Lehenengo pantaila zinemak ekarri zigun. Aurreneko zinema emanaldia munduan Parisen izan zen 1895ean, Lumière anaien eskutik. Gero, mundu guztira zabaldu zen zinema. Orion lehen zinema emanaldia 1929an izango zen, noski. Urte hartan Juan Azurmendi izeneko herritarrak sanpedroetan leku irekian bi emanaldi eskaintzeko proposamena egin zion udalari, 200 pezetaren truke, eta udalak onartu. 1956-01-31n Cine Leunda zabaldu zuten, Moby Dick balearen pelikularekin.
Pantailak geroztik bilakaera bitxia izan du. Zinema sortu eta mende erdira-edo, asmatu zuten telebista. Lehen emanaldia Ingalaterrako BBCrena izan zen, 1936an. TVErena, berriz, 1956koa; eta EITBrena, 1982koa. Aurreneko telebista aparailuak Oriora 1960etan iritsi ziren, herriko etxe gutxi batzuetara, txuri-beltzeko kanal bakarrarekin (TVE). ETB koloretan sortu zen, eta euskara ekarri zuen telebistara. XX. mendearen bukaera aldean etorri zen Internet eta, harekin batera, sega-potoa edo mobila.
Pantailaren bilakaera
Zinemak magia ekarri zion herriari, herritarrak igandean batzen ziren zinema aretoan pelikula ikusteko, ilunpetan. Denak batera. Telebistak etxera eraman zuen pantaila, familia osoarentzat. Gaur egun herriko taberna guztietan ere hantxe dago presente pantaila. Ia denetan, ia beti, futbol zelaiaren berdea ikuskizun. Taberna batean zazpi daude (Zazpiak bat!).
Sakelako telefonoa partikularra eta indibiduala da. Poltsan edo patrikan daramagu guztiok, noiznahi eta noranahi. Nornahik nahi duena ikus dezake. Dagoeneko, askok ez dakite hari begira egon gabe bizitzen. Harrapatuta daude.
Pantaila, denborarekin, txikitzen joan da tamainan; eta herritar askoren harekiko menpekotasuna, berriz, handitzen. Oteizak eman zigun abisua: "Kontuz! Teilatuen gaineko antena horien bidez sartuko digute kaka sukalde barruraino!". Sukaldean aspaldi sartu ziguten, orain patrikaraino. Laster, buru barruraino.
Orioko herria pantailan
Orain arte pantailaren alde bat aztertu dugu, ikuslearena. Baina beste bat ere badu. Ikusleak ikusiko badu, norbaitek zerbait jarri behar pantailan. Orain nornahik sar dezake sare sozialen bidez zernahi, eta munduari pantailan erakutsi.
Gordeta dauden Orioko irudi zaharrenak, seguru asko, 1930-08-10ekoak dira. Egun hartan Bittor Enbili Iparraldeko pilotazaleek omenaldi festa izugarria eman zioten, eta norbaitek haren irudiak jaso: Enbil lagunekin elizatik plazara jaitsi eta errio ertzera bideratzen, handik traineru erakustaldia ikustera.
1968-08-25ean TVEk Oxford-Orio estropada eman zuen: TVEren aire libreko lehen kirol emanaldia. Mundu bat etorri zen herrira estropada bertatik bertara ikustera. Seguru asko, Orioko zuzeneko irudiak pantailaren aurrean jende gehien bildu dutenak 2023-07-03ko Frantziako Tour-eko Amorebieta-Baiona etapakoak izango ziren, ziklistak Oriotik Igeldo aldera joan zirenekoak. Auskalo zenbat!
Baina kirol proben zuzeneko emanaldiez gain, Orioko kaleak eta txokoak eta bertako herritarrak agertu izan dira pelikuletan eta bestelako telesaioetan ere.
Herriko txokoak zineman
1967ko urriaren 8an, San Martin ermitaren aurreko zelaian sega-apustu bat jokatu zuten Maria Ascension Azeo oiartzuarrak eta Migel Irazusta Polipaso-k: ordubeteko saioan nork belar kilo gehiago moztu, Polipasok mila kiloko bentaja emanda. Emakumea nagusitu zitzaion gizonezkoari. Apustuaren irudiak nodok eman zituen zineman; pelikulen aurretik ematen zuten.
