Kofradiako eskolako mutikoen liburua (II)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko uzt. 6a, 08:00

Goian: Lizaso, Iparragirre, Iturain, Azkue, Agirre, Zaldua, Arruti, Karrera. Behean: Ortega, Makazaga, Murgiondo, San Sebastian, Segurola, Hernandez, Barrenetxea.

Iñaki Iturainek ekaineko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Orioko 65 mutikok 1970ean egindako liburu bat izan du hizpide; artikuluaren bigarren zatia da honakoa, aurrenekoa maiatzeko zenbakian argitaratu baitzen.

Kofradiako eskolako mutilek 1970ean idatzi eta margotutako liburuak gauza on asko ditu: lehenengo eta behin, gaztetxoak idazten jarri izana eta, horretarako, jende nagusiari galderak egin eta zenbait gairen gainean gogoetatu izana.

Kazetari-lana egin zuten. Eskuz idatzita dago, eta oso ondo ulertzen da dena; kaligrafia landua du. Bestetik, argazki eta marrazki ederrak ditu, batzuk oso artistikoak. Edukiari dagokionez, herria bere osotasunean azaldu nahi izan zuten, herriaren arima erakusten saiatu ziren.

Orio, errioaren beste aldetik.

Haur haiek, akatsak akats –datu batzuk okerrak dira eta ortografiaren bikaintasuna ez zen, noski, haien bertuterik onena–, herriaren erradiografia ona egin zuten beren inozentzia guztiarekin, eta arlo asko jaso eta aztertu zituzten: Orioko herriaren ekonomia, soziologia, historia, bizimodua eta izaera. Ez da, ez, lan makala mutil haiek orain dela 54 urte egindakoa!

Azterketa soziolinguistikoa

Gai askori heldu zioten. Oriotarrak izeneko artikuluan, herriaren azterketa soziolinguistikoa egin zuten, datu asko emanez. Mendez mende bertan egokitutako biztanleen abizenei ere erreparatu zieten. Denetik omen zegoen: Irlandako kutsua duen Brit; Gaztelako Caballero eta Escudero; euskal abizenak, Intxauspe, Intxausti eta San Sebastian; eta euskal ijitoena omen den Etxeberria.

Ziotenez, 3.656 biztanle zeuden erroldatuta Orion, eta 4.000 inguru bizi ziren bertan. Urtean 100etik 120ra bitartean hazten zen herritar kopurua. Hamar urte lehenago, 2.600 ziren erroldatuak, 1970ean 93 jaio ziren eta 17 hil; beraz, 76 herritar gehiago; hortik aurrerakoa etorkinak ziren, batez ere Espainiatik etorriak, Andaluzia, Extremadura eta Gaztelatik. Bertakoak %60 inguru ziren, euskal hiztunak; kanpotik etorriak, %40 bat. Artikulua borobiltzeko, eskuzabaltasuna eta harreman ona opa zieten bertako eta etorritako herritarrei.

Udalerriaren planoa.

Kooperatibak, batasunak dakar indarra. Izenburu horixe du herriaren ekonomia aztertzen duen artikulu mamitsuak, hamar egilek sinatuta. Lehenengo, Arrantzaleen Kofradia aipatzen dute horren adibide. Gero, San Juan izeneko kontsumitzaileen kooperatiba dator, 500 bazkide zituena, Patxi Zaldua presidente zela. Ondoren, baserritarrena, Cooperativa del Campo, buru Andu baserriko Patxi Lertxundi zuena, pentsua eta haziak erosteaz eta produktuak baserrietara eramateaz arduratzen zena. Altzari fabrikak, tailer mekanikoak, Albaiza tailer elektrikoa… Ziotenez, denak kooperatibak ziren, eta Alfa eta Fagorrekin konparatzen dituzte.

Eliza, ermitak, udala, familia

San Nikolas elizaren historia pixka bat egin zuten. Haren neurriak eta hango irudiak aipatzearekin batera, elizan 1.000 herritar kabitzen omen ziren. Orduan lau apaiz ziren: don Victorio Unzetabarrenetxea, don Sotero Plazaola, don Antonino Agirre eta don Jose Etxeberria. Denak honela izendatuta: Don. Herriko hiru ermitak ere aipatzen dituzte: San Martin, San Juan eta San Pablo, marrazki banarekin, baina informazioa San Martinena bakarrik ematen dute, oso zabal: arkitektura, barruko irudiak eta historia pixka bat. Iñaki Linazasororekin egon ziren, eta hark eman zien baselizaren berri zehatz eta aberatsa.

Jesus Mari Aiestaran alkatea eskolan izan zuten udalari buruzko azalpenak ematen: "Udalak bederatzi herri ordezkari ditu: alkatea eta zortzi zinegotzi. Hiru hautatuak dira, hiru langile eta hiru familia-buruen ordezkari. Alkate-ordea: Luis Azkue, zinegotziak: Jose Iparragirre, Jose Mari Lertxundi, Francisco Lertxundi, Juan Jose Lertxundi, Leopoldo Bravo, Ventura Barjacoba, Elias Molinero eta Manuel Arruti. Idazkaria, Manuel Barruel, eta idazkari laguntzaileak: Florentino Agirrezabalaga eta Arantxa Calleja". Batzorde iraunkorra Aiestaran, Azkue, Iparragirre eta Barjacobak osatzen zuten. Herriaren txukuntasunaz, zaborrez, estolderiaz eta uraz, Ignacio Arruti (Loretxukoa) eta Migel Ibarreta arduratzen ziren. Udalaren orduko gai nagusiak hauek ziren: ura ekartzea (4.000.000 pezeta), suteak kiskalitako udaletxea eraitsi eta berreraikitzea (7.500.000 pezeta), eta ikastetxe berria egitea (oraingo ikastola). Horiez gain, barra, moilaren argiztapena eta hondartzarako bidearen konponketa.

Goiko Kaleko etxeetako armarriak.

Herritarrei legea betearazteko, bi udaltzain zeuden: Clemente de la Mata eta Oliver Garcia; eta serenoa: Luis Etxeberria. Eta guardia zibilak, kuartel eta guzti: sarjentua, kaboa eta hamahiru guardia. Haien zeregina: kostaldea, errioa eta mendia zaintzea. Lan asko eta etxebizitza txarra zeukatenez, urte gutxi pasatzen zuten Orion, lekualdatzea eskatuta.

800 familia zeuden herrian. Familia ugariak %60tik gora ziren, ugariena altunatarrena (hamahiru seme-alaba). Batez beste, hiru haur. Bi familia-elkarte: gurasoen elkarte katolikoa (210 bazkide, Alberto Agirre presidente) eta familia buruen elkartea (27, eta Vicente Zaldua).

Arrantza eta dendak

Arrantzaren berri xehe-xehe zekarten: hegaluzea, antxoa, angula... Eta balea, Luis Mari Uranga Xixario-k, balearen bertsoetako datuekin prosazko kontakizuna egin zuen: "Me contó mi abuelo que el año 1901, el 14 de mayo…" eta honela bukatzen dena: "y si esto no es así pregúntenselo a nuestros abuelos". Komertzioaz, plazako osteguneroko azoka eta herriko denda guztien zerrenda osatu zuten. Jatekoak: Miren, Pilar, Cooperativa San Juan, Jose, Alberdi, Loidi, SPAR Dorronsoro, Garmendia, Escudero, Ibarguren, Eskolastika, Trini, Arrizabalaga, Leunda, Maria Luisa eta Iturain. Hiru okindegi: Atorrasagasti, Iturain eta Leunda. Bi gozotegi: La Estrella eta Biyona. Bost harategi: Etxaide, Feliciano, Salsamendi eta bi Oliden. Haragi izoztua: SPAR, Loidi eta Pilar.

San Juan, San Pablo eta San Martin.

Arrandegiak: Milagros, Carmen eta Arrandegia. Ardoa: Errasti eta Atxega. Botilako edari gasdunak: Calleja, Galdagorri eta Sanchez. Gizonen jantzi-dendak: Jauregi, Huegun eta Iñaki; emakumeenak: Anjel Oriyo, Eladi eta Pakita. Zapata-dendak: Pello, Uranga, Jose eta Avila. Oinetako konponketak: Justino eta Florentino. Egunkariak: Libreria Mari Carmen eta Eulali. Ile-apaindegiak: Jose Ramon, Lucas, Bizente eta Dionisio; eta Mari Carmen, Maria Luisa, Rosita, Dominica, Maria Pilar, Maria Isabel, Manoli eta Instituto de belleza Rosarito. Churreria San Nikolas.

Elektrogailuak: Albaiza, Sarasua eta Jose Ramon. Drogeriak: Miren eta Lasa. Lanabesak: Tapatxulo eta Parquera. Jatetxeak: Esnal, Salsamendi, Toki Alai eta Mariñela. Erretegiak: Xixario, Jose Mari, Sarasua, Antilla, Loretxu eta Arruti. Tabernak: Gabon, Bordatxo, Amilibia, Kolon Txiki, San Juan Bide, Xubai eta Izkiña. Bi elkarte gastronomiko: San Juan Elizpe eta Arkaizpe.

