Lontzoneko Ramon eta Portuko Martina eta Erramun

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko mai. 8a, 08:00

Ramon Azpiroz Anabitarte, 1913an, 18 urterekin, Riff-eko gerrari iskin eginda, Argentinara joan zen. Argazkian, Maria Antonia Dorkazbero emaztearekin.

Martxoko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa ataleko artikulua da honakoa.

Historian zehar jende asko joan da Euskal Herritik Argentinara bizitzera. Batzuk oso ezagunak; adibidez, aspaldi honetan Ameriketan izan den politikaririk umilena eta karismatikoena: Jose Mujika Uruguaiko presidente ohia. Haren arbasoak Gipuzkoako goierritarrak ziren.

Jose Mari Iparragirre ere, 1820an Urretxun jaio eta Euskal Herriaren historian izan den kantaririk eta musikagilerik enblematikoena, Gernikako Arbola ereserkia sortu zuena, Uruguai eta Argentina aldean ibili zen. 1858an, itsasontziz joan zen Baionatik Argentinara, Angela Kerexetarekin batera. Han ezkondu eta zortzi seme- alaba izan zituzten. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen Iparragirre hemeretzi urtez, Euskal Herria beti gogoan. Harena da kanta hau: "Ameriketara joan nintzan, xentimorik gabe, handik etorri nintzan, maitea, bost milioiren jabe. Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, harexek ematen dit maitea bihotzean poza!" .

Iparragirre bezala, Argentinan ibili zen XIX. mendean Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolari zizurkildarra, herrimina, nostalgia, bertsotara modu hunkigarrian eraman zuena. Otaño hiru aldiz joan zen Euskal Herritik Argentinara. Hirugarrenean, Pasaiako portuan bertsolariak izan ziren Otaño agurtzen: Txirrita eta Gazteluko Gorri oriotarra. Txirritak honako hau kantatu zion: "Makiñat jende Antxo aldera pausua eman deguna, Amerikara dijualako gure Pedro Mari ona". Otañok ezin izan zion erantzun, emozioak jota.

Mikel Markezek badu kanta bat Otañok oroiminez Donostiari jarritako bertso bikainekin ondua, Urrutiminez: "Urruti zaude eta zaila da ni zugana iristea/ horrenbeste nahi dizun batentzat zer bizimodu tristea/ alaibide bat bakarra daukat ametsetan sinistea/ zu ikusteko nonahi aski det nire begiak ixtea" .

Benitok ere musikatu zituen Otañoren bertsoak. Semea aitari ari zaio: "Amerikara noa nere borondatez/ hemen baino hobeto izateko ustez/ aspertuxea nago hemengo izatez/ agur, aita eta ama, ondo bizi bitez// Kafea hartutzen det egunean bi aldiz/ baita paseatu ere nik nahi haina zaldiz/ jan-edanaren faltik ez, osasuna berriz/ aita, bizimodu hau Donostian izan balitz".

Manuel Lasartek ere jarri zien bertso sorta bat euskal- argentinarrei: "Ainbeste dira Euskal Erritik kanpora irten ziranak/ Argentinan ta beste paraje askotan bizi diranak/ Baiña guztiok senide gera lur artan jaio giñanak/ ori garbiro ikusi degu zuekin bildu geranak/ anai-arrebak, bertso onekin agurtzen zaituztet danak".

Jose Mari Iparragirre euskal bardoa Argentinan eta Uruguain ibili zen, artzain lanbidez, abestiak sortzen eta kantatzen beti.

Oriotarrak Argentinara

Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea ere –horiek XX. mendean–, Argentinan ibili ziren biak. Han ezagutu zuten elkar. Oteiza 1935etik 1948ra izan zen han, Kolonen aurreko artea aztertzera eta lantzera joanda. Ez zuen bizimodu erraza izan han; hainbat zereginetan ibili behar izan zuen, besteak beste hil maskarak egiten.

Zenbat ote dira historian zehar Argentinara bizitzera joandako aiarrak eta oriotarrak? Zenbat istorio? Auskalo! Guk birenak bildu ditugu: Orioko Ramon Azpirozena eta Portu baserriko indotarrena.

Lontzoneko Ramon Azpiroz

Ramon Maria Azpiroz Anabitarte 1895ean jaio zen Orioko Lontzo Enean, hirugarrena bederatzi senideko familian. Haien aita Lorentzok sagardotegia zeukan, dolare eta guzti. Sagardotegi hura izan zen 1965ean, Arraun Olinpikoko kluba sortu zenean, urteetan arraunontziak gordetzeko erabili zuten lokala. Ramonek, 1913an, 18 urte zituela, soldaduskarako garaian, Espainia Maroko iparraldeko Rifen gerran hasia zela, Argentinarako bidea hartu zuen.

Haren biloba Martin Azpirozek idatzi digu Bahia Blancatik bere aitonaren berri emanez: "Argentinan, Bahia Blancatik gertu dagoen herri batean jarri zen bizitzen, Pedro Luron. Hasieran, nekazari aritu zen; gero, makinak konpontzen. Herri hartan ezagutu zuen koinatua izango zena, Nikolas, eta haren arreba Maria Antonia Dorkazberro Lakunzarekin ezkondu zen, gure amonarekin. Seme bat izan zuten, Hector. Aitonak Bahia Blancako tabakalera batean lan egin zuen, erretiroa hartu arte".

Ramon, seme Hectorrekin. Ramon behin itzuli zen Oriora, emazte eta semearekin batera, azpiroztarren familia bisitatzera, 1972an, hil aurreko urtean.

Ramonek Bahia Blancan ezagutu zuen Xanti Arregi Anabitarte, amaren aldeko lehengusua. Arregik 1936ko gerran Espainiako Errepublikaren alde borrokatu zuen, eta gero Makian ibili zen Bigarren Mundu Gerran.

Don Ramon 1973an hil zen, 78 urte zituela (Don Ramon idazten du Martinek bere aitonaz ari denean). Hil aurreko urtean, 1972an, bisita egin zuen Oriora, lehen eta azken aldiz, behin. Emaztearekin izan zen, eta asko gozatu zuten. Festetan beti kantatzen zituen euskal abestiak. Haien artean bazen bat Cambridgeren aurkako estropadan Orioren garaipena aipatzen zuena: "Gure aita, Hector Ramon Azpiroz Dorkazberro –zortzi abizen euskaldun zituen– 1931n jaio zen eta 1982an hil. Bankaria izan zen bizitza osoan, gaixotasunagatik erretiroa hartu zuen arte, eta bertan hainbat lan egin zituen bere bihotzak nahikoa zela esan arte".

San Lorenzo futbol taldea da Martin Azpirozen kutuna, Argentinako beste euskaldun askorena den bezala. Estadioak Pedro Bidegain du izena, eta oraingo kapitaina Iker Muniain da, hara Athletic-etik joandako nafarra. Euskaldunen talde horrentzako zaletasuna 1936ko gerra garaikoa da. Orduan joan zen San Lorenzorekin jokatzera Athletic-etik Langara. Amerikarako bidaian aste batzuk emanda, iritsi zen egunean bertan partida jokatu eta lau gol sartu zituen. Bazkide zaharrek oso gogoan dute oraindik. Martinek, gainera, Lorentzo –Lontzo– zuen birraitona.

1913an Ramon Ameriketara joan zenean, haren aita Lorentzok bertsoak jarri zizkion etxetik joandako semeari, aurretik beste euskaldun batzuek egin zuten bezala: "Aita Lorentzok jartzen dizkizu Oriyotikan bertsuak/ Ameriketan jakin ditzazun emengo kontu batzuak/ ortik pentsatu zenbat nai dion seme bati gurasuak/ nahi dezunian etorri zaitez zabalik dauzkat besuak//. Ama zaarra emen daukagu, andre ona ta dultzia/ bere semia ez luke naiko Ameriketan galtzia/ ona etorri ta alako bati bota zaiozu begia/ aitak zer poza artuko lukeen esaten dizut egia".

Portu baserriko Erramun

Juan Luis Amilibia Indok asko maite du Argentina. Hiru aldiz izan da bertan (Otaño bezala). Lehen aldiz Antonio Mujika Erretzabal zenarekin. Aurrena Txilen izan ziren, Buenos Aireseraino Bilboko otxote batekin joan ziren; handik Txileko Santiagora, biak bakarrik. Pinochetek estatu kolpea jo eta sei hilabetera izan ziren han. Antoniok entzuna zuen han bazirela angulak eta haren merkatua sortzeko asmotan jo zuten hara. Alferrik, Argentinara banderillero joandako andaluziar batek kortijoan zeukan arrandegi handi batean izan ziren, Valdivian. Angulak omen zirenak bestelako arrain txiki-txikiak ziren. Plana ez zen atera nahi bezala. Etxera etorri aurretik, Albert Mainella Orion entrenatzaile ibilitako frantziarrarekin egon ziren, hura Txilen atletismoko kirolariak entrenatzen zebilela.

Portu baserrian jaio eta Argentinara joandako Martina Yndo ez zen inoiz itzuli Euskal Herrira. Argazkian, haurra altzoan duela, familiarekin.

Bigarren aldian Amilibia enpresatik joan zen, Valdes penintsularen inguruan portu bat jartzeko asmotan. Hura ere ez zitzaion atera berak nahi bezala. Hirugarrenean, Jose Migel Makazagarekin, oporretan.

Juan Luis Amilibia Indok eta Maider Alkorta Indok eman digute Portu baserrian jaio eta orain 123 urte Argentinara joandako anai-arreba Martina eta Erramun Yndo (horrela idazten zuten) Ezeizaren berri. Portuko Jon eta Mikel Lizarralde arraunlarien amaren aitonaren anai-arrebak ziren Erramun eta Martina.

Martinak 23 urte eta Erramunek 16 urte zituztela jo zuten Argentinara. 1902ko urtarrilaren 4an iritsi ziren Buenos Airesera, Bordeleko (Frantzia) portutik itsasoratutako ontzian. Argentinan jendea behar zuten, hegoaldean ia hutsik zeuden lurrak okupatzeko.

Karabanan hegoaldera

Erramun karabana batean joan zen, hegoalderantz zihoazen kolonoekin. Rio Negro aldera ailegatuta, han bazen ibai zabal bat, alde batetik bestera pasatzeko astebeteko buelta handia eskatzen zuena. Erramun ur ondokoa izaki, berehala jabetu zen han zeukala berak lana. Sistema bat asmatu zuen karabanak alde batetik bestera pasatzeko, enborrekin osatutako almadien bitartez. Ibaiaren alde bietan poste izugarri handi bana lurrean tinkatu eta haietatik zintzilik kable bat airean eta beste bat uretan, eta almadiek bi kableei lotuta igarotzen zuten ibaia. Rio Negroko portuan ere lan egin zuen, hara iristen ziren merkantziak aurrena txalupan eta gero kamioiz batera eta bestera zabaltzen.

Raul (ezkerrean) eta Pedro (eskuinean) anaiak, Martina Yndoren semeak, futbolean aritu ziren. Argazkian, Boca Juniorsen elastikoa dutela.

Erramun izan zen han automobila eskuratu zuen lehenengoetakoa. Zazpi seme-alaba izan zituen. Cinco Saltosen hil zen 1953an. Haren seme Raul Rio Negron jaio zen; eta biloba, hura ere Raul izenekoa, gaur egun Olavarria hirian bizi da, abokatua da eta handik kontaktu zuzenean dabil Portuko Maiderrekin, bien artean Portukoen zuhaitz genealogikoa osatzen.

Martina Yndok, berriz, Leitzan jaiotako gizon gaztea ezagutu zuen: Juan Frantzisko Zabaleta. Azul izeneko hirian ezkondu ziren. Han, Zabaleta Yndo senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten. Senarrak kinta bat zuen Buenos Airesetik ez urruti, hamabost hektareako landetxe handi bat. Argentinara joan aurretik Frantzian basozain ibilitako nafarrari oso ondo zihoakion Argentinan.

Portun geratu zirenek eskutitzez Argentinara joandako Erramunen eta Martinaren bizimoduaren berri izanda, beste bi anai: Martin Manuel eta Martin Antonio Yndo, eta haien denen ama ere, Beizaman jaio eta Portura ezkondutako Serafina Ezeiza, Argentinara joan ziren. Serafina ama, behin, Buenos Airesen okindegi batean sartu, eta han zein topatuko lanean, eta Olatxo baserriko neska! Portutik ehun metrora dagoen baserrikoa, gaztetako lagunak biak, denbora askoan elkarren berri izan gabe, Portukoak Olatxokoa non bizi zen ere ez zekiela.

Erramun Yndo Ezeiza, alaba Celiarekin, 1952an.

Portuko Erramunek eta Martinak Argentinan ez zuten elkarren berri izan urte asko pasatu ziren arte. Halako batean, Portutik bidalitako gutun baten bidez jakin zuten batak bestearen berri.

Martina 1950ean hil zen. Haren alaba bat, Ana Zabaleta, Argentinan irakasle ibilitakoa, handik urte askotara, amaren jaiotetxe Portu baserria ezagutzera etorri zen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide