Kofradiako eskolako mutikoen liburua (I)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko eka. 23a, 09:00

Liburua idazten parte hartu zuten mutikoak, hondartza futboleko saio batean.

Iñaki Iturainek maiatzeko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Orioko 65 mutikok 1970ean egindako liburu bat izan du hizpide.

Orion bada liburu bat sekula argitaratu ez dena. 1970eko urtarrilean jo zuten bukatutzat liburua; geroztik hortxe dago. Egile asko ditu: herriko 65 mutiko. Hala ziren orduan: denak mutil gaztetxoak, 11-13 urtekoak. Orioko arrantzaleen kofradian zegoen eskolan ikasten ari ziren. Haien lanaren emaitza da liburua. Orduan mutilak mutilekin eta neskak neskekin zebiltzan eskolan. TVEko zuzendari Luis Ezkurrak 1970-06-30ean sinatutako agiria dator liburuaren atzealdean, ziurtatzen duena Orioko ikasleek parte hartu zutela España vista por sus escolares lehiaketan.

Horrelako lan baten atzean derrigor behar zuen pertsona heldu batek. Eskolako maisua zen: Luis Cisneros. Harena zen liburuaren ideia; hark bideratu zuen orain 64-65 urte dituzten orduko ikasleen lana. Liburuaren gaia Orio da, egileen herria. Izenburua ere bai: Orio. Erdaraz idatzita dago; frankismo bete-betean egindako lana da, irakaskuntza publikoan euskara guztiz debekatuta zegoen garaian, eta beraz, hitz gutxi batzuez aparte, euskaraz dauden pasarte bakarrak Iparragirreren Gernikako arbola eta Boga, boga, marinela kantu ezagunen hitzak dira.

Liburuan ageri den marrazki eta testuetako bat.

Ikasleek denetik egin zuten liburua moldatzeko bidean: etxean galdetu, herrian datuak jaso, herriko hainbat txoko bisitatu, argazkiak bildu, marraztu, margotu, idatzi… Batzuk gogotik saiatu ziren. Hauek dira egileak: Manuel Atxega, Francisco Arruti, Jose Luis, Jesus Mari eta Jose Mari Arruti, Iñaki Bastos, Rafael Bergado, Bernabe, Pablo Carretero, Josetxo eta Juanito Egibar, Anjel Flores, Goikoetxea, Ventura Gonzalez, Juan Antonio eta Juan Ignacio Gurrutxaga, Juan Carlos eta Juan Kruz Intxauspe, Pako Imaz, Jose Luis eta Jose Ramon Iturain, Bizente Lertxundi, Avelino Manzanas, Francisco eta Javier Martinez, Jesus Mari Miralles, Joakin Murua, Angel Nuñez, Jose Julian Olasagasti, Prieto, Migel Redondo, Regidor, Jose Sanchez, Jose Luis San Sebastian, Sarasola, Iñaki Sarasua, Jose Ignacio Segurola, Luis Mari eta Ramon Uranga, Jose Ignacio Urdangarin, Blas Urkizu, Jose Mari Urretabizkaia, Bitor eta Jose Manuel Zinkunegi, Eladio Zubizarreta, Julian, eta Luis Cisneros.

Liburua atalez atal

Liburua udaletxean eta Zaragueta eskolan ere badago. Ez da erraza 56 atal desberdin dituen lana Karkarako orrialde gutxi batzuetara ekartzea, baina ahalegina egin dugu: Hasteko, hiru ikaslek herriaren historiaren pasarte batzuk dakartzate, Gure garai zaharrak atalean: "Bikingoak porturaino iristen ziren atseden hartzera. Herriaren goiko partean kanoiak jarri zituzten frantsesek. Fraide dominikarrak San Martin ermitan egon ziren. Goiko Kalen ospitale zaharra egon zen. 1873an, gerra karlistan, errioa zeharkatzen ari zirela txalupa hondoratu eta hemeretzi gizon ito ziren, herriko kanposantuan lurperatuta daudenak. Virgen Carmeli baporea 1952an naufragatu zen, eta bost arrantzale hil ziren. 1966an, beste arrantzale bat…".

Gero, historian nabarmendutako bi herritarren aipamena: Afrikako lurretan ospitaleak eta eskolak zabaldu zituen Aita Jose Lertxundi; eta Rodrigo Aganduru, Filipinetan apaiz, misiolari eta marinel ibili ondoren 1626an Orion hil zena.

