Agurra handienetako bati

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 22a

Giorgio Armani moda diseinatzailea. (utzitakoa)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Julene Sorarrain kazetariak urriko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Giorgio Armaniren heriotzak ezustean harrapatu zuen modaren industria irailaren 4ko arratsaldean. Dagoeneko zaharra zen, jakina. Izan ere, 91 urte zituen, baina, aldi berean, bere presentzia hain zen handia, askok hilezkorra zela uste baitzuten. Armanik modaren munduan izan duen garrantziari buruz idatzi nahi nuen, eta zenbait albiste irakurrita, Italiako Milango hiriak dolu egun oso bat eskaini ziola jakin dut. Ez da harritzekoa, gizon hura nazioarteko italiarrik ospetsuenetakoa izan baitzen.

Modaren industrian hain preziatua den leku bat eskuratu du Armanik, boterearen eta elegantziaren ikur bilakatu diren diseinuak sortuz gizon nahiz emakumeentzat. Azken urteetan bere bildumak oso aurrerakoiak izan ez diren arren, Armani betidanik izan da iraultzailea; orain dela 30 urte bere jaka deseraikiekin iritsi zenean, adibidez. Jantziaren esanahia goitik behera aldatu zuen Milango diseinatzaileak. Hain zuzen ere, emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi zuen bere sorkuntza berritzaileen eta aldi berean apurtzaileen bitartez.

Hollywoodeko ateak ere zabaldu zizkioten. Eredu ospetsuena American Gigolo filmarena da: Richard Gere gazte bat goitik behera Armaniz jantzita, italiarraren diseinuekin betetako armairu baten aurrean. Brian de Palmaren The Untouchables edota Martin Scorseseren Goodfellas filmetako pertsonaiak janzteaz ere arduratu zen, besteak beste. Alfonbra gorriko janzkera ere irauli zuen, Venezian (Italia) edota Cannesen (Frantzia) izar ospetsuenak jantziz.

Diseinatzailearen etxea berarekin batera hiltzearen aldeko naizen arren, denborak esango du nork jarraituko dituen orain Armaniren pausoak. Bitartean, goian bego, Giorgio. Modaren industriak ez zaitu ahaztuko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide