Atzoko materialekin biharko janztea

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 12a

Jean-Paul Gaultier diseinatzaileak etorkizunerako irudikatu zuen janzkera, 'The Fifth Element' filmean.

Honako iritzi artikulua plazaratu du Julene Sorarrain kazetariak ekaineko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Zientzia fikzioak gezurra esan zigun. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako filmek etorkizuna zilarrezkoa izango zela erakutsi ziguten: metalikoa, traje estuen eta espazio ontzi batetik ateratakoak ziruditen jantzien desfile amaigabe bat.

Jean-Paul Gaultier diseinatzaileak, 1997. urteko The Fifth Element filmerako jantziak sortzeaz arduratu zenak, ez zuen etorkizun errealistarik irudikatu nahi, guztiz kaotikoa baizik. Horretarako, kolore saturatuak, biniloa, gardenkiak eta animalien estanpatuak erabili zituen. Gaultierrek eraiki zuen etorkizunak ez zuen funtzionaltasuna bilatzen, ikuskizuna baizik.

Orain, 2026. urtean bizi gara, eta diseinatzaileek jada ez dute inspiraziorik bilatzen laborategi futuristetan; merkatu plazan edota konpostaren ontzian bilatzen dute. Ia komikoa dirudi fantasia futurista haiek gaur egun "etorkizun" gisa aurkezten den modarekin alderatzea. Material berriak ez dira fabrika teknologikoetan sortzen, baizik eta duela urte batzuk zaborretan amaitzen zuten arrautza oskoletan, itsas maskorretan, onddoetan, algetan edo hondakin organikoetan.

Lehen, astronautak bezala jantziko ginela uste genuen. Orain, jantzi modernoek iraganetik gehiago dute etorkizunetik baino. Izan ere, hamarkadetan, etorkizuna naturatik urruntzearen sinonimoa zen. Dena artifiziala zen, sintetikoa, ia estralurtarra. Gaur egun, guztiz kontrakoa gertatzen da: etorkizunaren luxua lurrari ahalik eta gehien konektatuta egotea da.

Diseinatzaile garaikideek biodegradagarritasunaz, jasangarritasunaz eta ekologiaz hitz egiten dute, eta larrua perretxikoekin, landare proteinekin edo elikagai hondakinekin tindatutako ehunekin nola egin ikertzen ari dira.

1980ko hamarkadako filmek teknologiarekin obsesionatutako etorkizuna irudikatzen zuten. Gaur egun, aldiz, pantailaz, gailuz eta aurrerapen teknologikoz inguratuta bizi gara, eta badirudi benetan iraultzailea oinarrizkora itzultzea dela. Etorkizuna ez da beste planeta batzuk konkistatzea, gureak bizirik iraungo duela ziurtatzea baizik.

Eta, egia esan, kontraesan horretan bada zerbait zoragarria. Izan ere, agian filmek gauza batean asmatu zuten: modak belaunaldi bakoitza gehien kezkatzen duena islatzen du beti. Lehen teknologiarekiko lilura zen. Orain planeta suntsitzeko beldurra da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide