Balearen Eguna 2026

Olaizola, Kontxa eta balea (I)

Erabiltzailearen aurpegia Manu Etxeberria 2026ko maiatzaren 6a

Manuel Olaizola, 'Ciaboga' aldizkariaren azalean.

Manu Etxeberriaren aitaren osaba zen Manuel Olaizola patroi ezaguna, eta honako iritzi artikulua idatzi du Balearen Egunaren harira. 

Manuel Olaizola hil zen etxe berean jaio zen gure aita, Benedikto Etxeberria Olaizola: plazako Bizkarreneko etxean, Bordatxo taberna (orain Uma) dagoen etxe horretan. Amona Dionisiren osaba zen Manuel Olaizola, eta gure aitak ere osaba Manuel esaten zion, Konsuelo, Rita, Luis, Antonio eta Jose Mari izeba-osabek bezala.

Txikitan, aitak aitona-amonei bisita egitera eraman gintuen batean, osaba Manuelek, Olaizolak, irabazitako Kontxako bost banderak erakutsi zizkiguten. Egia esan, une hartan ez nintzen ohartu ikusi nuenaren garrantziaz; gerora jabetu nintzen. Hantxe zeuden, patroi irabazlearen etxean, 1901, 1909, 1910, 1916 eta 1919ko Kontxako banderak, txukun-txukun jasota.

Mendearen hasieran, baporezko itsasontziak Oriora iritsi aurretik, traineruekin lanean, herriko patroi eta armadore garrantzitsuenetako bat zen Olaizola. Berak gidatu zuen 1901eko maiatzaren 14 hartan balea harrapatu eta lehorreratu zuen bost traineruen taldea. Loidi, Uranga, Atxaga eta Manterola ziren beste lau patroiak baina, idatziek diotenez, Olaizola zen "patroi haien patroi".

Balea eta aurreneko Kontxa

1901 hartantxe, irailean, Orioko traineruak gure palmares handiko aurreneko Kontxako bandera irabazi zuen.

Badira berrogei urte nire lehen artikuluak eta abarrak idazten hasi nintzela, eta hasieran uste nuen kasualitate historiko bat zela bi gertakizun handi horiek lau hilabeteren tartean gertatzea; baina, denbora pasatu ahala eta kontu horri buelta asko eman ondoren, argia piztu zitzaidan eta kasualitatearen teoria baztertu nuen nire baitan. Orain uste dut balea harrapatzeak eta, ondorioz, herriak ekonomikoki izan zuen gorakadak eragin zuzena izan zuela Kontxako estropadetarako prestakizunetan. Izan ere, erraz irudikatu dezakegu estropadetarako entrenatzeko-eta, besteak beste, garai hartan ohitura zen modura, txuleta ederrak jan, jango zituztela estropalariek!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide