Orio Arraunketa Elkarteak (OAE) urteroko batzarra egin zuen ostegun arratsaldean Arraunetxean. Zuzendaritzak jarritako hitzorduan 80 bazkide elkartu ziren, eta ordubeteko iraupena izan zuen batzarra normaltasun osoz igaro zen.
Ohi bezala, aurrena 2024ko batzarreko akta onartu zuten, eta 2025eko Kirol Memoriaren laburpentxoa ere azaldu zuten. Ondoren, 2026ko talde guztiak aurkeztu zituzten: teknikoak nahiz fisiko eta osasun eta zaintza arlokoak. Noski, baita Arraun Eskolakoak–alebin, infantil, kadete eta jubenilak– eta goi mailako emakumeenak eta gizonenak ere.
Albiste ekonomiko bikaina
Balantze ekonomikoaren datu konkretuetan sartu aurretik, albiste bikaina helarazi zuen zuzendaritzak: aurreko legislaturatik zetorren zor handia guztiz kitatu dela, alajaina. Oraingo zuzendariak plan ekonomiko bat jarri zuen martxan, zor guztia lau urtetan kitatzeko asmoarekin, bainan gauzak ondo joan direnez, bi urtetan guztia ordaindu dute. Bikain, beraz.
2025eko balantze ekonomikoa aurkeztu zuten jarraian: balantze orekatua, 2.000 euro inguruko defizitarekin, eta onartuta gelditu zen batzarrean.
2026. urteko aurrekontuari dagokionez, kontutan hartuta zor guztiak kitatu direla, aurtengo denboraldirako zenbatekoa %1,5ean gehitzea proposatu zen, eta baita onartu ere.
Eskari-galderetan, pare bat gai jorratu zituzten, eta zuzendaritzak argitu zituen. Batzarra, beraz, normaltasunez eta baikor gauzatu zen.