Etxera bidean, eguna Bilbon igarotzetik. Hiri handian egun pasa egiteko prest nengoen, eta behar bezala ekiteko, kafetegi batera joan gara goizeko kafeina dosia hartzera. Lokal txiki baina aldi berean eroso batean sartu gara. Larunbata da, eta 09:00ak izan arren, mahai guztiak okupatuta daude jada. Estanpa, ordea, bisitatu ohi ditudan kafetegien aldean pixka bat ezberdinagoa da. Berriak irakurtzen ari den jendearekin beharrean, gazte hainbatekin egin dut topo, mahai gainean ordenagailuak eta kaskoak buruan, makinaren teklak gogor kolpatuz lanean ari diren gazteekin. Irudia barregarria da, bulego batean sartu naizela dirudi. Barrara hurbildu naiz eskaera egitera: "Bi kafe esnearekin, eta ebaki bat, mesedez", esan diot artatu nauenari. Bere espresioa ikusita, badirudi ez didala ulertu. Berriro errepikatu diot eskaera, baina badirudi mendeak igaro direla hitz horiek azkenekoz entzun zituenetik. Une horretan, hatz erakuslearekin nire atzeko horma seinalatu du, eta zer aukera eskaintzen dituzten adierazi dit.
Garai batean, kafetegi batera sartu eta kafe bat eskatzen zenuen. Kafea. Besterik gabe. Gaur, aldiz, hizkuntzen azterketa dirudien gutun bati egin behar diozu aurre: flat white, cold brew, nitro coffee, chai latte. Kafeak kafea izaten jarraitzen du, baina abizen bat behar du prezioa justifikatzeko.
Kafetegitik irten gara egun osorako genuen aurrekontuaren ia erdia gastatu ondoren, eta erriora paseatzera jaistea erabaki dugu. Eguzkiak gero eta gehiago berotzen duenez, farmazia batean sartu naiz eguzkitako krema erostera. Nire harridurarako, kafetegian bezala, denda hartan ere ez dituzte eguzkitako krema "normalak" saltzen. Zuriak, koipetsuak, lodiak, baina beren funtzioa betetzen duten horiek. Ez, han, dirudienez, bestelako kremak saltzen dituzte. Lehen kremak hidratatu egiten zuen; orain, azido hialuronikoa, niazinamida, erretinola eta kontsumitzaile gehienek azalduko ez lituzketen osagaien zerrenda luzea ditu. Berdin dio, garrantzitsuena zientzialariak entzutea da. Zenbat eta izen arraro gehiago agertu etiketan, berrikuntza erosten ari garen orduan eta sentsazio handiagoa izaten dugu.
Diru zorroari begiratuta, barre egin dut negar ez egiteagatik. Bi ordu ere ez daramatzat hirian, eta ia ez zait iristen etxera itzultzeko. Azkenik, erriora jaitsi eta paseo atsegina egin ondoren, zerbait jateko taberna baten bila aritu gara, baina badirudi gentrifikazioa hiriko Alde Zaharrera ere iritsi dela. Donostiarren antzera, bilbotarrek ere gero eta kexa gehiago dituzte Alde Zaharreko aldaketen aurrean. Eta ulergarria da. Merkataritzaren eraldaketa, higiezinen presioa eta errenta handiak mehatxu dira herritarrentzat eta saltoki txikientzat. Gainera, masifikazio turistikoarekin batera, tokiko benetakotasunaren galera eta prezio altuak etorri dira, eta Donostian gertatzen den bezala, Bilbon ere gero eta zailagoa da pintxo bat jatea; izan ere, badirudi eskaintza kanpoko jendearengana bideratzen ari garela, bereizten gaituen zerbaiti leial eutsi beharrean. Oraindik ez naiz ohitu barran ingelesez idatzitako karteltxoak ikustera.
Etxera bidean zera pentsatu dut: tradizioak eta kulturak beti harrotu duten herri bat, pixkanaka, bere esentzia galtzen ari dela.