Zinemako pelikulei dagokienez, adibidez, Katalina Erauso donostiarraren bizitza azaltzen duen La monja alferez pelikula (1987) neska gaztea Donostiatik Amerikako mundu berrira abiatzearekin hasten da, eta Orioko San Martin ermita ondotik pasatzen da.
Baina Orioko kaleak eta txokoak, eta bertako herritarrak pantailan Euskal Herri guztiari Goenkale-k erakutsi zizkion. Goenkale izan zen, zalantzarik gabe, ETBk egin duen telesail luzeena eta arrakastatsuena. Lehenengo atala 1994an eman zuen. Hiru hileko iraupena izatea zuen helburu, baina izan zuen harrera ona eta audientzia datu apartak ikusita, aurrera jarraitu zuen. 22 urte iraun zuen eta 3.708 atal emititu zituzten, azkena 2015-12-28an. Euskal Herriko inoizko telesailik luzeena, eta Europako bigarrena.
Pertsonaiak ezagunak ziren euskaldun askorentzat: Joxe Mari, Maria Luisa, Margari, Txapas… Kaleko irudiak Orion grabatu zituzten urte askoan. Asteko egun batean, goizean goizetik hasita ordu askoko grabazio saioak izaten ziren Orioko plaza inguruan. Herriko jende asko ateratzen zen irudietan figurante moduan. Arralde zuen izena Goenkale-ko balizko herriak, Orioko Goiko Kale zen hura, Anjel Lertxundik idatzi zuen aurrenekoetako liburuaren izena. Anjel bera izan zen gidoilarietako bat lehen urteetan.
Goenkale-k haize berria ekarri zion euskarari: batuaz egiten zuten, baina euskaldunoi ez zitzaigun arrotza egiten, telebistara ondo eramandako kaleko ahozko jardun egokiaren eredua izan zen, bai hika, bai zuka... Hizkera sinesgarria zen herritarrontzat.
Gure aktoreak
Zinemarako eta telebistarako lanean aritu dira hainbat oriotar: aktore izan dira, gidoigile, zine zuzendari…
Pantailan erakutsiko diren irudiak ez ezik, istorioak, gidoiak eta hitzak ere sortzen eta lantzen ibili da Maialen Sarasua Oliden, editore eta zuzendari lanetan, hainbat pelikulatan: Apaiz kartzela, Bajo la piel del lobo, 14 apóstoles, Destierros, Barrura begiratzeko leihoak, Amaren eskuak, Joseba Sarrionandiaren Gure oroitzapenak, Cristobal Balenciaga, iaz Baigorrin filmatu eta orain Euskal Herriko herri askotan erakusten ari diren Bizkarsoro…
Orion jaiotako lau antzezle ikusi ditugu aspalditxotik antzokietako agertokian. Laurak emakumeak eta herritik kanpo bizi direnak: Iñake Irastorza, Maite Bastos, Marije Gurrutxaga eta Itziar Urretabizkaia. Laurak etorri izan dira Oriora, antzerkiarekin lotuta deitu dituztenean: Balearen Eguna, ikastaroren bat, estropada-bertsoen jaialdia, literatur lehiaketako bertsoen errezitaldia… Laurak ibili dira, gutxi edo gehiago, zinema edota telebistaren munduan.
Wikipediak dio Maitek zinemarako zazpi pelikulatan, tartean Errementari, eta lau telesailetan parte hartu duela. Goenkale-ko pertsonaia ezagunenetako bat, Margari, berak egin zuen. Hamalau denboraldi egin zituen Margarirena egiten. Erraz esaten da! Atal batzuetan Manex Rekalde aiarrak ere jokatu zuen Goenkale-n aktore moduan.
Iñake Irastorza Zulaika (Orio, Gipuzkoa, 1955-02-04) euskal aktore profesionala da. Itxaspe baserriko neskak lan handia egin du aktore lanetan: 16 antzerki lan, zinemako 21 pelikula (1979tik 2019ra) eta telebistako zortzi telesail (1994tik 2021era). Lan horietako batzuk aipatzearren, antzerkian: Albert Camusen Los Justos, Valle-Inclánen Divinas palabras eta Laura Esquivelen Como agua para chocolate; Agur Etxebeste, Kutsidazu bidea Isabel, eta Obaba pelikulak; eta ETB1eko Goenkale, Wazemank eta Brinkola telesailak.
Marije Gurrutxaga Etxezarreta aktore amateurra izan da. Azken urteotan batez ere operaren munduan ibili da, opera ezagunetan, Sasibil konpainia lirikoan. Oriotarrontzat Marijek jokatu duen rolik ederrena 2001eko azaroaren 11koa da, herriko kiroldegian ospatu zen Orioko arraunlarien historia bertsotan jaialdian jokatu zuena: 100 urteko Kontxita amona arraun zalea, Orioko arraunaren historiako traineruko patroi guztiak ondo ezagutu zituena.
Itziar Urretabizkaia Zabaleta oso ezaguna da euskal antzerkian, telebistan eta zineman. Hainbat telesailetan parte hartu izan du: ETB1eko Jaun ta Jabe, Martin, Wazemank, Goenkale (2001-2005), Go!azen (2018-2020)... Goenkale izan zen, hainbat aktorerentzat bezala, bere eskola handia. Bakarrizketak ere egin ditu, hala nola, Eguberri off.
Anjel Lertxundi zinean
Lertxundik lan asko egin ditu EITBrentzat, gidoiak idazten eta aholkulari gisa, batez ere Goenkale telesailerako. 1980ko urteetan sartu-atera bat egin zuen zinemagintzan, bi pelikularen gidoilari eta zuzendaria izan zen: Hamaseigarrenean aidanez (1985), Anduren izen bereko eleberrian oinarrituta; eta Kareletik (1987), Anjelek gidoia propio horretarako idatzita. Biak euskara hutsez. Bietan zuzendari lana egin zuen. Bietan eszena asko Orion grabatu zituzten eta herritar askok egin zuten figurante lana. Lertxundiren beste eleberrietako bat ere, Zorion perfektua, eraman zuten zinemara.
Hamaseigarrenean aidanez pelikulan, Anjelek joko zale amorratu baten emazte Martzelina bihurtu zuen protagonista, apustu baten ondorioz taberna bateko barraren gainetik saltoka ari zitzaizkiola, hamaseigarren saltoan lehertuta hil zen gizonaren emaztea, eta haren sufrimendua eta ezina.
Kareletik pelikulan, Orion izandako gertaera batzuen gainean eraiki zuen gidoia: Maria Auxiliadora itsasontziaren tripulazioak hanka bat arrantzan eta bestea kontrabandoan sartuta zituen. Arrantzaleen arteko harremanak korapilatsuak dira, diru eta maitasun arazoengatik: arrantzaleetako bat beste baten andregai ohiarekin maitemintzen da. Egundoko gorrotoa pizten da bi gizonen artean. Gau batean, itsaso zabalean, norbaitek kareletik botatzen du Agustin, eta zurrumurruak eta susmoak hedatzen dira herrian. Zorionez, azkenean bizirik agertzen da arrantzalea. Filmaren merituetako bat da arrantzaleek itsaso zabalean duten bizimodua zehaztasun handiz agertzen duela. Anjelek, zioenez, herri batean ezkutuan den eta edonoiz indarkeria piztu dezakeen susmo txar giro itogarri hori euskal gizartean ezkutuan dagoen indarkeriaren metafora da, horixe erakutsi zuen pelikulak.
Beraz, historian izan dira batzuk zinema edota telebistako pantailan modu protagonistan ikusi ditugun herritarrak. Baina garaiak aldatu egin dira eta gaur egun Karkarak berak ere badu bere pantaila eta han herritar asko agertzen dira, ia egunero. Badira, gainera, ETBn dihardutenak ere: Ibon Gaztañazpi, kiroletan; Xabier Sukia, Biba zuek! telesaioan; eta Jon Garate, zenbait programatan. Pantaila txikiagoan, patrikan daramagun horretan, asko izango dira, noski, beren hitzak eta irudiak tartekatzen dituztenak. Gainera, batzuk, influencer.