Autobidea, Oteiza, Dato…

Erabiltzailearen aurpegia Manu Etxeberria Sedano

Orioko paisaia airetik ikusita, argazki zahar batean.

Hamarkada batzuk atzera egin eta, Orioko autobideak herrian eragin zituen erreakzioei buruz idatzi du Manu Etxeberria Sedanok.

Jorge Oteiza handiak Oriotik pasako zen autobideari buruz garbi adierazi zuen haren iritzia 1960ko hamarkadan, herrian bizi zenean. Autobidea Oriotik igarotzen bazen, herritik alde egingo zuzela zioen hark. Esan eta egin, Zarautzera joan baitzen bizitzera. Hain zuzen ere, Zarautzen eman zituen bere bizitzako azken hogeita hamar urteak Oteizak.

Autobidea egin aurretik, Orio paradisu txiki bat zen. Gogoan dugu gutako askok hondartzara zeraman bidea, bide txikia esaten geniona; Bikamiotatik eskubi aldetik zihoan. Ertzetan, zuhaitzak, eta atzean baratzak. Bide hura kanpineraino iristen zen, zuzen-zuzen, ia autorik gabe. Zoragarria. Hura zen ohiko bidea. Gerora ohartu ginen nolako ibilbide ederra lapurtu ziguten. Beste aldetik, paloten ondotik, harriz eta lur hautsez estalitako bidea zegoen, itsusiagoa. Handik, ordea, bide erdian Villa Dato izena jarrita zuen etxaldearen atearekin eta harresiarekin topo egiten genuen. Autobidearen lanak hasi aurreko urteetan, oraindik, harresia zegoen; harrizkoa, eta oso altua… edo gu txikiak. Eduardo Dato, duke izendatua eta abar, istorio bitxia, eta interesgarria; beste batean jorratuko dugu.

Autobidea, Oriotik pasa eta agur

Orioko udal gobernuan Jesus Mari Aiestaran alkate frankista zegoen urte haietan. Autobidearen lanak bukatu zirenean, 1974ko udan, herrian ospatu genuen gauza bakarra makinak eta haiek sortutako hauts eta hondakinak desagertu egin zirela izan zen. Bestalde, amorrua eman ziguna gure bide txiki xarmangarri hura ere desagertu egin zela izan zen.

Zarautzen bai, ederki asko ospatu omen zuten lanen amaiera. Hango bizilagunek aukera izan zuten, bai, autobide berritik, inagurazio egunean, oinez eta txirrindaz ibiltzeko gora eta behera bide berrian.

Orion, A-8 autobidean zegoen zubirik luzeena utzi ziguten, ia 500 metrokoa. Herrian horrelako astakeria egin, eta gainera, ez sarrerarik ez irteerarik jarri ez! Norbaitek izango zuen, izan ere, opariren bat hura onartzeko.

Aurreneko lotunea, Donostiakoa

Demokraziarekin batera, udalean berehala sortu zen hutsune hura betetzeko erronkari erantzuteko nahia. Jose Miguel Makazaga alkate zela, besteak beste, hauxe izan zen helburu garrantzitsu bat haren jardunean. Hala ere, hurrengo alkatea, Mirari Arruabarrena (biak ere alderdi jeltzalekoak), herriko aurreneko emakumezko alkatea, izan zen gaia aurrera ateratzea lortu zuena. 2009an, Jon Redondo alkate zela inauguratu zen lotune berria, baina Arruabarrenak (2003tik jo ta ke) eta bi urtez alkate izan zen Ramon Etxeberriak egin zituzten kudeaketak Foru Aldundiarekin adosteko historikoki zor zitzaiguna.

Esan beharra da, artean estropalaria zen Redondok modu bikainean antolatu zuela inaugurazioa. Hain zuzen, traineru horia zeraman erremolkea izen zen Orioko lotunea erabili zuen lehenengo ibilgailua.

Orio-Bilbo-Orio lotunea, laster

Duela hilabete jakin dugu, azken lau urteetan bereziki EAJ alderdiak (berriz ere Mirari Arruabarrena buru) jorratu duen ekimenak, aurrerapauso garrantzitsua izan duela, prentsan azaldutako albiste bati esker. Albisteak zioenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko agindu du Orio-Bilbo-Orio lotunea egiteko proiektu teknikoa egitea.

Kutsadura herrian, erdira

Arrantza Orion ia desagertu denetik, turismoa, zerbitzuak eta kultura ditugu diru sarrera nagusi herrian. Baina, horretaz aparte, autobidearen bigarren lotura honek balio izugarria duen beste mesede bat ekarriko digu. Izan ere, gaur egun herrian ehunka ibilgailuk gurutzatu behar izaten dute herria Zarautz aldera eta haratago joateko. Arrantzale kaletik hasi, Abeslari kaletik jarraitu, moilatik eta plazatik pasa, eta Ibaiondo ibilbideraino kea eta kutsadura sortzen duten ibilgailuen erdiak, gutxienez (espero), hondartza aldetik irtetea erabakiko genuke; erosotasunagatik, eta, noski, herritarron mesedetan. Gure umeek eta baita helduok ere eskertuko genuke, zalantzarik gabe, aire osansutsuagoa izatea gure kaleetan.

Horrenbestez, oriotarrok badugu oso pozik egoteko arrazoia, epe laburrean, autobidearen lotune berriak hainbat onura ekarriko dizkigulako.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide