Muga eremuek beti izan dute giro berezia, osagai askoren nahasketa: pasadizoak, topaketak, ihesak, txapelokerrak, arriskua, gatazka, abentura, kontrabandoa, istripuak… Agertzen dira historia liburuetan eta baita literaturakoetan ere. Ematen dute zer kontatua. Euskal Herrian badira batzuk ezagunak: Hendaia-Irun, Zumarraga-Urretxu, Azpeitia-Azkoitia, Deba-Mutriku…
Zumaian herritar batzuek urtero txangoa egiten dute, mugarriz mugarri, historiako hainbat pasarte kontatuz. Orion ere makina bat kontu aterako lirateke egun-pasa ederra egiteko. Horixe egingo dugu artikulu honetan: Orioko muga eremuez hitz egin eta hango istorioak azaldu.
Gipuzkoako udalerrietan txikienetakoa da Orio lurren zabaleran. Hori bai, horren txikia izateko, ondo hornituta dago muga estu horien barruan: badu errioa, bi hondartza –Antilla eta Oribarzar–, mendi bat –Kukuarri–, bi ermita –San Martin eta San Juan (San Pablo Aiako partean dago)–…
Aia, berriz, handienen artean dago lurretan, Oñati eta Oiartzunekin-eta batera. Udalerri mugakide asko ditu Aiak ipar-mendebaldetik hasita: Kantauri itsasoa, erriotik ia Mollarriraino, Zarautz, Getaria (Elkano aldean), Aizarnazabal, Aizarna (Zestoako udalerrian), Errezil, Asteasu, Zizurkil, Aginaga (Usurbilgo udalerrian) eta Orio. Zumaia metro batzuengatik ez da Aiaren mugakide.
Oriotarrak ere sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik bizi dira; baina zer herri ditu Oriok mugakide? Zein dira gure herriaren mugak? Orio historian zehar Marta Trutxueloren liburuan hauxe agertzen da: "Orioren mugak hauek dira: iparraldean, itsasoa; hegoaldean, Aiako herria; ekialdean, Donostia eta Usurbil; eta mendebaldean, Zarautz". Baina hori ez da guztiz horrela: Zarautz oso gertuko herria dute oriotarrek, baina ez da Orioren mugakide inon, Aia iristen baita itsasoraino bien artean.
Itsasoa, berriz, muga ere bada, baina askotan muga baino urruneko mundu berrietara abiatzeko ate irekia izan da marinel oriotar askorentzat; baita herritarren ihesbide ere, inoiz.
Non hasten da Aia? Non bukatzen Orio?
Non daude Aia eta Orioren arteko mugak zehazki? Non, mugarriak? Ibaia eta errioa, eta errioa eta itsasoa, bata non bukatu eta bestea non hasten den esaten zaila den bezala, Aia eta Orioren arteko mugak ere lausoak dira leku batzuetan, errioko lanbroak ezabatu egiten ditu.
Azken urteotan Bidasoa ibaia azken muga bihurtu da hainbat migratzaile afrikarrentzat, Iparraldera pasatzeko ahaleginean, ibaiak irentsi ditu betiko. Orioko barran ere gertatu da hori, behin gutxienez, eta XXI. mendean izan da, poliziari ihesi zihoan gazte batek Orioko hondartzako arroketatik erriora salto egin zuen ihesi, eta ez zen inoiz beste aldera ailegatu. Azken muga bihurtu zen Oria gazte afrikarrarentzat.
Txurruka kanpalekuan zeuden mutil koskor batzuk ere eraman zituen korronteak itsasora, 1950eko urteetan; ito egin ziren, eta gero haien aldeko meza egin zen Orioko plazan. Barra lehen ere herriko arrantzale askoren hilobia izan da, nahiz eta han Karmengo Ama Birjina zegoen, arrantzaleei itsasorako eta lehorrerako gune eta une zailetan laguntza emateko.
Non dago Oribarzar alde horretan Aia eta Orio bereizten dituen muga? Azken San Nikolas eguneko bertso saioan, Unai apaizak jarritako gaian Andoni Egañak 22 kilo angula harrapatuta, ertzain batekin ari zela, esan zion, isunetik libratzeko: "Hau Oribarzar da ta, hemen Aian gaude". Baina Egañak ez zuen arrazoi, Oribarzarreko hondartza Orio da, Txurruka kanpalekua den bezala; handik gora hasten da Aia, ondoko baserriak Aiakoak dira.
Oribarzarreko istorioak
Aiak bandera bat badu arraunean irabazia. Oribarzar baserriko lau mutilek eskuratu zuten, bateletan: Modesto eta Gregorio Makazaga anaiek eta Pedro eta Juan Aizpurua anaiek. 1934an izan zen, eta kuadrilla Aia-Orio izenean aurkeztu zen. Estropada irabazita, bandera nora eraman? Mutilak, Oribarzarrekoak izanda, aiarrak ziren; baina batela, arraunak eta tradizioa, Oriokoak. Aiak irabazi zuen lehia; batela eta arraunak erosita eskuratu zuen bandera.
Baina mugak ez dira denentzat berdinak. Elizari dagokionez, baserri horiek Oriokoak dira 1942tik. Torretxo baserriko Martzelino Agirresarobe Torrotxo Laurgaingo elizan bataiatua da (1941ean jaioa). Zortzi senideen artean zazpigarrena da. Ba, azkena, Joxe, Orion bataiatu zuten. Begi-bistako arrazoiak zeuden aldaketarako. Hauxe zioen Martzelinok: "Hik ba al dakik zer zen orduan baten bat hiltzen zenean hura kajan sartuta bizkar gainean Oribarzarretik Aiako kanposanturaino eramatea?".
Bada bide estu bat Oribarzarretik San Pablo ermitaraino menditik doana. Ez horren aspaldi arte huraxe zen bakarra. Han traktorearekin zebilela amilduta hil zen Jose Aizpurua Beristain baserritarra, 1985eko azaroaren 11n, 73 urterekin. Gurutze bat dago haren oroimenez Orio eta Aiaren arteko mugatik gertu dagoen bide horretan. Handik urte gutxira hasi ziren Oribarzar Oriorekin lotzen duen errepideko obrak, 1987an. Ordura arte hango baserritar batzuk arraunean etortzen ziren Oriora, batelean.
Istripuak esanahi betea eman zion mendiaren izenari: Mendibeltz. Izen horixe du Orioko futbol zelaiak ere. Mendi horren gainera etorri ziren 1911n Getariatik hango arraun zale batzuk, handik oriotarrei Kontxan irabazia zuten bandera erakustera. "Getariarrak zer zabiltzate Oriorekin tirrian?..." galdetu zien bertso sorta batean Gaztelu bertsolariak 1930ean.
Aia-Orio tren geltokia
Mugarri bat zubiaren ondoan zegoen, estazio zaharraren ondo-ondoan, geltoki berria egiteko bota zuten arte. Literaturak askorako balio du, arazoak leuntzeko, ulertzen zailak diren gaiak hobeto aditzeko. Horixe egiten du ipuin honek: "Garai batean, Oriaren ezkerraldeko baserrietako jendeak ez zekien seguru nongoak ziren, Aiakoak edo Oriokoak. Modu bitxia asmatu zuten erabakitzeko: lasterketa egitea. Oriotik eta Aiatik aldi berean abiatuta, lasterkariek bat egiten zuten gunean ezarriko zuten mugarria. Oriokoak aldapa gora zuenez, zaldi gainean joango zen; aiarra, asto gainean. Eguna ailegatuta, itxaferoak eman zuen abiatzeko agindua. Zaldia ziztu bizian abiatu zen Orioko plazatik, baina zubia pasatuta estazio ondoko askan geratu zen ur edaten. Aiako astoa, berriz, poliki baina geratu gabe zetorren. Zaldiak, egarria aseta, abiatu nahi izan zuenerako, hantxe zen astoa, estazio ondoan".