Fabrikak

"Lanik egiten ez duenari jatekorik ez" abiatzen da industriaren atala. Zurezko altzarien bost fabrika: Arin y Embil (1887an sortua, 60 langile), Esnal (20), Aramendi (23), Leunda (12) eta Lertxundi (16). Bi zerrategi, hiru ontziola eta material errefraktarioen bi fabrika (Aristegi eta Arocena). Eskabetxerak: Dentici anaiak, Conservas Azkue eta Conservas Marino (denetara, 50 emakumezko langile, udaberrian 500, kanpotik etorriak).

Tailerrak: Benta anaiak eta Manterola anaiak, Arruti zerrategia. Ontziola: Txanka. Ikazeta tailerrean: traineruak, yolak eta outriggerrak. Baporeak konpontzeko: Talleres Arostegui eta Ur Lan. Automobilen tailerrak: Zaldua eta Ondozabal. Talleres Liman: otartxo metalikoak. Burdin tailerrak: Manuel Lasarte eta Agustin Lizaso. Moto eta bizikletak konpontzeko: gailegoaren alkilerra. Karrozeria bat. Onena pentsu-fabrika ("ez merkeena, bai onena"). Bukatzeko, esaldi hau: "Orio ez da alferren herria".

Komunikabideak, kanpina, baserriak

Errepideak, trena, autobusak, kamioiak (33), ibilgailuak denetara (253), telefonoak (150) eta telegrafoak aipatzen ditu.

A mailako kanpina, izena Playa de Orio, ipar haizetik Talai Mendik babestua, Donostiako Garoak kudeatua. Zuzendari Beatriz Arbilla, hiru langilerekin. Ekainetik irailera zabalik. 576 denda erremolkearekin. Urte hartan 6.135 akanpatu: ingeles, frantses, holandar, aleman eta espainolak, hurrenkera horretan. Bi hondartza, handia eta txikia, bata irekia eta arriskutsua eta bestea itxia, segurua. "Bisitan etorri eta konbentzituko zarete" asmatu zuten publizitate-leloa.

Iparragirreren bertsoak.

Gipuzkoak kostaldean dituen 52 kilometroetatik sei Oriokoak dira. Orio Gipuzkoako udalerririk txikienetakoa da hedaduraz, zortzi kilometro koadro; populatuenetakoa, proportzioan: 500 biztanle kilometro koadroko. 31 baserri: Txanka Berri, Txanka Zahar, Muniota, Andu, Aldape, Maria Errota, Lertxundi, Aizperro, Longa, Etxeberri, Aizmendi, Lizargate, Ortzaika, Padre Lertxundi, Itxaspe, Altuna, Itzaiz Berri, Itzaiz Zaharra, Kuskullu, Lusarbe, Lusarbe Erdi, Erretzabal, Salmaisti, Sarobe, Benta (3 aldiz suak hartua), Katxiña, Martin Portu, Leunda eta Agerre.

Denetara 500 behi, esne-behiak 225. Denetan, idi parea, 64 idi-pare, famatuenak Lizargate, Andu eta Bentakoak. Ia denetan, astoak, mandoak edo zaldiak (bat edo bi), garraiorako, eta eskolara eta elizara joateko. Ardiak, Itxaspen bakarrik, 300. Eta Marrotan, 10.000 oilo.

Bukatzeko, osasuna. Gomendioa: edateko San Juango ura, jaki osasungarriak eta ariketa fisikoak aire zabalean. Bi mediku: Jose Lacadena (X izpien aparatua) eta Francisco Trashoras. Bi praktikante: Antonio Bailin eta Agustin Ferrero. Iñaki Lasaren botika. Laster anbulatorioa egiteko esperantza.

Bi labadero: frontoiaren atzealdean eta Diken. Zaborrak gurdi batek jasotzen ditu goizean egunero atez ate. Etxeko urak ondo bideratuta erriora tutuen bidez. Oriaren ertzeko herrietan, 100.000 biztanle. Horixe, osasunarentzako arazorik handiena, hori eta Tolosa aldeko paper-fabriken isurketak: kutsadura, usain txarra eta hondartzako aparra. Horren kritika gogorra egin zuten, eta eskaera politikariei arazoa konpontzeko, arrainek errioan aspaldi galdutako bizitokia berreskuratzeko.

Hori dena eta askoz gehiago dakar liburuak. Ale bakarra dago paperean (eskolan); baina eskaneatuta PDF formatuan ere badago udaletxeko artxiboan. Eta liburuak irakurtzeko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide