Nazioarteko Estropadak direla eta, Ubera saria sortua du Orio Arraunketa Elkarteak, Orion Arraunketa Olinpikoa sustatu eta landu duten pertsonei zuzendua, hain zuzen, beraien arraun ibilbidean aulki mugikorra ardatz nagusia izanari aitortza egin asmoz.
2023ko edizioan Patxi Sarasuak jaso zuen saria. 2024ko edizioan, Javier Puertas eta Dionisio Redondo izan dira sarituak.
Aurtengoari eutsiz, Javierrek eta Dionisiok arraunketa olinpikoan eta elitean eginiko ibilbidea oso ezaguna da. Errekonozituak izan dira han eta hemen. Jasoak dituzte makina bat sari eta aipamen, lortu dituzten emaitza handiak aitortuz. Gogoratuko ditugu senior/goi mailako lorpen nagusienetakoak, laburpen gisa:
- Munduko Txapelketak: Urrea + zilarra + brontzea + laugarren postua lortuak dituzte.
- Espainiako Txapelketak: Urreak, zilarrak eta brontzezko hainbat domina leporatuak dituzte.
Sar gaitezen eliteko jarduera utzi ondoren eginikoari. Masters/beterano mailan murgildu, eta hemen dauzkagu 70 urtetik gora diztuztenean, oraindik serio eta pin entrenatzen errioan gora, errioan behera! Adi! Aipa ditzagun hainbat datu: ontzi eta modalitate desberdinetan, 20 Espainiako Txapelketa metatuak dituzte beraien masters/beterano mailan, Orio AE ordezkatuz:
- Biek batera: 08 FER Txapelketa
- Puertasek bakarrik: 10 FER Txapelketa
- Redondok bakarrik: 02 FER Txapelketa
Masters goi mailako urrezko domina lorpen hauei guztiei Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelketa ugari gehitu behar dizkiogu. Tartean gelditzen dira dozenaka podium postu txapelketa mota guztietan.
Orio AE ordezkatuz, Masters Munduko Txapelketetan ere izanak ditugu. Errepasatuz: Sevilla-1999 (Puertas); Vichy-2003 (Puertas eta Redondo); Hamburgo-2004 (Puertas eta Redondo); Bled-2017 (Puertas); Libourne-2022 (Puertas). Besteak beste, bigarren, seigarren eta hamargarren postu garrantzitsuak lortuz.
Etengabeko ibilbide honetan, etor gaitezen beraien azken lorpena aipatzera, 70-74 urteko beterano mailan eta (2x) skull bikoitza modalitatean: zilarrezko domina, 2023ko FER Espainiako Txapelketan, Ourenseko Castrelo do Miñon.
Azpimarratzekoa da arraunontzi mota desberdinetan moldatzeko duten gaitasuna, modalitate aniztasuna. Laburpen txikia eginez:
Arraunketa Olinpikoan:
Sei modalitate desberdinetan izan dira txapeldun beraien ibilbide oparoan.
- (8+) Zortzikoa Munduko Txapeldun
- (4+) Lemazaindun Laukoa Espainiako Txapeldun
- (4-) Lemazain Gabeko Laukoa Espainiako Txapeldun
- (2X) Skull Bikoitza Espainiako Txapeldun
- (1X) Skiff - Bakarkakoa Espainiako Txapeldun
- (2-) Lemazain Gabeko Bikoa Espainiako Txapeldun
Tostako arraunketan:
Ubera sari honetatik kanpo dago ezaugarri hau, baina beraien aniztasun gaitasuna azpimarratzeko eta sendotzeko, interesgarria izango delakoan: tosta modalitateko hiru espezialitatetan –batela, trainerila eta trainerua– izan dira FER Espainiako txapeldun!