Arima duten oihalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 4a

Realeko kamiseta txuri urdina. (utzitakoa)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Julene Sorarrain kazetariak maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Modak inoiz galtzen ez duen ohitura bat du: atzera begiratzea. Sektore gehienek aurrera egin ahala, modak gero eta gehiago begiratzen dio iraganari.

Gauza jakina da 1990eko, 1980eko edota 1960ko hamarkadetako moda beti itzultzen dela, eta gaur egungo marka askok garai haiei egiten dietela erreferentzia, dela kanpai praka mitikoekin, eguzkitako betaurreko handiekin ala koloretako txandalekin. Janzkera vintage-a indartsu itzultzen da beti, denboraren joanak bakarrik ematen duen xarma berezi horrekin.

Joan zen hilean, esaterako, futboleko Espainiako Kopako finala zela eta, Gipuzkoako kaleak garai guztietako Realaren kamiseta txuri-urdinekin bete ziren. Ez ziren kirol jantziak bakarrik, ordea. 1909an kluba sortu zenetik gaur eguneraino, kamiseta horiek milaka momentu islatzen dituzte. Antzinako ezkutuen edota jada desagertutako babesleen artean, haur bat nintzela lehengusuek oparitu zidaten 2000. urteko Realeko kamiseta identifikatu nuen. Aspaldi jo nuen galdutzat elastiko hura, baina poz handia hartu nuen telebistan ezezagun baten soinean ikustean. Kamiseta hark nire haurtzaroko oroitzapenak ez ezik, belaunaldi oso batenak kapsulatzen dituelako. Eta hori da modaren superboterea.

Kamiseta zahar bat ez da oihal bat bakarrik. Haurtzaro bat da, ospakizun bat, arratsalde bat etxean futbola ikusten. Agian horregatik ari dira hain ospetsuak bilakatzen belaunaldi berrien artean. Ez dute soilik estetika saltzen; kontakizun bat saltzen dute. Eta, agian, arrazoi horregatik handitu da futboleko ekipazio zaharren balioa. Izan ere, txikitako kamiseta "berreskuratu" nahian, Internet bidez saiatu nintzen halako bat erosten. Nire ezusterako, 300 eurotan daude salgai orain. Tira... hain zalea ere ez naiz.

Duela gutxi, gainera, Espainiako Futbol Ligak jardunaldi retro bat antolatu zuen, non hainbat taldek diseinu historikoetan oinarritutako elastikoak berreskuratu zituzten. Egitasmoak arrakasta izan zuen, nostalgiak saldu, hunkitu eta belaunaldiak batzen dituelako, hain justu. Helduek gogoratzen duten heinean, gazteek deskubritu egiten dute.

Fenomeno hori, futbolean ez ezik, modan ere gertatzen da. Atzo modaz pasatuta zirudiena, gaur originala da. Egun batean funtzionatu zuena erreskatatu, egokitu eta erakusleihora itzultzen du modak. Eta, agian, horregatik jarraitzen dugu iraganari begira. Izan ere, hainbeste berritasunen artean, zaharrak badu zerbait berriak oraindik kopiatu ezin duena: arima.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide