Lehengo asteartean ez-ohiko udalbatzarra izan zen Orioko udaletxean. Ez ohiko gaia, ez ohiko jendetza, baina zoritxarrez, ohiko EAJren jarrera. Jada, zinegotziok eta herritarrok normaltzat ematen baitugu Jon Redondo alkatearen jarrera.
Berriro ere, alkateak muzin egin zion herritarren deiadarrari eta aurrera eraman zituen bere eta EAJren asmo atzerakoiak. Zeren, benetan atzerakoitzat jotzen dugu astearteko Udalbatzarrean onartutako “Muntoko Plan Partziala.
Baina, jakina denez, EAJk gustuko ditu adreiluak eta ez hain gustuko, herria eta herritarren beharrak. Horren ondorio zuzena herritarrek asteartean jasan behar izan zutena: hitz egiteko eskubiderik gabe, beraien haserrea adierazteko gutxi eta gainera kontrolatuak.
Hala ere, desagixatu honetan EAJ ez zen bakarrik egon, izan zuen bai beste bi alderdien laguntza ere. Alde batetik, EAJren sustatzaile tinkoa bihurtu den EAko ordezkari Eugenio Cotado, eta beste aldetik, legealdi honetan EAJk aurkitu duen morroi zintzo eta leiala Jesus Rodriguez, PSOEko ordezkaria. Biak ala biak, EAJren interesekin bat eginda, eta herritarren interesen aurka. Makina bat ikusteko jaio gara!
Hala eta guztiz ere, ez ziren gauzak horrela amaitu. Zeren udalbatzarra bukatu ondoren, gazte batzuk pankarta bat jarri nahi zutela-eta (zer delitu dago?), udaltzainekin eztabaidak izan ostean, azken hauek Ertzaintzari deitu zioten. Ertzainak etorri, etorri ziren (beltzak eta gerrarako prestaturik) eta hainbat gazte eta bi zinegotzi identifikatu zituzten taberna batean. Hori egin ondoren, ezer gabe, alde egin zuten. Alkateak bazekien zer gertatzen ari zen, baina azaldu al zen? Ba, ez. Nola ba? Azken finean, gazte batzuk besterik ez ziren.
Hau da, hau dugu, Orioko alkatearen jarrera irekia, hurbila eta demokratikoa.
Alkatearen azken adierazpenei erantzunez.
Azken egunean plazaratutako prentsa oharrean, gertatutakoa manipulatu eta gezur borobila bota du gure alkateak Udalaren izenean: “oriotar batzuren” eta udaltzainen artekoa tirabira eta hika-mika gogor bat besterik ez zen izan; eta inolaz ere ez ziren bi zauritu egon. Egia esan behar badugu, alkate horren jarrera tiranikoa udaltzaingoa bere esanetara eta bere nahi pertsonaletara eramaten ari da azken boladan, polizi pertsonala balitz bezala eta ez herrikoia. Ondorioz, oharrean dioenez, udalbatzarrean gertatutakoa berriro ez gertatzeko behar diren neurriak jarriko ditu. Zein neurri? Polizia gehiago? Ateak gehiago itxi herriari? Noren izenean? Udala ez da alkatearena bakarrik, alkatea bera, soilik, ez da Udala. Aginte gosea bururaino igo zaiola eta gerente prepotente bezala (udala enpresa pribatua balitz bezala) jokatzen duela uste dugu. Hori ez da bidea, horrelako jarrerarekin herrian dagoen egoneza eta haserrea areagotzea besterik ez du lortuko. Errespetua aldarrikatu beraientzat (EAJrentzat eta beste zinegotzi laguntzaileentzat) eta herriari zor zaiona ahaztu. Argi dago noren interesak kudeatzen dituten eta hauek guztiak herri honen aurkakoak dira. Eta gero guri azalpenak eskatuko dizkigute! Eta gero, gure bozka eskatuko digute!