Atzo, osteguna, egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak ohiko batzar nagusia Arraunetxen, klubeko zuzendaritza osoa bertan zela. 85 bazkide elkartu ziren, eta Andoni Camposek zuzendu zuen bilkura.
Deialdiko puntu guztiak onartuta gelditu ziren: aurreko batzarreko akta; 2024ko balantze ekonomikoa; eta 2025eko aurrekontua.
Iazko balantze ekonomikoari dagokionez, kito burutu da, hau da, gastu eta ingreso berdinekin, eta ohartarzi zuten 2023an sortutako zorra oraindik guztia kitatzeko dagoela, zorraren % 75 kitatu delako, eta %25 falta delako oraindik. Esan zuten aurten konpontzea espero dutela lastre hori.
Aurtengo aurrekontuari dagokionez, 2024koa baino %10 handiagoa izango da. Guztia printzipioz ondo lotuta dagoelakoan, baikor azaldu ziren 2025eko balantzea orekatzeko.
Azkenik, eskari eta galderen partean, galdera asko izan ziren: ekonomiaz, kirol-arloaz, estropada antolaketez, arraun material erosketez, etab. Klubak galdera guztiak erantzun zituen, eta 19:30ean bukatu zen batzarra, hasi eta ordubetera.