"Inoiz ez genuen parte hartu euskararen aldeko egitasmo batean"

Erabiltzailearen aurpegia Orioko AEK 2026ko maiatzaren 30a

Fatima Elouali eta Mathilde Codre, orain bi urteko Korrikan, testiguarekin. (AEK)

Martxoko Aia-Orio Guka aldizkariko Euskara ataleko elkarrizketa da honakoa.

Marhilde Coudre, Amal Madrame, Chaimae Oulad eta Fatima Elouali Orioko bizilagunak dira eta Zaragueta herri eskolako gurasoak. 2024an ikastetxean bertan hasi ziren euskara ikasten, eta iaztik, AEK euskaltegian darraite. 23. Korrikan, Zaraguetako lekukoa eraman zuten, eta 24. Korrika herritik pasa berritan, han ere parte hartu dutela azaldu dute.

Zenbat urte daramatzazue AEKn euskara ikasten? Nolatan hasi zineten?

Denbora gehien Orion daramagunok duela lau urte hasi ginen euskaltegian. Duela bi urte Zaragueta herri eskolan jaso ahal izan genituen saioak –batzuek lehenago egin zuten saiakera, duela bederatzi bat urte–.

Orduan, AEK-k antolatzen duen Korrika ezaguna egingo zaizue, ezta?

Bai, ezagutzen genuen, umeek parte hartu izan zuten-eta eskolaren bitartez.

Horrez gain, 2024an eskolaren lekukoa zeuek eraman zenuten. Nolakoa izan zen esperientzia?

Gogoratzen gara oso hunkigarria izan zela. Esperientzia berri bat izan zen, eta dibertigarria izan zen. Oso berandu pasatzen zen Oriotik, eta gauez egin genuen korrika. Plazatik gertu pasatu genuen lekukoa, eta kilometro ona tokatu zitzaigun. Aukera zuzendaritzatik etorri zitzaigun. Euskara ikasten ari ginen momentu hartan, eta eskertza eta aitortza egin nahi zigutela esan ziguten. Zalantzarik gabe baietz esan genuen, aukera ezin hobea baitzen Korrika barrutik ezagutzeko eta erronkak gustuko baititugu.

Euskal Herrira etorri aurretik antzeko ekimenik ezagutzen al zenuten?

Parte hartu izan genuen beste kausa batzuen alde. Adibidez, gutako batek behin bi kilometro egin zituen igeri minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko. Baina aitortzen dugu inoiz ez genuela parte hartu hizkuntza baten aldeko egitasmo batean.

Pasatu berria da Korrika. Egin duzue lasterka euskararen alde?

Goizean eskola genuenez, euskaltegira joan ginen eta herria apaintzen lagundu genuen. Seme-alabak animatzera atera ginen gero; aurten batzuek Korrika txikian parte hartu dute eta, beste batzuek, handian. Korrika pixka bat egiten saiatu gara aurten ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide