Aurkitu desberdintasuna Aizperron

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko abe. 2a, 11:43

Erraza da proposatutako ariketa, begi bistan dago. Ezkerrekoa Aizperro inguruko lurrak gaur egun dauden bezala eta eskuinekoa, Plan Orokorrean onartuta dagoena, lur berberak baina industrialdearekin.

2015eko azaroaren 9an Hirigintza batzordeko bileran Aizperroko lur eremuaren etorkizunaz eztabaidatu zen: industrialdea egiteko aukera Plan Orokorrean dagoen bezala utzi edo aldatu lurzoru hiritar ezinera (landa eremura bueltatu).

Orain urte erdi (hauteskunde bezperetan) Aizperron industrialdearen gaian lehenengo aukeraren alde zeuden EAJ eta Bildu. PSE eta Orain berriz ez.

Gure ustez, ikuspuntu guztietatik ikusita ere (ekonomia, ingurumena, etab.), akats larria izango litzateke Aizperron industrialdea egitea (guztira 48.625m² azalera eta 36.000m² eraikigarria):

-      Ekonomia: gaur egun Orio inguruan ez dago industrialde gehiagoren premiarik, Ubegun industrialdea herritik gertu dago eta hainbat pabilioi hutsik daude. Inguruko herrietako industrialdeetan ere beste horrenbeste, begiratu besterik ez dago.

Bestalde, turismoan izango lukeen eragin kaltegarria, gaur egun Orioko ekonomia motorra, kontuan hartzekoa iruditzen zaigu:

-      Ingurumena: ur jabari publikoa, nekazaritza lurzoruak, lurralde iraunkortasuna,…

-      Paisaia: goiko argazkiak ikustea besterik ez dago izango lukeen inpaktuaz jabetzeko.

Orain taldeak badarama denbora bat bilerak egin behar direla adieraziz. Lurraren kudeaketan zeresana duten erakunde desberdinak elkartzea ezinbestekotzat jotzen dugu (Orio eta Aiako udaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundia). Bi udaletxeen hitzarmen baten bidez, Ubegun industrialdea hobetzeko akordio bat lortu eta Aizperrokoa bertan bera utzi beharko litzateke.

Aipatu den azaroaren 9ko Hirigintza batzordean EAJ, Bildu eta PSE alderdi politikoek, bakoitzak bere arrazoiengatik, Aizperron industrialdea egiteko aukera uztearen alde bozkatu zuten. Orain taldea bakarrik gelditu zen Aizperro lur eremuari izaera aldatzeko asmoan.

Zorionez ordea, itxaropenerako arrazoiak ere badaude. Bi aste dira (2015-11-17) Foru Aldundiko Ingurumen sailak Plan Orokorrari atxiki behar den ingurumen azterketa publiko egin duela. Problematikoa ikusten da arrazoi hauengatik:

-      Hiri-espazio berri bat sortzea dakar eta ez dator bat lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak adierazitakoarekin.

-      Aizperrok ingurumen arloko baliabide eta balio nahiko handiak ditu.

-      Ez dator bat Urola Kostako Lurraldearen Zatiko Planean ezarritako antolamenduarekin non ez da antzeman Orion industrialde berri bat egiteko premia edo egokiera.

Hemen lotunea:

http://www4.gipuzkoa.eus/MedioAmbiente/gipuzkoaingurumena/eu/documentosIndexEvaluacionDeImpacto.asp

Azaroko Karkaran Bildu eta PSE talde politikoek beharrezkoa ikusten omen dute Ingurumen teknikari bat kontratatzea Orioko udaletxean. Zertarako? Aizperroko industrialdea berdez pintatzeko?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide