOP!

Informazio gehiago nahi baduzu:

www.eae-anv.org

www.stoptortura.com

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide