Balea, arrantzaleak, bertsoak, argazkia, liburua eta jaia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2026ko uztailaren 5a

Beirazko irudian bezala, zurezkoan ere balearen azken buztankadak antzeman daitezke. (utzitakoa)

Maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa ataleko artikulua da honakoa. 

"Denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Bakarka ezin da..." kantatzen zuen Mikel Laboak, Berthold Brecht poeta alemaniarraren olerki batean oinarrituta. Arrazoia zuten biek: piramideak ez zituzten faraoiek altxatu, garaiko esklaboek baizik.

Herrian denok dakigu zeintzuk izan ziren 1901eko maiatzaren 14ko balearen harrapaketaren protagonista nagusiak: balea bera, eta bertsoetan aipatzen direnak, Manuel Olaizola, Loidi, Uranga, Atxega eta Manterola. Haiek izan ziren, hain zuzen ere, balea harrapatu zuten arrantzaleen ontzietako patroiak. Hala ere, herritar gehienok haietatik izen bakarra gogoratzen dugu, Manuelena, bertsolariak haren izena soilik eman baitzigun. Bejondeizuela, bostoi!

Balea lehorreratuta, arrantzaleak traineru gainean eta inguruan bertsoak. (utzitakoa)

Baina bost gizon haiek ere ez dira, inondik ere, Kantaurin harrapatutako azken balea haren protagonista bakarrak. Ez al ditugu, bada, maiatzaren 14 hartako gainerako arrantzaleak ere gogoan izan behar gertakari hura oroitzean? Bai, noski, baita beste asko ere!

Protagonista asko dituen festa

Herritar anonimoak: Nola jakin ote zuten arrantzale haiek, Orioko barraren parean, "balea agertu zela beatzik aldean?". Agian Kukuarritik, Itxaspetik edo San Juan ermitatik, edo beste nonbaitetik, norbaitek adarra edo txalaparta joz, irrintzi eginda edo suaren kea baliatuta helaraziko zien albistea herriko arrantzaleei.

Eta balea harrapatu ondoren, atoian moilaraino ekarrita, norbaitek lagunduko zien animalia lehorreratzen; gero, jendaurrean ikusgai jartzen; ondoren, zatitu eta koipe bihurtzen...

Aita Orbegozo: Dirudienez, hura izan zen balearen bertsoen egilea. Orion jaioa zen, eta apaiz lanetan Zumaian ari zen. Horrela jasota ageri da Arrantzaleen bizitza liburuan.

Basarri bertsolaria: "Atxagaren traineruko arrantzale batek esan zigunez, bertsoak Zumaian apaiz dagoen Orbegozo abizeneko oriotar batenak dira". Hala adierazi zuen Inazio Eizmendi Manterola Basarri bertsolariak; hala irakur daiteke Arrantzaleen bizitza liburuko 113. orrialdean.

Julian eta Gregorio Manterola aita-semeak. Aita balea harrapatu zuten bost patroietako bat zen. (utzitakoa)

Aita Zabala: Antonio Zabala jesuita eta bertsozale tolosarrak idatzi zuen liburu hura, eta beste 300 inguru ere bai; ia guztiak euskaraz, berak sortutako Auspoa argitaletxean plazaratuak. Aita Zabala sarritan izan zen Orion, bertako baserri eta etxeetan barrena, bertso paperen bila; eta, aldi berean, herriko bertsozaleen ahotik gogoan zituzten bertsoak jasotzen zituen, gero Auspoako liburuetan argitaratzeko. Horietako batean, Arrantzaleen bizitza izenekoan, ageri dira Orioko balearen bertsoak.

Gregori Akaña: Liburu horretako orrialde berean Gregori Ibargoien agertzen da. Hark esan zion Aita Zabalari bertsoak Aita Orbegozorenak zirela. Gregori Akaña bertsozale eta euskaltzale sutsua zen, eta berak kantatu zizkion balearen bertsoak Zabalari. Emakume hari eta haren alaba Esther Lertxundiri esker iritsi dira gaurdaino zenbait bertso paper eta aspaldiko euskarazko hainbat liburu.

Benito Lertxundi: 1977an, Benito Lertxundik balearen bertsoak disko batera eraman zituen, hogei bertsoetatik bederatzi hautatuta. Disko haren bidez zabaldu ziren bertsoak Euskal Herri osoan, Orioko mugetatik haratago.

Bernardo Otegi Manuel Olaizola patroiaren mutiletako bat zen traineru estropadetan. Balea harrapatzen ere han izango zen. (Ortiz Etxague)

Orioko kantuzaleak: Benito Lertxundik bertsoak Oriotik kanpo zabaldu zituenean –balea harrapatu zutenetik 76 urtera–, oriotar askok buruz zekizkiten, belaunaldiz belaunaldi ahoz transmitituta: amek haurrei magalean kantatuz; arrantzaleek, lehorreratutakoan, kantuz taberna zuloan; Gabonetako afari osteetan; herriko festetan… Horrela iraun zuten bizirik urte luzez.

Olasagasti: Ez dakigu haren izenik; badakigu, ordea, Olasagasti abizena zuela eta argazkilaria zela. Hari zor diogu Orioko balearen argazkia, Blanco y Negro aldizkarian argitaratua. Haren bidez, bertsoek ez ezik irudiak ere erakusten digu nolakoa zen balea hura, argazkilariari esker betikotu baitzen haren itxura.

Jose Mari Unsain eta Soco Romano: Argazkia Euskal baleazaleak. Berebiziko historia baten irudiak eta aztarnak liburuan ageri da (120. orrialdea). Jose Mari Unsain aiarra da egile nagusia, eta Soco Romanorekin batera argitaratu zuen lana 2012an. Aurreko urtean, 2011n, Baleazaleak erakusketa antolatu zuten Untzi Museoak; Unsain zen hango arduradun nagusia. Bai erakusketan, bai liburuan, Olasagastiren balearen argazkia ikus zitekeen. Bien lanari esker zabaldu zen balea haren irudia.

Udaletxeko batzar aretoan ere hantxe dago balea, arrantzaleekin borrokan. (utzitakoa)

Michael Barkham: Unsainen liburuan agertzen da Michael Barkham, aholkulari moduan. Halaber, aurtengo Balearen Egunaren programan ere parte hartu du: apirilaren 29an hitzaldia eman zuen elizaren zimitorioan, honako izenburu honekin: Ezagutzen al dugu Selma Huxley zientzialariaren historia?

Selma Huxley: Selma Huxley Michael Barkham Huxleyren ama zen. Urte luzez aritu zen euskal artxiboetan ikertzen, bereziki Oñatiko unibertsitateko agiritegian. Euskal baleazaleen historia aztertu zuen: Kanadako kostaldean, Ternua aldean, euskal arrantzaleek mendeetan egindako epopeia. Hari esker ezagutu genuen San Juan ontziaren historia, gaur egun itsas hondoan datzana; gaur egun, Albaola Itsas Kultur Faktoriak haren erreplika eraiki du. Halaber, haren ikerketek ekarri zuten XVI. mendeko Joanes Etxaniz arrantzale oriotarraren berri. 2020ko maiatzaren 4an hil zen, 93 urte zituela.

Orioko Udala: 1901eko maiatzean, Francisco Aiestaran alkate zela, balea harrapatu zuten arrantzaleak saritu zituen Orioko Udalak, 100 pezetako diru saria emanez. Udalak berak antolatu zuen, ziurrenik, Donostiatik trenez iritsitako jendetza haren harrera ere. 1980ko hamarkadan, Jose Mari Lizaso alkate zela, Selma Huxley Orioko adiskide kuttun izendatu zuten. 2001ean, Mirari Arruabarrena alkate zela, Balearen Egunaren lehen edizioa antolatu zuten. Eta 25 urte geroago, 2026an, Anuska Esnal alkate dela, udalak egitarau oparoa prestatu du, herritar askoren parte hartzearekin.

Balea, elkartearen izenean ez ezik, barruan ere hantxe dago: balea, arpoia eta bertsoak. (utzitakoa)

Iñake Irastorza: Balearen Egunaren lehen edizioetako batean, herri antzerki ikusgarria antolatu zen Orion, jende askoren parte hartzearekin. Iñake Irastorzak –Itxaspe baserriko alabak– hartu zuen antzezlan hura aurrera ateratzeko ardura. Herritar askorentzat, gainera, huraxe izan zen antzerki lan batean parte hartu zuen lehen aldia.

Balea elkartea: 1979an sortutako elkarte gastronomikoak Balea izena hartu zuen. Jangelako hormetan balearen irudia eta bertsoak ikus daitezke, dotore asko jarrita. Urte batzuk geroago, udalak balearen arrantzarekin lotutako hainbat irudi jarri zituen elkartearen ondoko plazatxoan: balea, traineruak, itsasoa, arrainak... Txoko atsegina osatu zuten, bertsoak kantatuz orain dela 125 urteko herria gogora ekartzeko.

Baleak plaza ere badu Orion: balea, traineruak, eguzkia, itsasoa, hegaztiak, arraintxoak, katua... (utzitakoa)

Gure Etxea elkartea: Goiko Kalerako eskaileretan dagoen Gure Etxea elkartean ere balearen gaia hartu zuten ardatz dekoraziorako. Sabaitik zintzilik daude balea harrapatu zuten bost traineruak, bakoitza bere izenarekin: Trinidad, San Antonio, Maria Jose, Ageda eta San Juan.

Jaian parte hartu duten herritar guztiak: "Denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Bakarka ezin da..." kantatzen zuen Mikel Laboak, eta arrazoi zuen: bakarka ez, baina herria bat eginda, dena da posible, ederki asko gainera. 

Duela lau urteko Balearen Eguna, balea eta arrantzaleak errioan. (utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide