Aurrera begira! Demokrazia Euskal Herriarentzat

“Inork irakatsi gabe askatasuna maitatzen ikasten denean,askatasuna ahaztezin bihurtzen da gure barnean”. Gure herria maitatzea delitua den honetan, Euskal Herria une historiko batean aurkitzen dela ezin uka. Duela 30 urte Espainiako botere faktikoek PNVren kolaborazioaz, gure aberria zatikatu eta autonomismoaren marko juridiko politikoa inposatu ziguten. Era berean, Frantziako Estatuak etenik izan ez duen kolonizazio eta asimilazio politika egunez egun  jorratu du Euskal Herriaren aurka.Biek ala biek helburu argi batekin: Euskal Herria desagerraraztea. Hala ere, Ezker Abertzalearen eta herri sektore zabalen borrokak, gure herria aldaketa politikoaren atarira ekartzea lortu du. Une goxo eta mingotsez beteriko bide luze eta gogorra izan bada ere, borrokak merezi duela argi dugu. Izan ere,egun,  Euskal Herrian gehiengo zabal batek Euskal Herria badela, zazpi lurraldez osaturiko herri bat garela, eta erabakitzeko eskubidea dugula onartu eta aldarrikatzen du. Eta horretarako,  proiektu politiko guztiak gauzatzeko ,independentzia barne, aukera berdintasunean oinarritutako marko demokratiko bat aldarrikatzen du.

Gako hauetan ulertu behar ditugu azken hilabeteetako jarduera errepresibo bortitzak: ehunka atxiloketa,torturak,ilegalizazioak,eskubide politiko eta zibilen zapalketa… Espainiar Estatuak estrategia faxista,  errepresiboarekin, erantzun die herri honen aldaketa nahiei. Azken finean, aldaketaren motorra den independentismoa indargabetu eta aldaketarik gabeko aldaketa baten bidez  mendetasunaren markoa iraunarazi nahi dute. Eta  horretan ari dira PSOE-PSE eta PNV eskutik hartuta. Herri honi askatasunerako bide guztiak itxi eta  Euskal Herriaren  zatiketan oinarritutako neoautonomismoa gauzatzeko hautua egin dutelarik.

Bada, martxoaren 1ean Araba,Gipuzkoa eta Bizkaian egingo diren hauteskundeetan jokoan dagoena honakoa da: Euskal Herria, frantziar eta espainiar konstituzioen baitan kate motzean loturik mantentzea (PSOE-PSE eta PNVren) hautua,IRAGANA, ala behin betikoz independentziari ateak ireki eta gatazka politikoari behin betirako konponbidea ematea,ETORKIZUNA. Eta horretarako ezinbestean indarrak bildu eta polo independentista herritarra eratu behar dugu. Gure Herria eraikitzea eta jendarte eraldaketa helburu dugunontzat ezinbestekoa da Euskal Herriari eta herritar orori dagozkigun eskubide politiko, linguistiko, kultural, ekonomiko eta sozialen aitortza eta bermea eskuratzea. Ezinbestekoa dugu Euskal Estatuaren bidean indarrak bildu eta urratsak ematea. Euskal Herria etorkizunean baldin bada, estatu subirano baten bitartez soilik izango delako.

Azken urteak ere oso gogorrak izan dira; oriotar askori eskubide sozial eta politikoak ukatu zaizkigu  beste hainbat euskal herritarroi ukatu zaizkien bezalaxe. Baina asko ikasi dugu eta garatu egin gara.Ezker Abertzalea hauteskundeetan egongo da  instituzioetan politika egiteko. Gure helburua herriarentzat ezkerretik eraikitako proiektua gauzatzea da eta horretarako, egoera urratzailetik gatazka gainditzeko helburuaz, egoera berrirako lanari ekiteko konpromisoa hartzen dugu.Gu garenez alternatiba bakarra,ez daukagu zalantzarik hauteskundeetan egongo garenik: Oriotarrok halaxe nahi dugulako, eskubidea delako eta Euskal Herriak merezi duelako.

                  Jo ta ke irabazi arte!

D3M plataforma

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide