ILEGALIZAZIOEN AURREAN

Salbuespen egoerari STOP!

         Francok 1939ean bezala, Espainiako Epaitegi Gorenak, EAE-ANV alderdi historikoa legez kanpo utzi du, nahiz eta oso argi geratu den inolako argumentu juridikorik ez duela. Alderdi zaharrarekin batera, EHAK alderdia ere ilegalizatu egin du. Erabakia politikoa izan da. Epaileak politikoen jostailu besterik ez direla agerian geratu da.

 

         Ilegalizazioen helburuak oso garbiak dira: Euskal Herriaren eskubideen aitortzan oinarritutako aldaketa politikoa galarazi, zatiketa, ukazioa eta menpekotasuna iraunaraziz. Azken finean, ezker abertzalearen proiektu politikoa galarazi, eta aldi berean, beraien negozio eta txantxulloak bermatu.

 

         Orain arte bezala, Euskal Herriaren eskubideetan oinarritutako Marko Demokratikoa aldarrikatzen jarraituko dugu, ezker abertzalearen proiektu politikoari ateak zabalduko dizkiona eta gatazkaren soluziobide demokratikoa ahalbideratuko duena.

 

         Egoera larri honen aurrean, guk argi azaldu nahi dugu, oztopo guztien gainetik, jazarpen judizial, ilegalizazio, espetxeratze...-en gainetik, Orioko Herri Programa defendatzeko konpromisoa berresten dugula, eta ezker abertzalearen udal taldearen bulegoko ateak zabal-zabalik izango direla, orain arte bezala.

 

         Hau guztia, bizi dugun salbuespen egoeraren beste urrats bat gehiago da, beti ere Euskal Herriaren kalterako. Lanean jarraituz, denon artean lortuko dugu.

 

Orioko Ezker Abertzaleko Udal Taldea.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide