Ez gara hasiko berriz azaltzen egia dela Ikastolako hitzarmena lortzeko bileretan ibilitako batzuk Orain taldea sortu zutenen hogei pertsonen artean zeudela, ez gara hasiko 2011eko hauteskundeetarako atera genuen eskuliburuko egitasmoak berriro irakurtzen.
Bai aurreko legealdian eta baita oraingoan hezkuntzari lotutako eskaerak, arazoak eta gorabeherak argitzeko bilerak eta hartu-emanak izan ditugu, alde bikoak eta askotarikoak. Hezkuntza zerbitzu publikoa denaren ikuspuntutik jo dugu, bi ikastetxe nagusiekin ahalik eta objektiboen jokatzeko ideiarekin (Herri Eskolako DBH eraikinaren aldeko botoarekin, Ikastolako DBH eraikinaren diru-laguntzaren baiezkoarekin, bi ikastetxeen hitzarmenen eguneratzearen baiezkoekin, Herri Eskolako autobusa ordaintzeko eskaerari ezezko botoarekin, urruti bizitzen diren oriotar guztiei autobus eskubidea zabaltzen ez zaien bitartean, edozein izanda hautatuko ikastetxea).
Ikastola eta Herri Eskola, Herri Eskola eta Ikastola, gira eta buelta, buelta eta jira, entzun behar izan dugu bietatik zein maite dugun gehiago, gure ahotan jarri izan dira inoiz esan ez ditugun hitzak, aurpegi ilunak eta trabeskako begiradak.
Urtera doan 2015-2019 legealdian eskaera berriak ditugu mahai gainean: Herri Eskolako handipen proposamena eta hitzarmenaren berrazterketa. Ikusita eragile batzuk nola jokatu duten eta zelako erabilera egin duten gure jardunarekin -kopetan dirudienez daramagun markarekin- eta erabakiak hartzerakoan aitzakia bezala erabili dutela Orain taldea -jardun “naturala” oztopatzen ariko ginen bezala- erronka berri hauen aurrean duela hilabete batzuetara taldera eramandako ideia baten alde onak eta ez hain onak eztabaidatu ditugu.
Baikortasunez pentsatu eta hau erabaki da Orain taldean: Hezkuntza batzordean etorkizunean aterako diren egitasmo eta proiektu guztiei baiezko botoa emango zaie. Hezkuntzaren alde bozkatuko dugu kasu guztietan. Gauzak ez badira lortzen ez da izango Orain taldeak oztopoak jarri dituelako.