Lau Lertxundi elezale, Orioko L-ak: Jose, Errikotxia, Benito eta Anjel

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko ots. 16a, 08:00

Abenduaren 14an Gernikako mendizale taldea Zumaiatik oinez etorri zen Oriora eta plazan Benitorekin eta Mikelekin topo egin zuen. Kantari ezagunarentzat, famaren prezioa.

Iñaki Iturainek urtarrileko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean lau Lertxundi izan ditu hizpide: Jose Frantzisko, Joxe Agustin, Benito eta Anjel.

Ele-k hitza esan nahi du Iparraldean. Eleduna hiztuna da, hitza darabilena, ahoz edo idatziz. Elezaleak hitza du gustuko, hitzaren maitalea da. Euskal literatura, bertsolaritza eta kantagintzako pertsona ezagun askoren (ab)izenak L-rekin hasten dira: Lizardi Xabier, Lauaxeta, Labegerie Mixel, Laboa Mikel, Lourdes Iriondo, Lete Xabier, Larzabal Imanol, Lekuona Julen, Loidi Fabian Igeldoko apaiz idazle oriotarra, Lasarte Manuel Orion bizi zen bertsolari leitzarra, Lertxundi Jose Mari bertsolari aiarra...

Azken urteotan, batetik eta bestetik, lau istorio polit iritsi dira gure begi-belarrietara. Lauretan, oriotar bana protagonista: lau Lertxundi. Lertxuna zuhaitza da, Euskal Herrian nahiko ohikoa. Ele sinonimo asko ditu: orrikara, firi-firia... haizeak hostoak mugitzean dakarkion dardaragatik.

Lertxunak lertxun eta lertxundiri lertxundi, lau Lertxundi elezale Orion: Jose Frantzisko, Joxe Agustin, Benito eta Anjel. Aita Lertxundi, Errikotxia, Uxkun eta Andu. Bi, XIX. mendekoak; beste biak, XX.ekoak. Denek hizkuntzarako joera eta zaletasuna, bakoitza alor batekoa, hizkuntza era desberdinean landu duena, denak elkarren osagarri: poliglota, bertsolaria, kantaria eta idazlea.

Chipionako (Espainia) frantziskotarren konbentuaren aurrean Aita Lertxundiren estatua bat daukate. Makina bat oriotar pasatu da handik.

Aita Lertxundi: eleaniztuna

Orioko kale luzeenak Aita Lertxundi du izena: Anibarko Portutik Aitzondora. Baina izango dira herritarrak ez dakitenak nor zen Aita Lertxundi. Orion jaio zen 1836an eta Tangerren (Maroko) hil 1896an. 17 urterekin fraide joan zen Arantzazura. Osasun ahula zuela eta, medikuak aginduta, hegoaldera jo zuen. Marokora iritsi zen, Tangerrera. Han, 1877an, Misioetako Prefektu izendatu zuten.

Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuan dator Aita Lertxundiren aipamena: "Oscar Wilde idazlea ez bezala, zeinak umorea egiten zuen hango jendearen hizkera guturalarekin, Jose Lertxundi begirune handiz hurbildu zen Marokoko hizkuntzetara. Hara iritsi orduko erabaki zuen arabiera ikastea. Mulei Hassan I sultana Marokoko erregearentzat itzultzaile aritu zen Marokoko agintarien eta espainiar enbaxadorearen arteko harremanetan; baita Leon XIII. aita santuarekin izandakoetan ere; Lertxundik arabieraz primeran zekielako. Tetuango Arabiar Ikasketa Eskola fundatu zuen. Oriotarrak derrigorrezkotzat zuen tokian tokiko hizkuntza ezagutzea. Arabiera klasikoaz gain arrunta ere ikasi zuen, eta arabiera dialektalari buruzko eskuliburu bat sortu: Rudimentos del árabe vulgar que se habla en Marruecos, espainolek arabiera ikas zezaten laguntzeko. Gero, Vocabulario español-arábigo hiztegia ere argitaratu zuen".

Gure herritarrak tokiko hizkuntza maitatu, landu, edertu eta zabaldu zuen Afrikako lurretan.

Errikotxia: sagardotegiko elea

Orioko bertsozaleen elkarteak Errikotxia izena du, 1855ean jaiotako Joxe Agustin Lertxundi Errikotxia bertsolariari hartuta. Errikotxia Orioko Muniota baserrira ezkondu zen. Madrilgo Estampa astekarian, 1928-10-30ean erreportaje bat plazaratu zen: Manzanas, sidra y bertsolaris en los caseríos guipuzcoanos. Errikotxia da protagonistetako bat: "… Usurbilgo San Esteban auzoko Saltxipi baserrian orain ari dira sagar biltzen. Emakume indartsu batek enborra astinduta, sagarrondoak sagar guztiak askatu ditu. Hango sagardoa da Gipuzkoako onena. Espainia guztian saltzen da, Ameriketan ere bai. Gaur hemen Tomas Soroa ezagutu dugu, sagardoaz asko dakien baserritarra. Soroak gizon bati esan dio: "Aizak, Errikotxia, jaitsi sagardotegira eta esan neskari zabaltzeko festetarako gordeta geneukan upela". Handik gutxira, denak sartu dira sagardotegian eta sagardoa dastatzen hasi, edalontziko azken kondarra lurrera boteaz. Trentza horiko neskatxak edalontziak sagardoz bete orduko, husten dituzte gizonek. Halako batean, bertsolariaren ahotik kopla entzun da: "Errespetoz agur bat, egiñaz denari/ orain zurekin nua astera kantari/ ez pentsa kabitikan naizela erori/ belarriyak berotzen banazkitzu neri/ adituko dituzu zuriak eta bi".

Bertsolariek, basoak sagardoz beteta, elkarri ziria sartzen segitu dute, inork etsi gabe; bertso-borrokak ez du bukaerarik, entzuleak gustura. Honezkero, hogeina basokada edan ditzute. "Gu bagoaz, zein nagusituko den jakin gabe".

Argazkian, Orioko bertsozale-taldeari izena eman zion Errikotxia (behean, eskuinetik bigarrena), emaztea eta haien bederatzi seme-alabak. Bertsolaria eta danbor-jolea zen.

Uxkun: elearen memoria

Lan baterako, 2021-10-26an Benitori telefonoz galdetu genion ea gogoan zuen noiz hil zen bere taldekide Martin Irizar pianojole beasaindarra. Berehala erantzuna: 1990eko San Fermin festen azken egunean, uztailak 15, igandea. Luze aritu zitzaigun, honela:

"Hil bezperan, larunbata, Bidarrain izan ginen, kontzertua ematekoak ginen herriko frontoian, aterperik gabeko ezkerparetan. Argi berriak genituen, estreinatzekoak. Ilunabarrean dena prest geneukan. Azken entsegua egiten ari ginela lainotzen hasi zen, hodei beltzak, gero eta beteagoak. Ikaratu egin ginen: argiteria guztia berria, aterperik gabe… Arduradunari esan genion: 'Euria hasten badu, arrisku handia dago'. Hark ezetz, ez kezkatzeko, artzainak esana ziola ez zela euririk. Horrela ari ginela, euria hasi. 'Ikusten, hasi du', hark, ezetz, ez zela euririk, artzainak hala esan ziola. Bitartean euria gero eta biziago. 'Kontzertua beste baterako utzi beharko dugu', eta besteak ezetz. Tipoa artzainaren kontuekin utzi eta taldera jo nuen. Denak ados: gaua itsusi zetorren eta, damutu baino lehen, hobe genuen martxa egitea. Di-da, dena jaso eta atzean utzi genuen Bidarrai. Etxera bidean, Irungo Mosku auzoan geratu ginen zerbait hartzen, elkarri agur esan aurretik. Mugaldean, poliziei paperak erakustera atera zen autotik Martin. Oso jostalaria zen; sekulako zaparrada ari zuela, beste hiru autoei parabrisaseko linpiako bi adarrak tokitik aterata, autotik irtetera behartu gintuen. Gau hartan lotarako denbora gehiago izango zuenez, tabernatik telefonoz deituta Martin igande goizean lagun batekin bizikletan ibiltzekotan geratu zen.

Benito Lertxundi, 60 urteko kantu-ibilbideari ekin berritan.

Igande goiz hartan Martin eta laguna bizikletan Beasaindik abiatu, eta Iruñetik gaupasa eginda autoan zetorren gazte batek biak harrapatuta hil ziren. Martinek Marino Lejarreta zuen gustuko txirrindularia. Ba, egun hartan, arratsaldean, Marinok Frantziako Tour-eko etapa irabazi zuen, Martin omenduz bezala. Arratsaldean gu Martinen etxean izan eta gero, baserri-taberna batera igo ginen. Telebisioa piztuta zegoen, pantailan Phil Collins kantari. Huraxe zen Martin Irizar pianojolearen musikari kuttuna, hura maite zuen".

Benitori gauzak ahaztu egiten omen zaizkio, alajaina! Martin noiz hil zen galdetu eta istorio eder bezain hunkigarri hori kontatu zigun.

Andu: eleberria

Juan Kruz Igerabideren azken nobelako (Doneaneko alaba, 169. or.) pasartea da hau: "Zarautzen, Lizardiri omenaldia egin zioten, heriotzaren 40. urteurrenaren harira, haren poesia ardatz hartuta. Parrokiko aretoa gainezka zegoen. Gabriel Aresti ez zuten gonbidatu mahai ingurura, espainolista omen zelako; hala ere, agertu egin zen eta jende artean eseri, zutabe baten atzean. Ikusi nuenean, ondoan jarri nintzaion, bostekoa eskainiz. Asko miresten ditut zure liburuak eta zure jarrera –esan nion. –Bakarra zara, antza denez –erantzun zidan, hotz samar. –Hobe bat benetakoa, mila lausengari baino. –irribarre ahul bat irten zitzaion.

EHUk Anjel Lertxundiren obra literarioari buruz liburua plazaratu berri du. Haren azala da argazkia.

Baina ez nintzen hango miresle bakarra: estimatzen hasia nintzen oriotar idazle gazte bat zegoen mahai-ingurua moderatzen eta, Aresti begiz jo zuenean, mahaira gonbidatu zuen. Arestik, ezetz; destaina egina zioten antolatzaileek eta berandu zen noski konpontzeko. Ekitalditik irteterakoan, idazle oriotarra parean izan nuen, eta bostekoa luzatu nion. –Zorionak, egin duanagatik. –Aurrena, gizalegea. Gero, gainerako apaindurak eta kalamatrikak –erantzun zidan".

Anjel Lertxundi Andu zen oriotar idazle gazte hura. "Aurrena, gizalegea", horixe erakutsi du geroztik ere bere literatur ibilbide osoan.

Joxe Benito eta Paula, aiton-bilobak

Joxe Benito Lertxundi Errepublikaren defentsarako komisariako buru izan zen. 1936an gerra hasi zenean, familia hartu eta herritik ihes egin zuen. Gerrako urteak Frantzian igaro zituen, senideekin. Bigarren mundu-gerran, 1942an, Frantzia utzi eta Argentinara joan ziren. Urte asko egin zituzten han. Emaztea, Serafina Genova, han hil zen, 1951n. Joxe Benitok ez zuen bertan etsi nahi eta Oriora itzuli zen hil aurretik. Jaioterrian zendu zen, 1973an, 82 urterekin. Herriko hilerrian dago, emaztearen errautsekin batera.

Paula Lertxundi haien biloba da. Buenos Airesen jaio eta bizi dena. Arkitekto lanetan aritu da erretiratu den arte. 2008an Euskal Herrian izan zen, Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara ikasten. Behin Oriora etorri ziren egun-pasa hango zenbait ikasle. Estropada zen errioan. Salatxo tabernaren parean zeuden, eta zer da eta batek balkoi batean Benito ikusi zuen. Marruz hasi zitzaizkion, argentinarrak zirela eta jaisteko, harekin hitz egin nahi zutela. Benito jaitsi eta hitz eta pitz aritu ziren. Argentinara joateko, gazteek, baina Benito ez zen, noski, Iparragirre bezala, gitarratxo bat hartu eta ozeanoaren beste aldera joan.

Paula Lertxundi, Buenos Airesen jaio eta bizi den euskal-argentinarra, 1942an Bigarren Mundu Gerratik ihesi Argentinara joandako Jose Benito Lertxundiren biloba.

Anjel Lertxundiren hitzaldi batean ere izan zen Paula, Donostiako Miramar jauregian. Hitzaldia bukatuta, Paulak harekin hitz egin zuen. Anjelek esan zion, familiakoak egiten direla. Paularen osaba oriotar batek, Zarautzen bizi zen Remigio Lertxundik, berriz, esan zion Aita Lertxundiren senide ere badirela.

Lertxunditarren pasadizoak anekdotikoak dira, baina esanguratsuak, asko erakusten dutenak: hizkuntza txikientzako maitasuna, bat-batean bertsotan festa jartzeko gaitasuna, oroitzeko gaitasun harrigarria, eta edozein egoeratan zintzo jokatzeko erabakimena.

Bosgarren Lertxundi batek, emakume argentinar batek, eman digu aitzakia Orioko lau lertxunditarren eleak lotzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide