Lanean aberastu denik izango da, baina norbere ofizioa bizimodua ateratzeko bide izan da lurtar gehienontzat. Hobeto edo okerrago bizitzeko, gustura edo gogaituta, egin beharrekoa, eguneroko ogia eta hiru kapritxo ordaintzeko modua. Salbuespenak salbuespen, gutxitan izan da lana, dirutan, askoz gehiago.
Alegia, diruz eta ondasunez kargatuta ibili direnek gutxitan lortu dute lanean bakarrik. Negozioarekin asmatu dutenak izango dira, baina gehienek ondo inbertitzen jakin dutelako atera dute abantaila: terrenoak banatu zirenean han zeudelako, etxean zakarra jaso dutelako, edo gehienek etxe bat erosi zuten lekuan dozena erdi erosteko gomendioa edo usaimena izan zutelako. Usaimena da norberarena, gomendioa da bankuan lan egiten duen lehengusuak edo kuadrillako lagunak emandakoa. Baina kontu horiek isilik egin dira beti, asko kontatu eta zabaldu gabe, txikiteoan txotxarekin hortz tarteko zikina mugituz etengabe.
Baina panorama aldatzen ari da aspaldian, ez da posible bestela. Lanak lehen adina aberasten du, batzuei hipoteka edo alokairua ordaintzeko aukera ere ematen digu, eta urtean behin oporretara joatekoa. Gutxi gehiago. Publikoki inbertsioez aritzeko moda honi tankera hartu ezinik nabil. Nolabait esateko, etxea erosi eta errentan edukitzea erdipurdiko inbertsorearen kontua da gaur egun. Eskola garaia amaitu berri duten gazteen (gehienetan mutilen) bideo gomendioez josi dizkigute sare sozialak: akzioak, bitcoin, urrea, zorra, indexatuak, renumeratuak… Antza, mundu guztiak izango du dirua han edo hemen sartuta eta esponentzialki biderkatuko dira urteetan ukitu ez diren diru muntoak. Jubilaziorik ez dute izango, baina, antza, beharrik ere ez batzuek.
Gimnasioez, sukaldaritzaz, bidaiez edo estropadez ere aritzen dira eduki sortzaileak. Baina, seguruenik, gaur arte hain ezkutukoak izan diren inbertsio politiken zabalkunde honek izango du lurtarrontzat tranparen bat prestatuta. Egunero-egunero lanera joaten garenontzat, lanean aberastuko ez garenontzat. Errazegi azaltzen digute, gauza onerako.
Harrituta nauka lanik egin gabe bizitzeko aukerak aztertzen ari diren horien plano publikoak. Ez diot asmatuko ez dutenik, baina hain erraza ere ez da izango, ezta? Hau bada bidea herritarren arteko arrakala handitzen besterik ez gara ari, jakinaren gainean.