Zer da moda?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alkain 2026ko otsailaren 14a

Jon Alkain diseinatzailea. (utzitakoa)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Jon Alkain diseinatzaileak urtarrileko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Moda. Nondik hasi? Zer da moda? Mundu zoroaren eta nire pertsonalitatearen espresioa da, barne munduan libre espresatzea ahalbidetzen didan tresna, hain zuzen. Jakingo duzuenez, lau urte igaro nituen Bartzelonan Moda eta Diseinu ikasketak egiten; izan ere, lehenengo momentutik nekien zer ikasketa egin nahi nituen. Hori dela eta, maleta hartu eta hiri handira joan nintzen, zerekin topo egingo nuen jakin gabe.

Diseinatzaile bezala ez dut inspirazio zehatzik, oro har itsasoak eta mugimenduek inspiratzen naute, baita nire barne gatazkek ere. Ezingo nuke zehaztu nire estiloa zein den, baina badakit zer elementu eta nolako formak gustatzen zaizkidan. Hala ere, estiloa, bizitza bezala, eraldatzen doala iruditzen zait.

Nire diseinuetan bolanteak eta kolore biziak ikus daitezke, baina klasiko deitzen diegun hainbat elementu ere erabiltzen ditut, adibidez, joskintzan erabilitako teknikak.

Diseinatzeko orduan ez dut prozesu zehatz bat jarraitzen, edo hori pentsatzen dut. Hala ere, normalean patroi berak erabiltzen ditut. Lehenik eta behin, diseinatzeko momentua dator: hainbat zirriborro egiten ditut diseinu edo bilduma "perfektuaren" bila, aurretik ideia edo inspirazioa zehaztuta, noski. Bigarren pausoa ehunen eta materialen sailkapena egitean datza, hori baita nire diseinuak errealitatean pentsatu bezala geratzen lagunduko duena. Hirugarren pausoa patroiak egitea da. Modu batera esanda, arropen marrazketa teknikoa da, baita planoak, gorputzen formak eta mozketak egitea ere, erabakitako diseinua egiteko. Ondoren, prototipoak datoz. Normalean, neurrira egiten diren arropetan prototipoak egin behar izaten dira, 3D-n ikusten baita diseinatutakoak aldaketarik behar al duen. Bosgarren eta azken pausoan, behin betiko telen mozketa eta joskintza sartzen dira, eta niretzat horixe da prozesu interesgarriena patroigintzarekin batera. Pauso horrekin ikusten dugu amaiera, baita lilura ere, denbora eta prozesu askoren ondoren buruan sortutakoak forma hartzen duelako.

Zer daukat orain esku artean? Galdera ona. Nik ere ez dakit. Lehen aipatu bezala, bizitza eraldatzen doan prozesua da, hortaz, orain esku artean dudana edo proiektatzen ari naizena ez da zehatza. Pare bat ideia baditut buruan, hori bai. Lehenik, gustatuko litzaidake bilduma eta proiektu berri bat aurkeztea jendeari. Hau, sport estiloan eta generoen eta neurrien ezabaketan oinarritzen da. Denbora daramat proiektu horri forma eman nahian, diseinu ezberdinekin eta probekin. Hala ere, denbora igaroko da proiektu horrek argia ikusi arte; izan ere, ondo pentsatutako eta landutako ideia izatea nahi dut. Proiektu horrez gain, beste jarduera bat ere badut buruan: irakaskuntzako masterra, zehazki. Urrian hasi nintzen irakasle izateko masterrarekin, eta horretan daramatzat jadanik bi hilabete. Orain arte ez nuen pentsatzen irakasle izatea nire proiektuetako bat izango zenik, beti esan izan baitut diseinatzea, arropa sortzea eta marka bat egitea izango zela nire lana. Dena den, euskal dantzetako irakasle lanetan hasi nintzenean konturatu nintzen benetan betetzen ninduela lanbide horrek. Hala, uda baino lehen, unibertsitate bat aurkitu eta masterrean eman nuen izena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide