Gaur egun edozeinek dauka argazki kamera. Ia denok daramagu aldean, eta argazki kamera izateaz gain, telefonoa ere bada, eta bideokamera, musika entzungailua, alarma, ordenagailua… denak batera tramankulu txiki horretan. Argazkiak nornahik egiten ditu, noiznahi eta nonahi, nork bere buruari ere bai. Kalean, edozein tokitan topatuko dugu jendea pose bitxiak egiten, dagoen gunea eta unea betikotzeko asmoz.
Gai hori asko aldatu da aspaldi honetan. Ia desagertu direnak argazkilari profesionalak dira, telefono kabinak bezala. Hala ere, gure herrian oraindik badira batzuk hortik bizi direnak. Rosana Arrutik eta Iban Egigurenek estudio bana dute. Biak dira argazkilari eta bideolari profesional: erreportaje edo erretratuak egiten dituzte, ezkontza, jaunartze eta bestelako ospakizunetan.
Euskal Herriko argazkigintza
Euskal Herriko argazkilaritzan izan dira artista handiak, arrastoa utzi dutenak. Sigfrido Koch, Jose Ortiz Etxague eta Indalecio Ojanguren dira horren adibide. Hirurek ere asko eman zioten gure inguruko argazkigintzari.
Sigfrido Kochen aitona Willy (1879-1950) Alemanian jaio eta, gaztea zela, Donostiara etorri zen. Han argazkigintzaren aitzindarietako bat izan zen, hiria nazioarteko turismoren helmuga bihurtzen hasi zen garaian. Donostiako badia, hondartzak, portua, pasealekuak eta ingurune naturala islatu zituen argazkietan: belle époque-ko turismo eta gizarte bizitza, arkitektura historikoa eta hiriaren eraldaketa urbanistikoa.
Sigfrido Koch Arruti bilobak (1936-1992) aitonaren bidetik segitu zuen. Haren lana funtsezkoa izan zen Donostiaren irudi historikoa ulertzeko: pertsona ezagunen erretratuak, paisaiak, kirola, herri jaiak, etnografia…, legatu handia utzi zuen. Haren argazkiek balio historikoa dute, XX. mendeko hiri aldaketa handien aurretik Donostia nolakoa zen ikusteko aukera ematen baitute.
Jose Ortiz Etxague Guadalajaran (Espainia) jaio zen 1886an, eta Madrilen hil 1980an, baina Euskal Herrian bizi eta lan egin zuen luzaroan, eta funtsezkoa da gure argazkigintzan. Haren lanak euskal tradizioak, paisaiak eta herri izaerako pertsonaiak dokumentatzen ditu; eta balio artistiko eta antropologiko handia du. Orion ere ibili zen, 1931n, eta herriko zenbait jenderen erretratuak geratu dira historiarako: Lino Solaberrieta, Eugenio Genova eta Bernardo Otegi arrantzaleak, besteak beste. Omenaldi ederra egin zien, haien nortasuna eta izaera argazkien bidez betikotuta. Otegiren argazkiko irudia mundu osoan zabaldu zen, 1977ko irailaren 12an, milioi eta erdi zigilu argitaratuta.
Indalecio Ojanguren Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1887an, eta bertan hil, 1972an. XX. mendearen hasieran Euskal Herriko kronikari handienetako bat izan zen, bere argazkien bidez. Ojangurenen irudiek idatzizko kazetari askoren kronikek baino gehiago adierazten zuten. Paisaiak, industria, arkitektura eta eguneroko bizitza jaso zituen argazkitan, balio historiko izugarriko artxibo dokumentala sortuz. Orion eta Aian ere ibili zen: baserriak, Hernio…
Ramiro: Orioko argazkilaria
Aspaldi ez dela, izan ziren Orion bi argazkilari, biak ere kanpoko jatorria zutenak: Ladislao Sanchez eta Ramiro Garcia. Ramirok argazki estudioa izan zuen, Antilla tabernaren ondoan. Hil zenean, haren alaba Maitek heldu zion lanari eta jarraitu zion lanbideari.
Maitek azaldu digu aita Ramiro zenaren biografia labur hau: "Aita Zamorako [Espainia] herri txiki batean jaio zen, 1928an, El Maderalen. Soldaduska Madrilen egin zuen. Kuarteleko denborak baldintzatu zion geroko bere bizitza. Han mutil euskaldun bat egokitu zitzaion ondoan, erdaraz ez zekiena; Ramirok lagundu egin zion euskaldunari giro arrotz hartan moldatzen. Mutil hark aldika-aldika paketea jasotzen zuen etxetik, eta barruan gazta, txorizoa… Ramirok pentsatu zuen euskaldun haren herrian ondo bizi zela jendea; eta soldaduska bukatutakoan hara joango zela. Holaxe egin zuen, 24 urte zituela: lehenengo, Eibarrera eta, han urte batzuk eginda, Oriora. Lanean hasi behar zuela eta, Arin y Embil altzari fabrikara jo zuen lan eske. Galdetu zioten ea zertan zekien, eta gezurtxo batekin erantzun zuen: bazekiela txaroleztatzen. Lantegian bazen beste txarolista bat eta harekin jarri zuten, Teresa Lertxundi Uxkun-ekin. Neska berehala konturatu zen Ramirok ez zuela ideiarik ere, eta mutilak apalki eskatu zion lanbidea erakusteko. Elkarren ondoan aritu ziren lanean, eta han maitasuna sortu zen. Biek 27 urte zituztela ezkondu ziren".
Lanbide asko
"Gerora, urte batzuetan udaltzain, eta gero pintore lanetan ere ibili zen, horretan bere kaxa ikasita. Autodidakta zen. Ramirok erakutsi zion, gerora, lanbidea iloba Durani, Orion pintaketa lanetan ibili denari. Esnal Lazkano lantegian ere egin zuen lan. Baina, lan horietan zebilela, bururatu zitzaion argazkigintzan lan egin zezakeela, Orion bazegoela tokia eta beharra zerbitzu hori emateko. Kamera bat erosi zuen, garai hartan garesti. Antonio Bailynek eskatu egin zion, eta zer da eta, jakin-minez, kamera ireki eta tripak atera zizkion; eta gero zer eta ezin pieza denak egokitu. Nolanahi ere, bide horretan segitu zuen eta 1961ean argazki denda zabaldu, estudio eta guzti, Antillaren ondoko lokalean. Geroztik bataio, jaunartze eta ezkontzetan aritu zen, herritarren ospakizunak kameraren bidez betikotzen. Ni, 11 urte nituenerako, lanbidea ikasten hasi nintzen. Gero, aitak utzi zuenean, nik eman nion segida. Aita 2002an hil zen eta nik 2018ra arte segitu dut argazkigintzan. Orain dela urte batzuk, Salatxo tabernan jarri zuten aitaren argazkien erakusketa".
Gaurko artikuluan hitz gutxiago dago. Hitz egin bezate argazkiek, elkarren osagarri!






