Aldarritik harago

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2025ko urr. 19a, 09:00

Orioko plazan euskararen alde egindako elkarretaratzea. (Onintza Lete Arrieta)

Jabier Zabaleta Orioko Euskara teknikari ohiak iraileko aldizkariko Euskara atalerako idatzitako iritzia da honakoa.

UEMAko udaletan itxaropenez hartu genituen Legebiltzarrak 2016an gehiengo handiz onartutako Udal Legea eta hura garatzeko dekretua, hizkuntza politika eraginkorragoak planteatzeko aukera ematen zigutelako; baina laburra da pobrearen poza eta, berriro, Gaztelako mesetaren erdian erabaki dute ez daukagula eskubiderik nahi genukeen trataera emateko gure hizkuntza propioari. Nork eta gerra irabazi zutenen oinordeko politikoek akuilatuta erabaki dute, gainera.

Ez du inporta Orion edo UEMAko beste edozein herritan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek zer erabaki duten aho batez. Gugandik 500 kilometrora dauden botereguneetan erabakitzen dira oraindik hemengo konturik txikienak ere: kartelak zein hizkuntzatan idatzi, jendaurreko komunikazioetan zein hizkuntza erabili, zein nabarmenago jarri, zein txikiago… zein aurrena, zein gero…

Euskararen normalizazioan aurrera egiteko zirrikitu guztiak itxi nahi dizkigute giltzarrapoz, noiz eta jakin berri dugunean gure hizkuntzari inoizko erronkarik handienetako bat planteatzen zaiola datozen urteotan, egoera demolinguistikoaren aldaketa dela eta (Siadeco, 2025). Egoeraren larriak euskararen alde gehiago eta hobeto egitea eskatzen duenean, ito egin nahi dizkigute arnasguneak.

Desafioari tamainako erantzuna emateko, erabaki politiko sendoak hartzeko garaia da. Alderdi politikoen garaia. Euskal Herriko zati honetan adostasun handia dugu euskararen aldeko politika ausartagoak bultzatzeko, eta adostasun hori aktibatu behar da behingoz. Gure bi alderdi nagusiak, EAJ eta EH Bildu, elkarren ondoan ikusi genituen uztailean, Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko ehunetik gora herritan egindako elkarretaratzeetan. Ondo dago hori, ezinbestekoa da, baina egoerak gehiago eskatzen du. Protesta egiteko garaia ez da joan, baina aspaldi dago etorrita elkarrekin zerbait berri sortzekoa.

Bidea, honezkero, garbi ikusten dugu guztiok: lege marko berria behar du euskarak, aukera emango diguna gaur egungo legeek uzten ez digutena egiteko eta hizkuntzaren normalizazioan behar dugun saltoa emateko. Hemen erabakitako lege marko bat, blindatua, euskararen aurrerabidea nahi dutenen artean adostua eta Gaztelako mesetako epaileek atzera bota ezingo dutena.

Hara hor hasi berri den urte politikorako erronka, era-erakoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide