Ez gara sartuko erabili diren formetan eta eman diren epeen eztabaidan. Garrantzia aurrekontuen edukiak dute eta hau da erantzuteko daukaguna jarraian agertzen diren EAJren esaldiei:
“Inbertsioetan %40ko beherakada izatea”
Administrazioan erabiltzen diren irizpideen aldaketatik dator, besteak beste, beherakada. Denok dakigu, eta adibideak milaka daude, diru-sarrera ziurrik gabe aurreikusten zirela gastuak eta urte bukaeran ez zirela gauzatzen.
“Enplegua eta promozio ekonomikoaren partidan dirurik ez aurreikustea”
Aurrekontuak onartu ziren udalbatzarrean zuzenean erantzun zen: enplegua eta promozio ekonomikoa oso lan txukuna egiten duen Urola Kosta Udal Elkartetik bideratzen da.
“Kultura elkarteak %10eko beherakada jasatea”
Hau ere udalbatzarrean erantzun zen. Kultura batzordeburuak azaldu zuenez “elkarteek beren beharren araberako partida jasoko dute eta iazkoarekin alderatuz ez da beherakadarik egon”.
“Kiroldegiko kanpoko enpresari 2015ean diru gehiago ematea”
Lotsagarria hitza erabiltzen da EAJk prentsan zabaldutako albistean eta benetan lotsa ematekoa da erasotzeko zabaltzen duen informazioa. Adibidez, ez da egia Karela kiroldegia kudeatzen egon den aurreko enpresa Oriokoa zenik.
Diru gehiago ematen zaio enpresari baina langile gehiago kontratatu du, lehen udalak ordaintzen zituen gastuak orain enpresaren gain doaz, eta abar luze bat. Ematen duen zerbitzuari eta instalakuntzen hobetzeari esker bazkide gehiago dago, hau da, kalitatea nabarmen gehitu da.
“Zaborren kudeaketarako 90.000 gehiago ordaintzea”
Udalbatzarrean oso garbi azaldu zuen alkateak zergatia: Urtetako zabortegiaren itxieraren ondorio da. Gainera, udalbatzarrean azaldu zenez, 2006tik jakinda itxi behar zela eta horrek kostua suposatuko zuela ez zen diru-partida berezirik sortu.
“Euskaltegi zerbitzuak mugikortasun murriztua”
Euskaltegia beharrezkoa ikusi dute udal talde politiko guztiek, ez dago dirurik beste lokal bat egokitzeko eta Salatxo aretoa errentabilizatu behar da. Beraz, toki egokia da eta mugikortasun arazoak konponduko dira.
2011-2015 legealdian udal gobernuan egon den Orain plataformak irisgarritasun alorrean bultzatu dituen proiektuak hor daude (Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetako pasabideak, Kultur Etxeko sarrera, etab.) eta horietan gastatutako diruak gustura erabiliko zituen beste proiektu batzuetan EAJ alkatetzan egon den legealdietan konpondu bazituen.