Orain 125 urte oriotarrek sekulakoa egin zuten. Olaizola, Uranga, Atxega, Manterola eta Loidi patroiek Bizkaiko golkoan harrapatutako azken balea lehorreratu zuten Orion.
Baleak aberastasun nabarmena ekarri zuen herrira. Kontuan izan behar da, adibidez, XX. mendearen hasieran, Euskal Herriko herri gehienetan oraindik olioa erabiltzen zela kaleak argiztatzeko. Bestalde, balearen bizarrak, esate baterako, beren gogortasun eta elastikotasunagatik, guardasolen barrak egiteko edo otarrak egiteko erabiltzen ziren. Hezurrak, berriz, beren tamaina zela-eta, baliagarriak ziren altzariak egiteko edo eraikuntzarako. Mingaina, bestalde, janari preziatua zen Frantzian.
Donostiatik eta beste herrietatik ehundaka persona etorri ziren, balearen gorpua ikustera, trenez batik bat. El Correo de Guipúzcoa egunkariko maiatzaren 17ko zenbakian argitaratu zen moduan, tren bereziak jarri zituzten Oriora etortzeko. Ikustera hurbildu zen persona bakoitzari bi erreal kobratu omen zitzaion. Kronikek jaso zuten 1.500etik gora pertsona etorri zirela Oriora egun bakar batean.
Balearen bertsoetan ere ikus daiteke herriarentzat zer suposatu zuen balentria hark:
Gauza ikusgarritzat
egun batzuetan
herriaren ondoan
arranplan egon zan
urrutitikan ere
jendia etorri zan,
mila pezetaraino
dirua bildu zan.
Ehunda hogei duroz
balean bizarrak
aguro saldu ziren
bere hegalzarrak,
garbitu ta gordeak
dauzka hezurtzarrak
kontu handiarekin
lodi ta meharrak.
Egindako gastuak
pagaturik denak
lau bat mila pezeta
gelditu zirenak
ondo goza bitzate
oriotar denak
saiatu direlako
eman die jaunak.
Eta aurreneko Kontxa
Egun haietako pozak eta herrian zabaldu zen aberastasunak eman zuen bidea, itxuraz, uda hartan trainerurako prestaketak hobeak izateko.
Ordura arte donostiarrek ateratzen zituzten traineruak izaten ziren indartsuenak. 1901eko maiatz hartatik aurrera, ordea, egoera erabat aldatu zen.
Manuel Olaizolaren gidaritzapean, gure palmares handiari hasiera eman zioten estropalari oriotarrek. XX. mendeko aurreneko bi hamarkadetan Orio izan zen nagusi, modu berean, Donostiako Kontxan: baita mende osoan zehar ere.
Gaur egun, gaurkoa, beste historia bat da.
Gora Orio!