Hori ipuina da, istorioa. Baina zer dio historiak? Oriok askotan izan ditu auziak mugako istiluengatik Aia eta Usurbilekin, eta, epai gehienak Orioren aldekoak izan dira. Hauxe da, labur esateko, erabaki ohi dutena: errio ertzak bi aldeetan Orio dira, errioaren ezkerraldean marea bizietan itsasgora ailegatu ohi den tokiraino da Orio. Horrek Oriori eman dio aukera beti hango etekin ekonomikoak oriotarrentzat izateko: arrantzan, zergetan, komertzioan, bidaiari eta abereen garraioan…
1948 eta 1952 bitartean, 24 baserri hartzen zituen lur eremua Aiatik desanexionatu eta Oriora pasatzeko zorian egon zen: Oribarzar, Orioko Gaina, Altxerrierreka, Arratolaldea eta Santioerreka. Autodeterminazio-erreferendum moduko bat egin zuten eta, gorabehera batzuk tarteko, Aiako Udalaren administraziopean segitzea erabaki zuten.
Epaiak, sentimenduak
Baina, epaiak epai, mugak lausoa izaten segitzen du gai batzuetan. Gaur egun ere badira auziak. Orain autoak aparkatzeak ekarri du eztabaida, eta zenbait kasutan, sesioa. Santio, Andatza, eta Arratolaldeko bizilagun batzuen oraingo aldarrikapena da: "Badakigu gu Aiako herritarrak garela, eta ez Oriokoak. Hala ere, mugan bizi garenez, gure errealitatea Orioko herritarren berdina da, guk bizitza Orion egiten dugu eta egunero gabiltza autoarekin gora eta behera, oro har Orioko zerbitzuak erabiltzen ditugulako: Ikastola, eskola, kiroldegia, erosketak, aisialdia…".
Arraunetxe Orion al dago? Batzuek diotenez, Aiak bi arraun kluben instalazioak ditu bere mugen barruan, Orioko eta Zarauzko klubenak. Hala al da? Hala omen da.
Gero Motondoko padura zabala dator. Garai batean olidentarrak alan pasatzen ziren Ortzaikatik Motondora, hango beren lurrak lantzera. XX. mendeko azken hamarkadetan oso eremu erakargarria izan da Motondo ekimen askotarako. Betelanak egitera ere iritsi ziren batzuk. Kanpina jarri nahi izan dute, industrialdea, arraun pista olinpikoa eta kirolarientzako urbanizazioa… Borroka politiko-soziala izan zen; ekologistak nagusitu ziren eta haiek lortu zuten padura bere horretan uztea, beste interbentziorik gabe. Gaur egun, herriko lekurik lasaienetakoa da.
Gertu, Donpernas izeneko portutxo bat dago putzu izkinan. Don Pernandoren nasa omen zen, Don Pedrorena zela dioenik ere bada. Nor ote zen Don hura? Izango zen norbait hura ere. Goraxeago, muga Oriok Aiarekin eta Aginagarekin egiten duen eremuan, errio ertzeko tokirik berezienetakoa dago trenbidearen azpitik sartuta: errioaren ezkutuko leku misteriotsua. Ontzi zaharren hilerria da, Orioko arrantzale askoren ontzien pausalekua. Toki ederra da, eta baketsua. Handik trena pasatzen da, arraun ontziak ere bai, baina ez da inor gelditzen. Han natura nagusitzen zaio kulturari; eta muga eremua izanagatik, han ez dago arazorik, ez iskanbilarik ez gatazkarik. Orioko mapa topografikoaren arabera, Olaberrietako portua da.
Errioaren beste aldean, gertu, Saikola dago, Sariko ola, Orio Aginagatik bereizten duen auzoa. Baina hori hurrengo KARAKARArako utziko dugu.