Lucia Gogenola Luquitak 35 urte ditu, eta Argentinan jaioa da. Iaz etorri zen Oriora bizitzera bikotekidearekin, uztailean, eta irailerako apuntatuta zegoen euskaltegian. Zuzenbide ikasketak dauzka, baina barne espazioen dekorazioan dabil lanean.
Noiz eta zergatik etorri zinen Euskal Herrira? Eta Oriora?
Iazko ekainaren erdialdean etorri ginen senarra eta biok Euskal Herrira eta, beraz, zazpi hilabete daramatzagu hemen bizitzen. Gure arbasoak hemengoak direlako etorri ginen Euskal Herrira. Lasaitasuna bilatzen genuen, eta nahiago genuen itsasertzeko toki bat, naturarekin harremanetan egoteko, baina, aldi berean, garraio lotura ona duena. Ahizpa ordurako Orion bizi zenez, erraza izan zen erabakia hartzea. Uste dugu bete-betean asmatu dugula, eta oso pozik gaude hemen.
Berehala hasi zara euskara ikasten. Zein izan da zure motibazio nagusia eta noraino iritsi nahi duzu?
Bertako hizkuntza ikastea da modurik egokiena komunitate baten parte izateko. Euskara ikasi nahi dut, ahalik eta ondoen komunikatzeko eta harremanak egiteko, eta hemengo identitatea eta kultura errespetatzeko. Euskara nire familiaren eta nire arbasoen hizkuntza ere bada. Gure aitona euskaldunak Argentinara migratu zuen, eta guk oso presente izan ditugu beti Euskal Herriko ohiturak, urruti egon arren. Beraz, guretzat, hemen bizitzea sustraiekin konektatzeko modu bat ere bada. Nire lehen helburua euskara ulertzen hastea da, gero hitz egiten ere ikasi ahal izateko.
Nola doa zure ikasketa prozesua? Erraza al da? Nola sentitzen zara?
Ezin dut esan erraza denik, euskarak erro propioa duelako eta ez datorrelako beste hizkuntza batetik. Horrek zailtasunak sortzen ditu, zaila baita antzekotasunak aurkitzea; hutsetik ikasi behar da. Hemen bizitzeak asko laguntzen dit belarria entrenatzen, baina, nahiz eta ezaguna egiten hasi zaidan, asko daukat oraindik ikasteko. Pixkanaka, hitzak eta kontzeptuak barneratzen ari gara, kartelak ulertzen… baina bide luzea dugu oraindik zuzen hitz egiten ikasteko. Batzuetan erronka handia dirudi, baina merezi du ahalegina.
Zergatik da garrantzitsua zuretzat euskara ikastea?
Nire bizilagunekin, lankideekin eta komunitate euskalduneko pertsonekin komunikatu ahal izateko. Orio benetan euskaraz bizi den herri bat da; belaunaldi guztiek hitz egiten dute. Horregatik, oso garrantzitsua da euskara ikastea Orioko herriaren parte sentitzeko.