Lasarten, hangoen kontra xakean lehian.

Altxerri kobazuloko historiaurreko biztanleek utzitako artelanei ere atal oso bat eman zioten: "Kofradiako eskolako balkoitik ia ikusten dugu kobazuloa, oso kokagune ona du: itsasoaren, errioaren eta baratzeen ondoan, leku ezin hobea bertan bizitzeko. Gu kobazuloaren atarian askotan izan gara, baina sartu ezin, barrote batzuek itxita dagoelako, Aranzadikoei eskatu dizkiegu giltzak, baina ezin zizkigutela eman, eta hango arrain, bufalo, bisonte eta gainerako animalien pinturak ikusi ezinik geratu ginen".

Ondoren, garaiko herritar famatuen atala dator: Benito Lertxundi kantaria, Manuel Lasarte bertsolaria, Jose Mari Salsamendi III.a pilotaria, Esteban Azkue tiratzailea, Juan Zaragueta filosofoa, Jorge Oteiza eskultorea eta Iñake Irastorza TVEko lehiaketa bateko parte hartzaile gaztea; bakoitzaren biografia labur bat eginez. Itxaspe baserriko Iñakerekin kazetari lana egin zuten, bisitan joan zitzaizkion etxera, eta hizketan gustura jardun. Horiekin batera, musika bandak ere badu tokia: "Felipe Arostegi zuzendari zuen bandak 21 musikari zituen (izen guztiak aipatzen dituzte) eta 600 bazkide, kuota txiki bana ordaintzen zutenak".

Jolasa eta jokoa

Eskolako mutikoen gelaz kanpoko jarduna ere aipagarri zuten. Palotetan aritzen ziren futbolean, eta euria zenean, frontoian. Petanka izaten zen festetan errioan: bost metroko makila grasaz bustia moilatik, eta haren muturrean ahatea. Gogoan dituzte kaleko jolasak: Chimilicuarte, Ayuscaburuquin, arrapatxinatxi, coscaricosca, amonasarraca... Pinpon eta futbolinerako aukera ematen zien Salon Oliden aipatzen dute. Ehiza eta arrantza ere mutiko haien aisialdiko jarduera gustukoenetakoak ziren. Ez ziren batere aspertzen.

Kirol lehian, futbolean eta xakean aritzen ziren, eta artikulu bana eman zieten. Futbolean Zarauzko plaieroen berri ematen zuten, minifutbol mailan (10-13 urte) Aguiluchos izenarekin. finala jokatu zuten eta 2-1 galdu. Intxauspe izan zen denboraldiko golegilea, hamabi gol sartuta. "Batzuek irabazi eta besteek galdu", "kirolak indartu eta edertu egiten ditu gorputza eta arima" eta antzeko esaldiekin borobiltzen zuten futbol kronika.

Xake jokoaren berri ere eman zuten: xakea Indian sortu zela, Kristo baino lehen. Eskolan hamabost taula zeuzkaten, kofradiak, Kutxak eta arraun elkarteak emanak. Ikasle guztiek zekiten jokatzen, eta Rafael Bergado eta Francisco Martinez nabarmentzen ziren xakerako estrategian. Lasarteren kontra jokatu zuten bitan eta Hondarribiarekin behin, eta hiru saioak irabazi. Esperantza zuten hurrena Errenteriaren aurka jokatzeko, orduko Gipuzkoako onenak.

Zimarroi baten arrantza kontatzen da liburuan, modu epikoan, Xixarioneko Luis Mariren ahozko azalpena jasota. Kontatzen du aitarekin eta beste hiru lagunekin itsasoratu zela goizeko bostetan, asteartea eta 13 zen egun batean. Oso zehatz azaltzen du nolako borroka izan zuen aita Xixariok arrain batekin, amuari heldu zionetik denbora aurrera eta arrainaren pisua ere bai. Indarra galduta, ur-azalera atera zenean ikusi zuten zimarroi handi bat zela. Aitak arpoia sartu eta atera zuten uretatik eta ontzian sartu. Lehorrean pisatu eta 60 kilo zituen. Zintzilik eduki zuten egun osoan Xixario erretegiko kanpoaldean.

Herriko festak

Herriko festek ere badute beren atala liburuan. Hiru festa nagusi aipatzen dira: San Pedro, Arrantzaleen Jaia eta San Nikolas. Arrantzaleena, hegaluzearen kanpaina bukatzen zenean ospatzen zen, azaroko lehen igandearekin batera, hiru egunez ostiralean hasita, eta bapore guztiak herriko plazaren aurrean babestuta zeudela. Arrantza ontzien izenak datoz zerrendatuta. Egurrezkoak: Reina Maria, San Martin, Corazon Santo, Madre del Mediterraneo, San Jose, San Juan, San Fermin, Reina de los Angeles, Ave Maria, San Luis, San Gabriel, Zeruko Ama, Inmaculada, San Nicolas, Torrontegi, San Antonio, Aingeru Guardakoa, Villa Florita, Cruz de Mayo, San Nicolas, Madre del Cielo. Altzairuzkoak: Ipar, Madre del Cantabrico eta Glorioso San Luis. Handiena Gure Naya omen zen. Aparteko aipamena egiten zen Ignacio Sarasua eraikitzen ari zen Sarasua izeneko 1.400 tonako arrantzontzi iraultzaileaz, 115 milioi pezetako kostua zuena.

Bapore haietako bakar batek 1.000 hegaluze harrapatutako mareak ere ba omen ziren. Nostalgiaz hauxe zioten: "Iaz eskolan zeuden mutil batzuk orain itsasoan dira, antxoaren arrantzan". Artikulua Boga, Boga, marinela, kantuaren hitzekin hasten da. Arrantzaleak gogorrak eta ausartak omen dira, batere beldurrik ez dutenak, eskuzabal, maitagarri, alai eta familia zaleak. Builosoak ere bai, itsasoan motoreen eta itsasoaren zaraten artean komunikatzen ohituta daudelako. Herriko langileen %46 arrantzaleak ziren, 520 gizon, 14 eta 50 urte bitartekoak. Baporearen barruko lanbideak aipatzen dituzte: patroia, sotapatroia, makinista, laguntzailea, txotxoa, arotza eta sukaldaria, eta lanari lotutako hitzak: txakurrena, partila, marea…

Arrantzaleen Jaiaz gain, San Martin, San Juan eguneko suak eta Santa Ageda ere aipagai dira. Jai nagusietan musika banda zen inportanteena, egunero jotzen zuen herriko plazan; gainerakoan: su artifizialak, zezenak, asto lasterketa, zaku karrerak, plater tiraketa, zinema doan, txotxongiloak…

Arrauna eta pilota

Arrauna eta pilota dira herriko kirol joko ezagun eta maitatuenak. Arraunean aipatzen dira Korta skiffean eta Sarasua, Altxerri, Estanis eta Luxiano, laukoan, Bixentiko lemazain dutela. Erremontean Salsamendi III.a dator. Harri jasotzen, Luis Atxega.

Orio arraunaren Europako hiriburu izendatu zuten 1968 eta 69an herrian jokatu ziren nazioarteko estropadei buruzko erreportaje mamitsuan. 20.000 ikusle bildu omen ziren errioaren inguruan Oxford, Cambridge eta Orioren arteko estropadari begira, eta 4.000 automobil etorri Orion sekula izandako festarik handienera. Uretakoa handia izan bazen ere, zeruan ibilitako helikopteroa izan zen ikusgarriena kazetari gaztetxoen begietan.

1965ean Arraun Elkartea sortu zutenean haserrea eta ia borroka ere izan omen ziren herrian, baina gero berehala bideratu zela egoera eta arraun olinpikoak ekarritako onurak azaldu zituzten: osasuna, indarra, gorputz lerdenak… Traineru estropadak ere ez zituzten ahaztu, noski. Nola ba! Iraileko Donostiako estropada egun bat azaltzen dute: Kontxa inguruko jendetza, traineruak, hamahiru herkules eta patroia, koloreak, apustuak… Uste osoa zuten Orio aspaldiko partez Donostian izango zela, eta esperantza handia zuten, gainera. 1970eko urtarrilean zeuden; begi ona zuten, ederki asmatu zuten. Historiako patroiak aipatuz bukatu zuten: Mitxelena, Erramon Lino, Olaizola, Uranga, Gorriya eta Miralles. Altxerri artean debutatu gabe zegoen patroi moduan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide