Herriko frontoiaren azken hatsak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain

Ezkerretik goian: Luis Atxega, Jose Antonio Arrillaga, Eusebio Eskudero, Gregorio Ostolaza, Juan Jose Segurola eta Juan Mari Garate; behean: Jose Ignazio Perona, Jose Mari Makazaga, Pello Ikazeta eta Jose Mari Agirre.

Apirileko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa ataleko artikulua da honakoa.

Jorge Oteizaren ametsetako bat izan zen hutsunearen esperimentazioa pilotaren munduan islatzea. Azkoitian haren espirituari heldu zioten 2006an eta, artista handia gogoan, haren omenez, herrian zazpi frontoi eraiki zituzten, zazpi espazio txuri, euskal herrialde bakoitzeko bat. Joserra Gartziak dioenez, Oteizak frontoiaren aldarrikapen harrigarria egin zuen ikuspegi estetikotik, frontoia kutxa metafisikotzat joz eta ezker pareta metafora gisa erabiliz. Oteizak zioenez, frontoiak ez dira pilotaleku huts, baizik eta hutsik dagoen espazio huts bat herritarrok betetzen duguna han herri-afaria, mitina, bertso saioa edo kontzertua antolatzen dugunean. Hutsunerik beteena zen harentzat frontoia.

Nekez izango da euskal herri bat ez daukanik ez elizarik, ez pilotalekurik. Gainerako eraikinak izango dira edo ez, baina eliza eta frontoia, bai; eta udalerrietan, bi horiez gain, udaletxea.

Herri batzuek frontoi asko dituzte. Zenbat frontoi ote ditu Aiak? Kontatzen hasita: Santio, Andatza, Aia, Urdaneta, Altzola, Elkano... Oriok, bakarra. Eta laster, bolada batean, batere ez, bota eta lekuz aldatuko dute. Beraz, azken egunak bizi ditu, azken hatsak. "Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe? kantatzen zuen Panpi Ladutxe Azkaingo pilotari handiak. Zer litzateke Orio frontoirikan gabe?", kantatuko dugu guk, badaezpada!

Frontoiaren historia

Euskal pilota da Orioko herrian praktikatzen diren kiroletatik zaharrena; batzuek arrauna dela pentsatuko dute, baina. Hauxe dio frontoiaren historiaz Luis Azkuek udalaren izenean Orioko frontoiaz eta pilotariez 1977an plazaratu zuen koadernotxoan:

"1919ko San Pedro bigarrenean (ekainak 30) inauguratu zen frontoia. Egun hartan erremonteko partida bat eta eskuko bi jokatu ziren. Proiektua Luis Elizalderena izan zen, eta obren kontratista Ignazio Arsuaga, alkate Jose Migel Azkue zela. Obrak 20.260 pezetako kostua izan zuen.

Omenaldia Manuel Lasarteri, 1981-05-24an. Pako Etxeberria, Lazkao Txiki, Lopategi, Azpillaga, Lizaso eta Xanpun bertsolariak;Eusebio Lasarte, don Andres apaiza eta Jose Mari Lizaso alkatea.

1935ean, frontiseko oraingo harria jarri zuten, alkate Juan Azpiroz zela; eta 1936ko San Pedro egunean inauguratu zen. Gregorio Azpiazu zen arkitektoa. 15.137,85 pezetako kostua izan zuen obrak. Tolosako Beotibar frontoia eraiki zutenean sobratutako harria erabili zuten: Sillero harria. Lanak 1935ean abiatu zituzten eta 1936an bukatu. Inaugurazioa San Pedro egunean egin zuten, erremonte partida batekin.

Pilotalekua estali 1977an egin zen, alkate Jesus Mari Aiestaran eta arkitekto Ramon Gabarai zela; obraren kontratista, Anduko Domingo Lertxundi. Inaugurazioa maiatzaren 21ean izan zen. Obraren kostua: 8.620.330 pezeta".

Frontoiaren azken berritu aipagarria 2009an egin zen: margotu eta txukundu. Sanpedroetan egin zen inaugurazioa, frontoia altxatu zeneko 90. urteurrenean. Ekitaldian, Bixente Lasa zinegotziak istorio bitxia azaldu zien herritarrei, hari Xanti Ibirriaga Maxpildik kontatua:

"Xanti mutil koskorra zela, eta Alberto Agirrerekin batera frontoiaren atzealdeko baratzean jostatzen ari zela, marruak aditu zituzten frontoitik. Korrika batean hara joan eta lurrean gazte bat topatu zuten etzanda, burua odoletan, sekulako zartada hartuta ia irekita zuela. 1935. urtea zen, gerra aurrekoa, frontoian aurreko horma berria jartzen ari ziren. Langileak porlana igotzen ari ziren kankarta batean, soka baten bidez. Horretan, soka eten, ia goian zegoen ontzia erori eta behean zegoen langile gaztea buruan jo zuen, bete-betean. Mutil hura paretaren gainean igota zegoenaren semea zen.

Konorterik gabe eraman zuten, larri. Inork ez zuen txakur txiki bat ere ematen haren biziagatik. Baina, gaztearen indarra edo San Pedroren laguntza, hilabetera lanean zen berriz frontoian".

Benito Briten dantzari taldeko Idoia Pagadizabal eta Jose Luis Iturain dantzan. Atzean, ezkerrean eserita, Jose Antonio Oliden epaimahaikidea, 1973an.

Kiroldegi eta Kultur Etxe

Herrian 1996an Kultur Etxea eta 2001ean kiroldegia zabaldu ziren arte, ia mende oso batean bi funtzio horiek bete zituen frontoiak: toki eman zien pilotaz aparteko hainbat kirol eta kultur emanaldiri eta erakustaldiri. Gainera, jendearentzako topaleku ere izan da, herriko bigarren plaza.

Frontoi zaharra, 1977an haren gainean berria eraiki zen arte, irekia zen, estali gabea. Bi sarrera zituen, oraingo atearen tokian bata, eta Goiko Kalerako aldapan bestea. Barruan ez zen aldagelarik, ez kantinarik; baina dema plaza zegoen, idi demarako, eta dema harriak, jakina. Arbolak ere baziren, udan itzal eder askoa ematen zutenak, eta harmaila, eserita lasai egoteko.

Alde baserriko Luis Atxega harri-jasotzailea, 1951n Usategietarekin lehiatu zenean Orioko frontoian.

1977an, frontoia estali eta berritu zenean, kendu zen demarako galtzada harrizko eremua. Dema harria Igeldora eraman zuten. Estaltzearekin batera, gauza berri asko jarri ziren: tantoen markagailua, argiak, ikusleak babesteko sare metalikoa, ikusleentzako oraingo harmailak, haien azpian bi aldagela, dutxa eta guzti, eta kantina, urte askoan Eduardo zenak kudeatu zuena.

Berria egin arteko hamarkada luzeetan herriko tokirik estimatuenetakoa izan zen pilotalekua. Egun argiz ia beti beteta, zain egon behar izaten zen aurrekoek noiz bukatuko, edo frontoian ume jendea baldin bazebilen, gizonezko heldu batzuek egin ohi zutena egin: "Hi, txikito, nahikoa egin duzue, orain gure txanda da". Beste aukera bat pilotan denak batera ibiltzea zen, kaleraka: hutsa egiten zuena kanpora, bat eta bakarra nagusitu arte. Igande goizetan, mezatatik atera eta korrika joaten ziren gazteak frontoira, nor lehenago iritsiko. Euria egin zuelako bustita zegoenetan, zerrautsa eta erratza eramaten zuten, zorua nolabait ere lehortzeko.

Herri kirolak

Herri kirolentzako plaza ere izan zen pilotalekua, dema plaza, idi demarako bi harri handi zeuden han. Luis Atxega Alde harri jasotzaileak hainbat saio egin zituen. 1951ko apirilaren 1ean 125 kiloko harri kubikoarekin lehiatu zen Usategietaren kontra, bentaja emanda: Usategietak hamar minutuko hiru txanda, eta Atxegak zortzi minutuko hiru. Hala ere, Atxega nagusitu zen 117 altxaldirekin, kontrarioak baino lau gehiago. Adinekoek diotenez, Orioko frontoiak 1954ko maiatzaren 16an hartu zuen jendetzarik handiena. Igande hartan gizon proba jokatu zuten: Orioko selekzioa Aiakoaren kontra, 3.410 kiloko harritzarra mugitzen, ordu erdiko saioan zeinek plaza gehiago egin. Oriokoa nagusitu zen hiru plaza eta bi zinta eginda. Alanbrero zuten erakustaile oriotarrek, eta Alde aiarrek. Orioko taldean baserritarrak ziren denak: Itxaspe, Lizargate, Longa, Aldape, Muniota, Aizperro, Errezabal, Andu eta Itzaizkoa. Animalien arteko norgehiagokak ere izan ziren, ahari talkak adibidez.

Orioko Iuistarrak, boxeo-borrokaldian frontoian. Vicente Diez eta Manuel Atorrasagasti (Toki Alaikoa) boxeatzen; eta Florentino Arrizabalaga, epaile.

Gaur egun Getariako futbol taldeak Orioko futbol zelaian jokatzen duen bezala, Usurbilgo eskubaloi taldeko seniorrek eta juniorrek bi denboralditan (1967-68 eta 1968-69) Orioko pilotalekuan jokatu zituzten partidak, igande eguerdietan. Mailaz igo berriak ziren, eta Usurbilgo frontoiak ez zituen betetzen goiko mailakoen araudiko neurriak, estu geratzen zen eta arriskutsu, eta Santuenea auzoan jokaleku berria egin bitartean aritu ziren Orion. Saskibaloian ere jokatu da, herrian nesken taldea sortu zuen Zaragueta eskolako Joakin Aranburu maisuak 70eko urteetan, eta batzuetan frontoian jokatzen zuten partida.

Kirol bitxi askori ere eman izan die leku gure frontoiak. Festetan, patinen gaineko hockey-ko partidak jokatu dira, Anjel Linok gogoratzen duenez. Gipuzkoako boxeolari onenak borrokatu ziren frontoiaren erdian jarritako ring-ean. 1983an, futbitoko lehen txapelketako finala bertan jokatu zen, baita kriketean aritu ere, herriko pakistandarrak azken urteotan...

Erreportajeko argazki guztiak Orioko frontoikoak dira. Sokatira saioek jendetza handia biltzen zuten frontoian. Talde hau 1977-1982 garaian ibili zen.

Boxeoa, bertsoak, kontzertuak…

Hondartza aldean, 1978an, Antilla futbol zelaia egin zen arte, mutil koskorrak futbolean ere ibiltzen ziren frontoian. Aste Santuko egunetan sekulako futbol partida jendetsuak izaten ziren; denak han, tabernak, futbolin tokiak eta dena itxita egoten baitzen, eliza eta frontoia bakarrik zabalik.

Pilotalekuaren beste funtzio bat arratsean gauzatzen zen, argi gutxiko orduetan, orduan neskak eta mutilak elkartzen ziren han; nerabeen eta gazteen topaleku izan zen frontoia belaunaldi askorentzat, ligatzeko toki.

Baina kiroldegi ez ezik, Kultur Etxe ere izan zen Orioko frontoia. Herri bazkariak izan dira. Hainbat musika taldek jo dute han: Minxoriak, Egan, Akelarre... Benito Lertxundik Nafarroako Erriberari eskaini zion kantuaren hitzen oihartzuna arnasten da Orioko frontoian, haren azkenetan: "Zure horma zaharrek gorderik duten antzina, hats tristetan mintzo da haren mina".

Goian, Ignazio Eizmeni Basarri bertsolaria, esatari lanetan; ezkerrean, Julian Idiakez, Aurrezki Kutxaren ordezkari, eskuinean, Jesus Mari Aiestaran alkatea, haurrez inguratuta, kirol proba batean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide