Andatza, San Pedro, Aristerrazu. Hiru izen, Aiako auzo txiki bat izendatzeko: izen ofiziala, elizarena eta bertako baserri ezagunenarena. Ekainaren 28a, San Pedro bezpera. Hango plazan, Aiako udal brigadako langileak lanean ari dira. Dagoeneko jarriak dituzte banderatxoak, alderik alde doan sokatxotik zintzilik. Bederatzi bandera desberdin, zerbaiten ikurrak denak ere. Bakoitzak bere esanahia du, gure gizartean indarrean dauden ideologien erakusgarri: presoak etxera ekartzeko bi geziak; feminismoaren morea; errefuxiatuak iheska (aita-amak eta haurra, korrika); sozialismoaren izar gorria; Euskal Herrian Euskaraz; Nafarroaren kateak; ekologismoaren eguzkia; Euskadiren ikurrina; eta indarra.
Jaiak beti izan dira erakustoki ezin hobea aldarrikapenetarako. Jaiak bai, borroka ere bai! zioen ez horren aspaldiko leloak. Andatzako banderatxoen kasuan garbi samar dago ikurren esanahia, batean izan ezik, hitzez adierazitako bakarra. Paradoxa ederra. Indarra da hitza. Zer indar klase, baina? Norena? Zertarako? Aia aldeko bazterrak ondo ezagutzen dituen Mikel Markez kantariaren Indar bat dabil hor! abestiko hitzek argitu diezagukete enigma: "Gure erronka ez da hil bat piztu dadin, baizik bizi den zerbait biziago egin".
Banderatxoak dauden plaza inguratzen: frontoia, eliza eta baserria. Plazan, iturria eta, haren gainean, trikitiaren omenez 1987-04-26an jarritako bi trikitilariren harrizko estatua. Horixe da Andatzako kultur paisaia. Horiek ez dira festetarako jarriak, banderatxoak erretiratzen dituztenean ere han segituko dute, iraunkorrak dira, denboraren gainetik.
Baserriari lotutako kultur giroa antzematen da aurtengo San Pedro jaietarako programazioan: mutil-ardoa, oilasko biltzea, mus txapelketa, herri kirolak, pilota partiduak, erromeria, trikitilariak, emakumeen Gipuzkoako Harri Txiki Txapelketa... Banderatxoko indarra hitzak horixe esan nahiko du: indarrean segitzen duela tradizioak Andatzan, eta jakin badakitela garaian garaira egokitzen, kementsu.
Dena ez dago indarrean
Dena ez dago indarrean: eliza eta baserria ez, behintzat. Zenbat aldiz zabaltzen ote ditu urtean ateak San Pedroko elizak? Plazako Aristerrazu kale-baserriak utzi zion jatetxe eta taberna izateari. Baina trikitilariek alaitutako erromeria, bai, hori indarrean dago Andatzan; negu osoan izan da, igandero, eta neska eta mutil, gazte eta ez horren gazte, jende asko ibili da dantzan Aristerrazuko plazan. Huraxe da, gaur egun, Euskal Herri osoan bizirik dagoen erromeria nagusia. Iturriaren gaineko trikitilarien harrizko irudia da Andatzako ikur nagusia.
Ez jatetxerik, ez tabernarik, gauza batzuetan indarra galdu du Andatzako komunitateak. Baina, Joxan Artzek irudikatu zuen metaforak balio digu: "Iturri zaharretik datorren ur beti berria". Elizaren aurrez aurre dagoen etxea, 1959an zabaldu zutenetik urte askoan eskola izandakoa, orain elkarte gastronomikoa da, eta dantzarako aretoa: gaztetxe eta kultur etxe. Han elkartzen dira gazteak, otorduetarako eta dantzarako. Dantza estilo berriak lantzen dituzte. Andatzan jakin dute egokitzen. Komunitatea bizirik dago.
San Pedro festak bukatuta, Aiako herrian eta hango auzoetan segituko dute tokian tokiko festa antolatzen, sustraiei eutsiz, garai berrietara egokitzen. Asentzio, Lorentzo, Donato, Santiago, Migel, Martin eta Roman santuek aukera emango diete.
Moilan bapore bakarra
San Pedro bezpera Orion. Moilan, arrantzontzi bakarra, eta hura Getariakoa. 1960ko hamarkada ezagututako oriotarrek gogoan dituzte sanpedroetan moilan amarratuta zeuden 28 baporeak. Huraxe zen bertakoentzat Orioko herriaren ikur nagusia: arrantza eta arrantzaleak; eta bisitarientzat, bisigu-jatea herriko erretegietan. Kantaurin bisiguaren arrantza galdu den bezala galdu da Orion ia erabat arrantza-giroa.
Baporerik ezean, galdutakoaren minez, sanpedroetan arrantzari lotutako bestelako ikurrak ziren nagusi: sarea udaletxeko balkoian alderik alde, arrantzale jantzia herritar askoren soinean… Horiekin batera, bi bandera: herriarena eta LGTBIQ+ kolektiboaren kolore anitzekoa. Eta, Andatzan indarra hitza bezala, txosnako pankarta batean esaldi bat idatzita: "Tradizioak hiltzen gaitu".
Garai batean tradizioa zen festak bukatu berritan bapore guztiak itsasoratzea, atuna harrapatzera. San Pedro egunean, alkatea elizan zen, meza nagusian, udalaren ordezkari, zinegotzi batzuekin eta arrantzaleen kofradiako ordezkariekin batera. Tradizioari eusten, noski. Tradizio bihurtzen ari dena da Salatxo abesbatzak elizan kantatzea egun horretan, ederki asko. Eta galtzen ari dena: herritarrek mezatan abestea.
Tokian tokikoa behar du: Andatzan baserria da ardatza, Orion itsasoa: arrantza eta arrauna. San Pedro bigarrenean Arrantzale Eguna ospatu zen herrian, eta traineru estropada jokatu zen errioan.
Kalean gora, kalean behera
Eta garaian garaikoa. Tradizioak aldatu egiten dira denborarekin. Garai batean, tradizioa zen sokamuturra festetan, jendea zezenarekin batera korrika ibiltzea, kalean gora eta kalean behera; asto karrera ere bai, baita astakume batzuek astoa gupidagabe astintzea ere.
Tradizioa definitzen hasita, hiztegian gehien topatzen den hitza transmisioa da, belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren ideia, ohitura eta hitzen transmisioa. Tradizio dira Orion San Pedro jaiak, tradizio dira arraun estropadak, tradizio bilakatzen ari da Arrantzale Eguna… Baina tradizioak ez dira ez betiko eta ez herri bakarrekoak. Garaiz garai eta herriz herri aldatzen dira. Oriora iritsi da Kaxarranka Lekeitioko dantza; baita Nafarroatik etorritako ttuntturroak ere. Aurtengo festan Bartzelonako Vilafranca del Penedesko Drac eta Aliga figurak ekarri ditugu, herensugea eta arranoa: suarekin kiskali nahi gaituen herensugea, eta uso baketsua hortzen artean babesten duen arranoa. Ongia eta gaizkia biak aurrez aurre, elkarren ondoan.
Orioko festen kasuan, gauzak aldatu dira pixka bat: gaztetxo ginela, festetan, ezagutu genuen Orioko plazako kioskoa osorik bandera espainolak inguratuta, eta sabaitik zintzilik nazio-estatuen banderatxoak: AEBak, Frantzia, Espainia…; dantza lotua Elizak zigortua zen, prozesioa zen herriko kaleetan, sokamuturra, Gorritiren animaliekin jolasak… Eztabaidarekin edo gabe, horiek galdu egin dira festa programan.
Horia, eta beste kolore guztiak
Orio Gukak aurten plazaratu duen sanpedroetako festa programan leku handia egin zaio festen gaineko ideologiari. "Horia, eta beste kolore guztiak" zioen lelo nagusiak. Oriotarren kolore horiari, modu inklusiboan, LGTBIQ+renak erantsita. Zortzi balio eta 43 proposamen plazaratu ditu festa batzordeak, jaien gainean egindako hausnarketaren emaitza moduan. Hauek, balioak: festa parte-hartzaileak, belaunaldi artekoak, askeak eta seguruak (erasorik gabeak), feministak, euskaldunak eta euskaradunak, anitzak (askotarikoak), bizigarriak, eta jasangarriak. Ziotenez, balioen multzoa malgua eta irekia da, etengabe berrikusi eta egokitu daitekeena.
Festak bukatuta, udalak eskerrak eman zizkien herritarrei: "Festa, algara, parranda, jolasa, dantza, sormena, kirola… denerako aukera eman digute beste behin San Pedro festek. Festetako protagonista herrigintza eta elkarlana izan dira". Jai batzordekideek egindako lanak herritarron esker ona ere merezi du.
Hala ere, sumatu ditut herritarrak eztabaidan festen gainean, egokia ote den udal laiko batek ordezkaritza ofiziala izatea ospakizun erlijioso batean, edo gazteak gau-pasa egitera bultzatzea goizeko seietako Gaupaseroen argazkia programan jarrita. Iritziak, ideologiak…
Tradizioak ez gaitu hiltzen. Baina, tradizioaren izenean, zenbait tokitan gauza guztiz desegokiak egin ohi dira, giza eskubideak urratu. San Pedro bigarrenean, San Martzial eguna, festa Irunen, hango alardean oraindik ez dute asmatu nola lotu tradizioa eta giza eskubideak, iragana eta oraina, eta populazioaren erdiak alardean parte hartzeko eskubidea ukatzen segitzen dute batzuek.
Irailaren 1ean eta 8an Donostiako estropadak jokatu(ko) dira. Lehenengoa 1879an jokatu zenetik, 145 urte. Eta aurten, urtero bezala, tradizioari eutsiz, Oriotik izugarrizko jende pila joan(go) da arraun festa gozatzera. Irailaren 9an Zarautzen Euskal Jaia ospatu(ko) dute. Euskara indartzeko sortu ziren XX. mende hasieran herriz herri euskal jaiak. Aurten Zarauzkoaren lehen edizioaren mendeurrena da, 100 urte 1924an aurrenekoa ospatu zutenetik. Eta beste tradizio askok bezala, Zarauzko Euskal Jaienak orain badu kantu bat, aurten estreinatua: "Txistua zein trikitixa, dultzaina ere jo ta ke, zanpantzarren erritmora, inoiz gelditu gabe; kalejira, fandangua, erromeriaren jabe, ehun urte eitera goaz dantzan gelditu gabe".
Bi festa horiek tradizio dira Orion eta Zarautzen, indar handia dute. Gaur egun bertako batzuentzat, tamalez, soinean daramaten jantziak bakarrik du euskal izatetik.
Transmititu, herri kultura transmititu behar dugu, belaunaldiz belaunaldi. Eta euskaldunok dugun kultur ondare inportanteena gure hizkuntza da, Europako zaharrena, iraganetik modu harrigarrian bizirik gureganaino iritsi den hizkuntza. Iritsi izana da misterioa. Eta horixe da guk utziko dugun ondare nagusia. Transmisioa da gakoa. Erakutsiko al dugu indar hori? Festak ere garrantzi handiko jokaleku dira, iturri zaharretik ur beti berriak isurtzen segi dezan.
Argazkiak: Iñaki Iturain, Guka eta utzitakoak.