Martxoaren 1ean Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako herritarrok Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ditugu. Dudarik gabe, hauteskunde hauek oso garrantzitsuak izango dira herri honen etorkizun hurbilerako, izan ere, lehendakaritza nork eskuratu baino, hemen jokoan dagoena da herri hau eskenatoki demokratiko baterantz hurbildu edo urruntzen dugun.
Euskal Herrian Lizarra-Garazirekin batera, aldaketa politikoaren nahia eta beharra inoiz baino argiago azaleratu ziren. Hau da, Euskal Herriak duela hitza eta erabakia, edo beste modu batera esanda, Euskal Herriak eskubidea duela libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko, eta bi Estatuek hori errespetatu behar dutela. Horixe da gatazka politiko eta armatua konpontzeko gakoa. Eta horretarako elkarrizketa eta negoziazioa dira bidea.
Eta hain zuzen, helburu horren baitan aurkezten da Demokrazia 3 Miloi- D3M hautes elkartea hauteskunde hauetara: Lizarra-Garazin oinarri ziren aldaketa politikorako baldintzak indartzeko, eta modu horretara, eskenatoki demokratiko bati ateak zabaltzeko, non euskal herritar guztiok proiektu politiko guztien artean, baita independentziarena ere, aukeratzeko eta, horren ondorioz gauzatzeko, eskubidea izango dugun.
D3M bokazio horrekin jaio da: demokraziarik gabeko egoera hau (erabakitzeko eskubidea ukatua eta salbuespen egoera gordina) atzean uzteko eta etorkizunari begiratzeko.
Baina, horretarako ezinbestean zure sinadura behar dugu:
- Zure sinadura, alderdien legea atzean uzteko
-Zure sinadura, alderdi politiko guztiek hauteskundeetan parte hartzeko aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea dutelako
- Zure sinadura, eskenatoki demokratiko bati ateak zabaltzeko
Orioko udaletxean ere zure sinadura eman dezakezu.
Egunak eta ordutegia:
- Urtarrilaren 13tik 23ra bitartean:
astelehenetik ostiralera 8:30-14:30;
larunbatean (urtarrilaren 17an) 10:00-13:00